Ferra-saguzar mediterraneoa
Rhinolophus euryale

Ferra-saguzar mediterraneoa tamaina ertaineko saguzar errinolofoa da. Mediterranear izaera duen espeziea izan arren, Euskal Herri guztian aurki daiteke, eta kolonia asko kostatik oso gertu detektatu dira. Ferra-saguzar handia (Rhinolophus ferrunequinum) eta ferra-saguzar txikiaren (R. hipposideros) antzeko morfologia duen arren, bi hauen tarteko tamaina du, eta badira espeziea identifikatzen laguntzen duten zenbait ezaugarri. Iberiar penintsulan ferra-saguzar ertainarekin (R. mehelyi) erraz nahas daiteke.

Rhinolophus euryale

Phyluma
Chordata
Klasea
Mammalia
Ordena
Chiroptera
Familia
Rhinolophidae
Deskribatzailea
Blasius (1853)
Estatusa
nt

Deskribapena

Tamaina ertaineko saguzarra da, esan bezala. Besaurrearen luzeera 44 eta 50,5 mm bitartean mugitu ohi da, eta pisuaren heina 7,2 eta 16 g bitartekoa da. Bi sexuetako aleen tamaina bera da. Kolorazioa eta morfologia gainerako generokideen oso antzekoa da, baina sudur aldeko egituren bitartez bereiz daiteke. Zelaren ertzak zuzenak dira, eta honen goialdeko prozesu konektiboa altua eta puntazorrotza, behealdekoa baino luzeagoa. Sudur-orriaren ertzak zuzenak eta apur bat ahurrak dira, puntara hurbildu ahala estutzen direnak, traingelu ekilatero baten antza hartuz.

Laugarren hatzeko lehen falangea, bigarrenaren luzeraren erdia baino txikiagoa da. Buztana tibiarekiko erlatiboki motza da, eta uropatagioa ez da ia tibietatik haratago luzatzen. Ondorioz, uropatagioak karratu forma du. Hortz-formula 1.1.2.3/2.1.3.3 da, eta goiko lehen premolarra, txikia izan arren, kanpoalderantz desplazaturik dago, eta kaninoa eta bigarren premolarra banatzen ditu.

Morfologikoki gainerako generokideen oso antzekoa den arren, besaurrearen luzera-neurriak ferra-saguzar ertainarenarekin soilik gainjartzen dira. 

Antzeko espezieak

Ferra-saguzar ertaina (Rhinolophus mehelyi)

Rhinolophus mehelyi handixeagoa izan ohi da, eta sudur-egituran zenbait ezberdinstasun nabarmentzen dira. Sudur-orriaren goiko erpina zorrotzagoa eta ertzak ahurrak beharrean ganbilak dira R. mehelyiren kasuan. Prozesu konektiboa apur bat motzagoa da eta begien inguruan ile beltzez osaturiko antifaza izaten du. Ferra-saguzar ertaina, Iberiar penintsulako hainbat lekutan aurki daitekeen arren, ez dago Euskal Herrian.

Ekokokapena

20-30 ms-ko luzera duten frekuentzia konstanteko ekokokapen-pultsuak emititzen ditu, 104-109 kHz bitarteko energia maximoko frekuentziarekin (Dietz et al. 2009). Karaktere morfologikoekin gertatu bezala, ekokokapen-pultsuak ere ferra-saguzar ertainarekin nahas daitezke.

Banaketa

Mediterraneo itsasoaren inguruko zonalde guztian dagoen saguzar-espeziea da. Iberiar penintsulatik Iran iparralderaino hedatzen da, eta iparraldeko muga Alemania eta Polonia hegoaldean du. Afrikan, berriz, Maroko, Algeria eta Tunisiako iparraldean agertzen da.

Iberiar penintsulako lurralde ia guztian aurkitu dira koloniak, nahiz eta sekula aurkitu ez den gune handiak badauden, Portugal hegoaldea, esaterako. Euskal Herrian banaketa mugatua du, eta gainerako errinolofidoak baino urriagoa da. Klima atlantiarreko guneetan haranen behealdeak hautatzen ditu eta kolonia gehienak kostaldeko lurralde baxuetan lokalizatu dira (Aihartza 2001). Hala ere, badira koloniak Araban, Nafarroan eta Iparraldean ere.

Rhinolophus euryale Rhinolophus euryale

Habitata

Bizimodua leizeetara mugatuen duen espezietariko bat da. Hala ere, kobazuloez gain, era guztietako lurrazpiko zuloak erabiltzen ditu koloniak ezartzeko, izan upategi, meategi edo tunelak (Krapp 2001). Gordelekuaren inguruan landaredi natural minimoa beharrezkoa dute, zuhaiska edo zuhaitzak, batez ere. 

Izaera mediterraneoa duen arren, klima nahiko hotzak jasateko gai den animalia da, eta itsas mailatik 1.000 metroraino aurkitu dira kumatze-koloniak. Ale ez-ugaltzaileak mendiguneetako leizeetan ikustea ohikoa da, aipaturiko altuera baino gorago.



