Suge berde-horia
Hierophis viridiflavus

Daukan kolorazio berezia dela eta du, hain zuzen ere, duen izena suge berde-horiak (Hierophis viridiflavus): atzealde edo hondo iluna, maiz berdexka, orbain horiz apaindua. EAEn, oso urria da gainontzeko sugeen ugaritasunarekin alderatuz gero eta interes bereziko espezie gisa katalogatua dago. Penintsula mailan ere arriskuan dagoen espezie gisa ezagutzen da. Honen arrazoi nagusienetariko bat urtero kotxeek harrapaturik hiltzen den banako kopuru handia da. Nahiko espezie oldarkorra da eta oso trebea eta azkarra mugimenduetan.

Hierophis viridiflavus

Phyluma
Chordata
Klasea
Reptilia
Ordena
Squamata
Familia
Colubridae
Deskribatzailea
Lacépède, 1789
Estatusa
lc

Deskribapena

Tamaina ertaineko sugea da Hierophis viridiflavus, 1.000 eta 1.500 mm artean izan ditzakeelarik burua eta uzkia bitartean. Itxura liraina du oso suge honek, lepoalde eta isatsaren itxurak eraginda batez ere. Burua txiki eta ongi definitua du, begi-nini bertikalak dituzten begi irtenekin. Gorputza ezkata leunez estalia du.

Alde dortsala beltz edo berde ilun kolorekoa izaten du eta hondo ilun honen gainean orbain horiak izaten ditu, gorputzaren aurre aldean bereziki nabarmentzen direnak. Alde bentrala eta baita albo-aldeak ere, ostera, kolore argikoak izaten ditu: horixkak, berdexkak edo zurixkak, kasuan kasu. Hau horrela izanik ere, sarritan ikusten dira kolore-patroi hau aurkeztu beharrean guztiz ilunak diren banakoak ere. Aipatzekoa da jubeniletan oso bereizgarria den kolore-patroia izaten dutela buruan: orbain ilunak aurkezten dituzte marra hori sendoz definituak, eta eratzen den irudi edo diseinua ia guztiz simetrikoa izan ohi da buruaren alde bietan. Gorputzaren gainontzekoa gris argi edo oliba kolorekoa izan ohi dute heldu izatera iritsi bitartean.

Oro har, arrak emeak baino handixeagoak izaten dira.

Banaketa

Mendebaldeko mediterranear itsasoaren eraginpean dauden europar estatu gehienetan aurki daiteke suge berde-horia: Frantzia, Espainia, Andorra, Suitza, Italia, Eslovenia eta Kroazia. Baita zenbait uhartetan ere: Malta, Korsika, Sardinia, Sizilia eta beste hainbat uharte txiki.

Iberiar penintsulari dagokionean, Gipuzkoatik hasi eta Gironara arte aurki daiteke, betiere Pirinioetan zehar. Egia esan, baina, banaketa hau ez da guztiz jarraia. Izan ere, Nafarroa eta Huesca hartzen dituen 80 km-ko (gutxi gora-behera) tarte batean zehar, orain arte behintzat, ez da suge berde-horirik behatu. Beraz, bi populazio bereiz daitezke: bata Gipuzkoa eta Nafarroa mendebaldea hartzen dituena, eta bestea, berriz, Huesca ekialdea eta Katalunian zehar hedatzen dena. Bi azpi-populazio hauen fluxua, hala ere, Frantziar Pirinioetan zehar bermatua dago.

Hierophis viridiflavus Hierophis viridiflavus

Habitata

Ingurune irekiak ditu gustuko suge honek, gune harritsuak eta sastrakadi baxua nahasten badira, hobe. Oro har, gune idor eta eguzkitsuetan oso ongi moldatzen da, baina, sastrakadi zein baso irekitan aurki daiteke: pinudiak, pagadiak, hariztiak, baso-mixtoak zein erreka bazterretako basoak. Hala ere, zelai hezeetan ere aurki daiteke inoiz. 1.500-2.000 metrotan du goi-muga suge honen banaketa esparruak.

