Martin arrantzalea
Alcedo atthis

Martin arrantzalea ekosistemen egoeraren adierazle ezin hobea da. Izan ere, hegazti honek toxizitatearekiko sentikorrak diren uretako animali txikiak jaten ditu. Hori dela eta, uraren kalitatea txarra denean, harrapakinen populazioen jaitsiera ematen da, animalia beste leku bat bilatzera behartuz. Beraz, martin arrantzaleen populazio handiak dauden lekuek, ur kalitate ona izango dute.

Alcedo atthis

Phyluma
Chordata
Klasea
Hegaztiak
Ordena
Coraciiformes
Familia
Alcedinidae
Deskribatzailea
Linnaeus, 1758
Estatusa
lc

Deskribapena

Martin arrantzalea 17-19,5 cm inguruko hegaztia da eta bere lumaje koloretsu eta iridiszente ederrak hegaztien artean ezagutzea erraz egiten du, nahiz eta euren portaera lotsatiaren ondorioz ikustea ez hain erraza izan (Mullarney et al. 1999). Hegoak, bizkarra eta burua, urdin-turkesa izaten du, distira berde metaliko batzuekin, sabelaldea eta begien azpia aldiz, marroi gorrixka (Gooders 1982) du. Eztarria, belarriak eta sudurzuloak txuriak ditu, eta hankak gorri eta txikiak. Moko luze, zorrotz eta sendoa  du, 4 cm ingurukoa eta daga itxurakoa (Gooders 1982), harrapakina harrapatu eta eusteko moldatua.  Arraren eta emearen artean desberdintasun txiki bat dago, emeak kolore marroi gorrixka izaten du mokoaren behekaldean, arrak aldiz, guztiz beltza du (Mullarney et al. 1999). Lumaje ikusgarria duen arren, inguruarekin mimetizatzeko gaitasuna handia du. Izan ere, sabelaldean duen lumaje marroiak ibai ertzetik ikustea zailtzen du eta atzetik begiratuta, hego urdinak ibaietako urarekin nahasten dira. Gazteak helduen antzekoak izan arren, lumaje berde apalagoa izaten dute. Hegazti hauen pisua 26-39 g artean izaten da.

Kantua

Maiztasun desberdineko "Tsiii" antzeko txistu motz eta errepikakorrak egiten ditu, hegan dabilenean zein geldirik dagoenean. 

 

Banaketa

Martin arrantzalea Europa, Afrika eta Asiako ibai eta lakuen inguruan bizi da, Japonia delarik ekialdeko muga eta Sahara hegoaldekoa (Gooders 1982). Banaketa eremuaren zati handi batean espezie sedentarioa da, baina zenbait gune borealetan hegoaldera emigratu behar izaten du negua pasatzera. Zenbait gune menditsutan espezie hau ez da agertzen eta ur-zozoak ordezkatzen du. Euskal Herriko populazioak sedentarioak dira (Alvarez et al. 1985) eta beraien banaketa eremua Nafarroako 1000 metroko altuerako errekastoetatik (Elosegi 1985) itsas-mailaraino (Urdaibaiko erreserban) iristen da. 

Alcedo atthis Alcedo atthis

Habitata

Batez ere, Ibai eta erreken erdi- eta behe-ibilguan agertzen da, nahiz eta Urdaibaiko erreserban mareak eragina duen guneetan ere habiak aurkitu izan diren. Ibai-ertzetako ezpondatan egindako zuloetan egiten du habia. Oro har altitude baxuetan agertzen dira, 650 m-tik behera, non ur garbi, turbulentzia gutxiko eta landaredi askoko ertzak agertzen diren. Ibai, erreka edo kanalak nahiago izaten dituzte ur-masa handiak baino (laku edo estuarioak), eta baita ere ur-gezak gaziak baino (Cramp 1985).



Habitat bereko espezie gehiago

Accipiter nisus
Cinclus cinclus
Natrix maura
Lacerta schreiberi
Mustela lutreola
Rana iberica
Luscinia megarhynchos
Coracias garrulus
Motacilla cinerea
Neomys anomalus
Trachemys scripta
Pipistrellus nathusii
Oryctolagus cuniculus
Ardea cinerea
Galemys pyrenaicus
Lutra lutra
Mustela erminea
Pipistrellus pipistrellus
Sciurus vulgaris
Myodes glareolus
Cobitis calderoni
Mus musculus
Neomys fodiens


Elikadura

Martin arrantzalearen dietaren % 60-67 arrain txikiek (batezbeste 2,3 cm) osatzen dute, besteak beste, ezkailuak (Phoxinus phoxinus), arrain hiruarantza (Gasterosteus aculeatus), errutiloa (Rutilus rutilus) edo amuarraina (Salmo trutta, Oncorhynchus mykiss). Baina artropodo txikiak ere jaten dituzte, hala nola, zenbait intsekturen larbak, adibidez txitxiburduntziak edo uretako kakalardoak.  Krustazeoek dietaren % 5-33 osatzen dute eta zenbait kasutan karramarro txikiak eta neguan zehar uretako beste zenbait animalia txiki jaten dituztela ikusi da (Fry et al. 1992).

