Txikoria-belarra, Sorgin-belarra edo Mando-belarra
Taraxacum officinale

Taraxacum officinale espeziea, txikoria-belarra, sorgin-belarra edo mando-belarra, asterazeoen barnean sartzen den landare belarkara da. Askok belar txar moduan hartzen duten arren, landare honen propietateak anitzak dira. Hona hemen adibide batzuk: landarearen hostoak jangarriak dira, eta entsaladan edota beste edozein barazkirekin egosita ere jan daitezke; medikuntzaren arloan dituen onurak direla eta, sendabelar gisa erabili ohi da; eta gainera, erleek asko erabiltzen duten landare espeziea da, ekoizten duen nektar kantitate handia dela eta.

Taraxacum officinale

Dibisioa
Magnoliophyta
Klasea
Magnoliopsida
Subklasea
Ordena
Asterales
Familia
Asteraceae
Deskribatzailea
Weber
Estatusa

Morfologia

Txikoria-belarra landare bizikorra eta hemikriptofitoa da. Hau da, bi urte baino gehiago bizi daitekeen landarea da, eta esan beharrekoa da, landareari urterik urtera aireko partea baino ez ziola hilko. Begiak lurpean aktibo geldituko dira, baldintza gogorrak igaro ondoren, berriro ere hazteko. Nahiko lodiera handiko sustraiz osatuta dago, batez ere, sustrai axonomorfoa (sustrai-sistemako zentrala). Ondoren, sustrai-sistema horretatik zurtoinak aterako dira. Zurtoinak ez dira oso ugariak eta ez dute altuera handirik bereganatuko ere. Ale gehienek 40-50 cm arteko altuera baino ez baitute hartuko. Horrela, landare hauen zurtoina beti egon ohi denez laburtuta, landare akaule moduan ezagutzen dira. Horrez gain, zurtoinak badu gaitasuna infloreszentzia bat duen adabetarte luzea eratzeko, eskapo edo gara moduan ezagutzen dena.

Hostoak

Hostoak zurtoinaren oinarrian dagoen erroseta basal batetik aterako dira. Hostoak sinpleak izatetik pinnatikonposatuak izatera hel daitezke, eta horrez gain, txandakatuak eta lantzeolatuak dira. Oro har, handiak dira (handienek 25 zentimetroko luzera ere har dezakete), ertz horzduna izaten dute eta oinarrian  arku itxurako lobuluak izan ohi dituzte. Esan bezala, hostoak pinnatikonposatuak dira, eta aurkezten dituzten lobuluak triangeluarrak. Gainera, hostoek erdialdean nerbio nagusia dute, oso ondo bereizten dena. Ez dute peziolorik. Eta esan beharrekoa da, batzuetan landareak hostoetan ileak eduki ditzakeela (ile oso txikiak, ia-ia mikroskopikoak izan daitezkeenak).

Loreak

Espezie honen loreak hermafroditak eta kolore horikoak dira. Horrek baimenduko du landare hau besteengandik nahiko ondo bereiztea.

Loreak kapitulu bakartietan antolatuko dira pedunkulo edo txorten luzeen bukaeran. Pendukulo edo txorten horiek zilindro itxurakoak eta barrutik hutsak dira. Kapituluak inguratzen, gainera, inbolukru-brakteak daude. Horiek kapituluaren inguruan agertzen diren braktea multzoa dira, gehienetan babes funtzioa izaten dutenak. Espezie honetan, brakteak mota horiek bi ilaratan antolatuak paratzen dira. Barruko ilarak tente egongo dira: landarea loratzen denean irekiko dira eta berriro ere itxi egingo dira fruituak heldu arte. Kanpoko braktea-ilara, ordea, braktea labur eta lantzeolatuek osatuko dute.

Bestalde, loreak kokatzen direneko errezeptakulua laua da eta ez du ezkata moduko egiturarik. Landare guztien korola (petaloek osatzen duten lore-atala) liguletan antolatuta dago, eta esan bezala, loreak horiak eta hermafroditak dira. Korolak, gainera, 20 mm inguruko luzera du eta hagin itxura duten 5 hortz txikitxotan bukatuko da. Androzeoa bost estaminek osatuko dute. Horiek nahiko antera luzeak izango dituzte eta estiloaren inguruan egongo dira kokatuta. Ginezeoa behe-obulutegi batez eta estilotik ateratzen diren bi estigma kurbatuz egongo da osatuta. Obulutegiaren gainaldean, ile moduko egitura batzuk edukiko ditu, kaliz murriztu baten funtzioa beteko dutenak.

Fruituak

Txikoria-belarraren fruitua kolore arre edota gorrixka duen akenioa da, luzeran 2-3 mm artean neurtuko dituena. Formari dagokiola, eliptikoa edo ildaskatua izan daiteke. Eta gainera, goiko aldea inguratuko duten hagin moduko egiturak ditu. Hagin horiek 10 mm inguru neurtzen dituen harizpi bat inguratzen egongo dira, puntan edo muturrean ile sorta bat edukiko duena: kardilauna edo bilanoa. Behin heldu direla, goiko brakteak ireki eta fruituak askatzen dituzte.

Banaketa

Espezie honek jatorri Eurasiarra duen arren, gaur egun nahiko zabaldua aurki dezakegu: Ipar Amerikan, Hegoafrikan, Hego Amerikan, Zelanda Berrian, Australian eta Indian. Esan beharrekoa da, leku askotan inbaditzaile modura hartzen dela.