Habitat bereko espezie gehiago

Troglodytes troglodytes
Mustela nivalis
Lepus europaeus
Alauda arvensis
Crocidura russula
Otus scops
Athene noctua
Dendrocopos minor
Accipiter gentilis
Colias croceus
Rhinolophus hipposideros
Crocidura suaveolens
Aglais urticae
Prunella modularis
Luscinia megarhynchos
Jynx torquilla
Dendrocopos major
Mus musculus
Sorex coronatus
Turdus merula
Micromys minutus
Mustela erminea
Cyanistes caeruleus
Rhinolophus ferrumequinum
Turdus philomelos
Microtus gerbei
Strix aluco
Picus sharpei
Myodes glareolus
Microtus cabrerae
Microtus duodecimcostatus
Microtus lusitanicus
Tyto alba


Elikadura

Landaredi dentsodun inguruneetan ehizatzeko gai da eta airean esekiduran manten daiteke harrapakinak lokalizatu bitartean. Ehiza, normalean, sastrakadi eta zuhaiskadidun paisaia zatikatuetan egiten du (Aihartza et al. 2003, Russo et al. 2004, Goiti et al. 2006), eta harrapakinak hawking zein gleaning tekniken bitartez harrapa ditzake. Ehiza-eremuak ez dira 10 km baino handiagoak izaten eta balio maximoak kumatze garaian ematen dira. 

Sits txikiak, euliak eta kakalardo txikiak jaten ditu batez ere, nahiz eta lepidoptero gautarrak diren dietaren gehiengo handia osatzen dutenak, % 90etik gora (Goiti et al. 2004).

Ugalketa eta ontogenia

Araldia udazkenean ematen da, normalean kumaldia jazotzen den gordelekua ez den beste guneren batean. Zenbait kasutan harenen presentzia detektatu da, eta litekeena da ugalketarako sistema sozial ohikoa izatea.

Kumatze-koloniak martxoa erdialdean hasten dira sortzen eta etorrera nahiko bat-batekoa izan ohi da, bi asteren buruan koloniak ezarrita geldituz. Batzuk hibernazio-guneetatik zuzenean joaten dira; beste batzuek, ordea, beste gordeleku batzuk erabiltzen dituzte kumatze-koloniarekin bildu aurretik. Kolonia hauek ekaina erdialdera arte irauten dute. Bitarte horretan, ferra-saguzar mediterraneoek beste hainbat espezierekin partekatzen dituzte gordelekuak, talde dentsoak osatuz. Espezie ohikoenak bere generokideak, saguzar arratoi-belarri ertaina (Myotis blythii) eta Geoffroy saguzarra (Myotis emarginatus) izaten dira (Dietz et al. 2009).

Kume jaioberriek 3-4 gramo pisatzen dituzte eta 4-5 asteren buruan hasten dira lehen hegaldiak egiten. Heldutasun sexuala, aldiz, 2-3 urterekin lortzen dute emeek (Krapp 2001, Dietz et al. 2009).

Bizimodua

Kumatze garaian batez ere espezie gregarioa da. Kumatze-koloniatan dozenaka gutxi batzuetatik 600 alerainoko taldeak bildu daitezke. Animalia sedentarioa da, eta kolonia batek urtean zehar erabiltzen dituen gordelekuen arteko distantzia kilometro gutxi batzuetakoa izan ohi da, normalean. Ezagutzen dira, hala ere, 100 km-rainoko mugimendu ezohikoak. 

Hibernazioa ere lurpeko gordelekuetan egiten dute eta koloniak kumatze-kolonien antzeko tamaina izaten dute. Gordeleku erlatiboki epelak hautatzen dituzte, 7 eta 15ºC bitartekoak.

Kontserbazioa

Nazioartean ia zaurgarritzat katalogaturik du IUCN erakundeak, eta espainiar estatuan zaurgarri gisa kontsideraturiko espeziea da. Iberiar penintsulan 30.000 eta 35.000 ale izan daitezkeela estimatu da. Datu zehatzik ez dagoen arren, azken hamarkadetan populazioen beherakada gertatzen ari dela dirudi. Arrisku-faktore nagusiak gordeleku kopuruaren gutxitzea, hibernazio-guneetako gizakiak eragindako trabak eta habitataren galera dira.

Esteka interesgarriak


Erlazionaturiko artikuluak

Kobazuloak, saguzarren babesleku

Lide Jimenez | 2013ko otsaila

Euskal Herriko saguzarrak: itzal hegodunak

Antton Alberdi | 2012ko apirila

Bibliografia


Russo D, Almenar D, Aihartza JR, Goiti U, Salsamendi E, Garin I. 2005. Habitat selection in sympatric Rhinolophus mehelyi and R. euryale (Mammalia: Chiroptera) in a rural area of southern Italy and implications for conservation. Journal of Zoology, 266: 327-332

Krapp F (ed). 2004. Handbuch der Saugetiere Europas. Aula Verlag.

Goiti U, Aihartza JR, Garin I. 2004. Diet and prey selection in the Mediterranean horseshoe bat Rhinolophus euryale (Chiroptera, Rhinolophidae) durin pre-breeding season. Mammalia, 68: 397-402

Goiti U, Aihartza JR, Almenar E, Salsamendi E, Garin I. 2006. Seasonal foraging by Rhinolophus euryale (Rhinolophidae) in an Atlantic rural landscape in northern Iberian Peninsula. Acta Chiropterologica, 8: 141-155

Dietz C, von Helversen O, Nill D. 2009. Bats of Britain, Europe & Northwest Africa. A&C Black. Londres

Aiharza JR, Garin I, Goiti U, Zabala J, Zuberogoitia I. 2003. Spring habitat selection by the Mediterranean horseshoe bat (Rhinolophus euryale) in the Urdaibai Biosphere Reserve (Basque Country). Mammalia, 67: 25-32

Aiharza JR. 2001. Quirópteros de Araba, Bizkaia y Gipuzkoa: distribución, ecología y conservación. Doktoretza-tesia, EHU. Bilbo
Egilea: Antton Alberdi | Sorrera: 2011/12/16 | Azken eguneraketa: 2013/01/26 | Bisita-kopurua: 2614 | Argazki nagusia: Milan Podany

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...