Ibai ertzeko zuhaitzen adarretan edo egituratan jartzen dira ura zelatan, uretatik 1-2 m-tara. Harrapakina hurbiltzen ikusten dutenean berehala murgiltzen dira uretan, inoiz ez 25 cm baino gehiago, hegalak zabalik mantentzen dituzte eta begiak mintz garden berezi batek babesten dizkie. Behin harrapakina harrapatuta, berriro itzultzen dira hegan jarrita zeuden lekura (Mullarney et al. 1999). Harrapakina isatsetik heltzen dute eta adar edo egituraren baten kontra kolpatzen dute, tontotuz edo hilez. Hau garrantzitsua da bereziki arantzadun arrainak harrapatzen dituztenean, jatean ez trabatzeko. Gainera, arraina jan ondoren  liseritu ezin dituzten hezurrez osatutako bolatxo bat botatzen dute (Fry et al. 1992). Zelatatzeko leku egokirik egon ezean, uraren inguruan bueltaka ibiltzen dira, gustoko harrapakinak agertu arte (Mullarney et al. 1999).  

Ugalketa eta ontogenia

Ugalketa-garaia apirilan hasi eta batzuetan urrira arte irauten du. Gorteiuari hasiera emateko arrek emeak jarraitzen dituzte zuhaitz artetik ozen txistu eginez, ondoren elikatzeko errituak eta azkenik estalketa gertatzen da (Snow & Perrins 1998). Sasoi bakoitzeko bi kumaldi izaten dituzte, lehenengoa apirilean eta bigarrena uztailean, gutxitan izaten dute hirugarren bat, baina izatekotan urri hasieran izaten da (Snow & Perrin 1998).

 

Habia ibaiertzeko ezpondetako zuhaitzen sustraien artean horizontalki eginiko tunela izaten da, 5 cm-ko diametrokoa izaten du eta arraren eta emearen artean zulatzen dute, zeinak bukaeran kamara zabalagoa bat izaten du, 10-12 cm-koa (Snow & Perrin 1998). Kumaldiko 6-7 arrautza txurixka jartzen dituzte lur biluzian, baina arrainen hezurrak ahora berriro ekarrita zenbait egunez, arrautzak lur-biluzitik babesteko geruza sortzen dute, tunel barruko kamararen lurrean (Coward 1930). Bi gurasoek inkubatzen dituzte arrautzak 19-21 egunetan zehar (Fry et al. 1992) eta 23-27 egun ondoren lumaztatzen dira gazteak.  Egun horiek pasa arte tunelaren sarreran egoten dira gurasoek ekartzen dieten janariaren zain (Fry et al. 1992). 

Bizimodua

Martin arrantzalea animalia lurraldekoia da, izan ere, egunean bere pisuaren % 60a jan behar izaten du eta horretarako oso garrantzitsua da ibai ertz egoki baten kontrola izatea. Urte ia osoan zehar  bakartiak dira, eremu nahiko zabalak hartuz. Udazkenean bakoitzak bere lurraldea mantentzen du, 1-3,5 km izan dezaketenak, eta ez dira besteetara pasatzen udaberria iritsi arte (Fry et al. 1992). Beste martin arrantzaleren bat sartzen bada lurraldean, bi hegaztien artean borrokak gertatu daitezke, zeinetan arrantzatzera doazenean batak bestearen mokoa ur azpian mantentzen saiatuko dira. 

Espezieen arteko elkarrekintzak

Martin arrantzaleak zenbait harrapari ditu heldua denean. Hala ere, bazka-sarearen goialdean daudenez sentikorragoak dira biometaketarekiko, kutsatzaileen kontzentrazioa handitu egiten baita sarean gora. Sugeek edo lurreko beste zenbait harraparik txitak harrapatu ditzakete, baina hegazti hauek nahiko oldarkorrak dira eta txitak defendatzen dituzte harraparien aurrean.

Kontserbazioa

Europan 160 000-320 000 ale daudela estimatu da eta orain arte ez da  UICNko zerrenda gorrian arrisku larriko mailara iritsi. Hala eta guztiz ere, azken mendearen erdialdetik hona ibilguaren erdi eta behe mailetako kutsadura altuak Euskal Herrian eta baita Europan ere, populazioren gainbehera ekarri du (Cramp 1985). Gainera, ubideetan eginiko lanek, hala nola, azpiegitura hidraulikoek, dragatzeek, ur-bideratzeek edo eskoilerek  habien suntsitzea ekartzen dute eta beraz, belaunaldi berrien populazioa murrizten dute. Beraz, habia-lekuetan mota honetako lanak saihestu beharko litezke.

Esteka interesgarriak


Bibliografia


Fry, C.H., Fry, K., Harris, A.. 1992. Kingfishers, Bee-eaters and Rollers. Christopher Helm/A & C Black. London

Coward, T.A.. 1930. Birds of the British Isles and their egg, 3 volumes.

Snow D.W., Perrins C.M.. 1998. The birds of Western Paleartic: concise editions. Oxford University Press. Oxford

Cramp, S. 1985. Handbook of the Birds of Europe, the Middle East and North Africa. The Birds of the Western Palearctic. Vol. IV. Oxford University Press. Oxford

Mullarney, K, Svensson, L, Zetterstrom, D, Grant, P.J. 1999. Collins Bird Guide. HarperCollins Publishers Ltd. London

Álvarez J, Bea A, Faus JM, Castien E, Mendiola I. 1985. Atlas de los Vertebrados Continentales de Álava, Vizcaya y Guipúzcoa (excepto Chiroptera). Eusko Jaurlaritza. Vitoria-Gasteiz

Elosegi J. 1985. Atlas de aves nidificantes. Caja de Ahorros de Navarra. Iruñea

Gooders J. 1982. Collins British Birds. William Collins Sons and Co Ltd. London
Egilea: | Sorrera: 2013/10/22 | Azken eguneraketa: 2014/08/20 | Bisita-kopurua: 3132 | Argazki nagusia: Adrian

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...