Taraxacum officinale Taraxacum officinale

Habitatak



Habitat bereko espezie gehiago

Quercus ilex
Artea
Quercus robur
Haritz kanduduna
Cornus sanguinea
Zuhandorra
Ulmus glabra
Zumar hostozabala
Tilia cordata
Ezki hostotxikia
Cedrus atlantica
Atlaseko zedroa
Cedrus deodara
Himalaiako zedroa


Ekologia

Landare espezie hau sega-larre nitrifikatuetan, aurretiaz laborantzara bideratutako larreetan, bideen ertzetan  eta oro har, nitrifikatutako guneetan agertzen da. Beraz, nitrogenoan aberatsak diren lurretan, ahulki azidoak diren lurzoruetan eta altueran 2000 metrora arte agertu daitekeen espeziea da. Molinio-Arrhenatheretea klasearen barnean sailka daiteke, banaketa eurosiberiarra edo mediterraneoa izango duena. Klase honetan bereizgarri gisa landare hemikriptofito eta geofitoak agertzen dira, lurzoruak nahiko sakonak dira, eta hezetasun baldintzak eta mantenugaien kontzentrazioak aurretiaz egindako mozketa eta artzaintza aktibitateen araberakoa izango da.

Behar dituen baldintzei dagokiola:

  • Argia: leku oso argitsuetan hazi ohi da, nahiz eta itzaltsuak ere onartzen dituen.
  • Tenperatura: epelak behar ditu.
  • Kontinentalitatea: bitartekoa.
  • Hezetasuna: gune nahiko lehorretatik hezeetarainoko tartea.

 

Fenologia

Otsailetik maiatzera bitartean loratzen da. Eta bere agerpena udaberriaren hasieratik udaren amaierara mugatzen dela esan dezakegu.

Erabilerak

Elikadura-erabilerak

Txikoria-belarraren hostoak, bai gordinik eta bai sukaldatuak, entsaladetan erabiliak dira, nahiko zapore mingotsa badaukate ere. Badaude, ordea, zapore mingots hori ahultzeko zenbait metodo. Horien artean bat izan daiteke, hostoak “zuritzea”, hauek denbora batean iluntasunean mantenduz, adibidez. Guzti hori albo batera, landare espezie honen hostoak nahiko nutritiboak eta energetikoak direla esan beharrekoa da. Esaterako, beste barazki batzuek baino A bitamina, C bitamina eta burdin kantitate altuagoa dutelako.

Hostoak erabiltzeaz gain, batzuetan landareen sustraiak ere erabiltzen dira, “belar-garagardoei” usaina emateko. Horrez gain, bi urte dituzten landareen sustraiak, udazkenean hartutakoak eta txigortuak, kafearen ordezko oso ona izan ahal dira.

Azkenik, loreak infusioak egiteko erabil daitezke.

Erabilerak medikuntzan

Landare honek propietate arazgarriak ditu, eta organismoa elementu toxikoz garbitzeko balio du. Gorputzeko organo askotan eduki dezake eragina, hala nola, giltzurrunetan edota gibelean. Idorreriaren aurkako tresna moduan ere erabilia izan da askotan, eta alkoholak uzten duen erresakarekiko ona dela ere ikusi izan da. Horrez gain, bere erabilera topikoak azalen suerta daitezkeen akne arazok edota urtikaria sendatzeko balio du.

Aurrekoak landare espezie horrek medikuntzan dituen erabileretariko batzuk baino ez dira. Izan ere, landareak dituen inulina, azido fenolikoen edota gatz mineralen kontzentrazio altuek beste hainbat gaitz sendatzeko ere balio dute. 

Medikuntza herrikoian landare honen erabilera dela eta, Taraxoterapia delako bati buruz hitz egiten hasi da. Aurretiaz esan bezala, medikuntzan erabiltzen diren konposizio eta errezetak egiteko balio baitu.

Azkenik, landare espezie honen printzipio aktiboak infusioen bidez hartzen dira. Batez ere, elikadura arazoekin zerikusia duten arazoak konpontzeko.

 

Espezieen arteko elkarrekintzak

Esan bezala, Molinio-Arrhenatheretea klasean agertzen den espeziea da. Ondorioz, honako espezieekin agertu ohi da: Achillea millefolium susp. millefolium, Agrostis capillaris, Agrostis castellana, Ajuga reptans, Alopecurus pratensis, Bellis perennis, Briza media, Centaurea nigra, Cerastium fontanum, Colchicum autumnale, Cynosurus cristatus, Dactylis glomerata, Gaudinia fragilis, Holcus lanatus, Hypochoeris radicata, Leontodon hispidus, Leucanthemum vulgare, Linum bienne, Lotus corniculatus, Plantago lanceolata, Poa pratensis, Prunella vulgaris, Rumex acetosa, Stellaria graminea, Trifolium pratense eta Trifolium repens.

Kontserbazioa

Espezie honek ez du kontserbazio berezirik behar.

Esteka interesgarriak

Egilea: | Sorrera: 2013/11/30 | Azken eguneraketa: 2013/11/30 | Bisita-kopurua: 1726 | Argazki nagusia: www.tidygardens.eu

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...