Eper gorria
Alectoris rufa

Eper gorria Europa hego mendebaldean agertzen den hegazti sedentarioa da, mokoa, hankak eta begiak kolore gorri deigarrikoak dituena. Taldeka ibili ohi da eta laborantza lurrak ditu gustoko.

Alectoris rufa

Phyluma
Chordata
Klasea
Hegaztiak
Ordena
Galliformes
Familia
Phasianidae
Deskribatzailea
Linnaeus, 1758
Estatusa
lc

Deskribapena

Tamaina ertaineko hegaztia da eper gorria: 33-38cm-ko luzera (12cm buztanari dagozkio) eta 50-60cm-ko hego luzera dauzka. Korona marroia da orohar baina mokotik hurbil grisa da. Gorputzaren gainaldeko lumaia marroia da eta gorputzean zehar jaitsi ahala urdin-gris bilakatzen da. Burua zuria da, begia zeharkatzen duen antifaz beltz batekin. Lepaldea beltza da erdialdean eta orbaindua bazterretan. Saihetsaldeko zeharkako lerroak nabariak dira, kolore gorria, zuria eta grisa txandakatuz. Mokoa, hankak eta begietako eraztuna gorriak izaten dira.

Orokorrean arrak handiagoak izaten dira eta espoloia izaten dute (emeetan ere ager daiteke baina txikiagoa izaten da). Horrez gain, moko, begi eta hanketako kolore gorria ere biziagoa da arren kasuan. Gainera, lumaian ere ikusi dira ezberdintasunak adinaren arabera (Perez 2007). Txitek kolorazio kriptikoagoa izan ohi dute, arreagoa, eta adinean aurrera joan ahala kontraste handiagoko lumaia garatzen dute (faunaiberica.org).

Kantua

Neguan zehar goizean eta ilunabarrean bereizgarria den kantua egiten du eper gorriak, baina batez ere taldea bereiztean aritzen da kantuan, baita emea arra erakartzeko ere (faunaiberica.org).

Banaketa

Europa hego mendebaldean agertzen da: Erresuma Batuan, Frantzian, Italia iparraldean eta mendebaldean eta Iberiar Penintsula osoan, isurialde kantauriarrean izan ezik. Ingalaterran, Azoreetan, Madeiran eta Kanariar Irletan barneraketak egin dira (faunaiberica.org).

 

Alectoris rufa Alectoris rufa

Habitata

Habitat ezberdinetan aurki daitekeen arren, orohar altitude baxuetako gune arrokatsuetan eta laborantza lurretan agertzen da, neguko zerealen eta lekadunen landaketak egiten diren lekuetan. Itsas-mailatik 2.500m-rainoko altitudean ager daiteke (faunaiberica.org).


Elikadura

Eper gorria hegazti omniboroa da; landareez eta intsektuez elikatzen da, baina bere bizitzan zehar, elikagaiekiko lehentasuna aldatzen joaten da. Jaiotzetik astebetera, bere dietaren %66a ornogabeei dagokie eta %33a hazi eta loreei. Bi astetara, ordea, haziek eta loreek hartzen dute garrantzia (%66) eta ornogabeek gutxiago (%33). Hiru astetara, jada helduak direnean, batez ere landareen zatiez elikatzen dira (haziak, fruituak, hostoak, sustraiak eta loreak %97an) eta oso neurri txikian intsektu eta likenez. Elikadura elikagaien eskuragarritasunaren araberakoa da eta hau aldi berean, klimaren eta habitataren baldintzen araberako da (faunaiberica.org).

Ugalketa eta ontogenia

Urtarrilatik aurrera arrak araldian sartzen dira eta errutea apirila bukaera eta maitza bitartean ematen da. Arrak hainbat habi prestatzen ditu lurrean landarediaren artean, luma eta belarrekin ezkutatuta. Emeak bat aukeratzen du eta bertan 9-18 arrautza erruten ditu. Hauek eliptikoak, leunak, distiratsuak eta zuri-horiskak izaten dira, orban beltzekin askotan. Arrautzak 36 orduko tartearekin ezartzen ditu eta 23,5 egunez inkubatzen ditu. Emeak bi errute egiten baditu habi ezberdinetan, arra izango da bigarren errutea inkubatzeaz arduratuko dena. Jaiotako txitek 20 bat gramo pisatzen dituzte eta nidifugoak direnez (nahiko garatuta jaiotzen dira), habia oso azkar uzten dute (faunaiberica.org).

Bizimodua

Taldeka bizi ohi dira eta populazioak 16-25 indibiduo inguru dituenean egoera onean dagoela esan liteke. Lurralde txikia hartzen dute, 500m2 ingurukoa; izan ere, espezie sedentarioa da eta ez da askorik mugitzen elikagai bila.

Taldea banatzean indibiduo guztiek norabide berean egiten dute hegan. Orohar leku irekietan egiten dute lo eta aktibitatea altua denean, ilunabarrean eta goizaldean, oinez mugitzen dira elikagai bila, bakarren bat zelatan dagoen bitartean. Putzuetatik edaten dute eta ihintzako ura ere aprobetxatzen dute. Eguerdian beren gorputza garbitzeari ekiten ditote, lumaia zainduz eta hondarretan bainua hartuz (faunaiberica.org).

Espezieen arteko elkarrekintzak

Eper bikote batek urte batean errundako txiten %30-35ak baino ez du bizirauten. Heriotza-tasa altu honen eragile nagusia ehiza den arren (%40), neguko klimak (%10), pestizidek (%5) eta harrapariek (%10) ere eragin handia dute, besteak beste, muxarrak, saguak, sugeak, muskerrak, arranoak eta azeriak (faunaiberica.org).

Kontserbazioa

Egun 2.000.000-4.000.000 bikote daudela estimatzen da (BirdLife International 2004), baina populazioen beherakada ematen ari da, zenbait arrazoirengatik: habitataren suntsipena (azpiegituren eta laborantza intentsiboaren ondorioz ematen ari dena), ehiza eta barneratutako A.graeca eta A.chucar­­-ekin ematen den konpetentzia eta hibridazioa (BirdLife International 2004). Hori dela eta, komenigarria litzateke populazioen jarraipen bat egitea eta laborantza intentsiboaren eta ehizaren kontrol bat eramatea (iucnredlist.org).

Esteka interesgarriak


Bibliografia


Lorenzo Pérez. 2007. Señales fiables en la perdiz roja (Alectoris rufa): condición física, testosterona y carotenoides.

. . The IUCN Red List of Threatened Species. Rana iberica. www.iucnredlist.org (2012/01/17)

. . Fauna Ibérica. http://www.faunaiberica.org (2012/11/01)
Egilea: | Sorrera: 2014/02/04 | Azken eguneraketa: 2014/08/20 | Bisita-kopurua: 926 | Argazki nagusia: Juan Lacruz

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...