Gune antropikoei dagokienean, Pirinioetako zenbait bailaratan geroz eta ugariagoak diren bainuetxe termaletan agertu izan da. 



Habitat bereko espezie gehiago

Lacerta schreiberi
Strix aluco
Pipistrellus nathusii
Microtus lusitanicus
Jynx torquilla
Bubo bubo
Crocidura russula
Caprimulgus europaeus


Elikadura

Helduei dagokienean, batez ere mikrougaztun (arratoiak, saguak, satitsu arrunta “Crocidura russula”, muxar grisa “Glis glis”, …), hegazti (zuhaitzetan zehar igo eta habian harrapatzen dituzte) eta bestelako narrastiez (sugegorria “Vipera aspis”, sugandilak eta muskerrak, batik bat) elikatzen dira. Gazteek, berriz, sugandilak eta matxinsalto handiak harrapatzen dituzte ia esklusiboki.

Dena den, guztiek ere, lehenik eta behin ehizakiak ahoaz eusten dituzte konstrikzioz akabatzeko, eta gero irentsi.

Ugalketa eta ontogenia

Urtero ugaltzen den suge espeziea da suge berde-horia. Udaberrian zehar arren arteko borrokak oso ohikoak izaten dira, dantza edo mugimendu sinkroniko batzuen bitartez emeak erakartzeko saiakerak izaten direlarik. Estaltze-garaia udaberrian izaten da, apirila amaiera eta maiatza hasieran. Estaltzean arrek baliatzen dituzten espermatozoideak, baina, aurreko urteko ugal-garaia amaitzean ekoizturikoak izango dira, espermatogenesia orduantxe ematen baita. Errunaldia, aldiz, uztailean izaten da. Emeek 3 eta 17 arrautza bitartean erruten dituzte harkaitz handi zein material organiko pean, non, tenperatura altuek eta hezetasunak enbriogenesia azkartuko duten. Geroz eta tamaina handiagoko emeak izan, normalean behintzat, arrautza gehiagoz erruten dira.

Arrautzek itxura luzexkara izaten dute eta kolore zuria edo horixka. Enbriogenesia eman eta gero, kumeak abuztua eta irailean zehar jaioko dira. 20 cm luze izaten dira, gutxi gora-behera, eta helduekin alderatuta, lehenago esan bezala, kolorazio ezberdina aurkezten dute. 2 urte betetzerako garatua izaten dute jada helduen kolorazioa eta 3-5 urte bitartean lortzen dute heldutasun sexuala.

Bizitza luzeko espeziea da, naturan 15 urte betetzera irits daitekeelarik.

Bizimodua

Eguzkia berotzen hasten den unetik egunaren amaieran ezkutatzen den arte aktibo mantentzen da H. viridiflavus, egunaren zatirik handiena ehizan igaroz. Oso ehiztari trebea da, eta beraz, agerian ehizatu ohi du. Bestalde, batik bat lurrean aritzen bada ere, zuhaitzetan eta harkaitzetan gora egiten oso ongi moldatzen da.

Aktibitate maila hau, baina, ez du urte osoan zehar mantentzen. Iberiar penintsulako gune heze eta erlatiboki hotzetan bizi denez, urte erdia, gutxi gora-behera, hibernatzen igarotzen du, apirila eta urria bitartean egoten delarik aktibo. Banaka edo talde txikitan hibernatzen dute, karraskari txikien zuloak zein harrizko paretak erabiliz horretarako.

Oro har, itxura zirkularreko desplazamendu edo lekualdatzeak burutzen dituzte, ordu edo egun jakinen buruan gotorlekura itzuliz. Lekualdatze hauek esparru handiagoa hartu ohi dute arren kasuan emeenean baino, eta oro har, luzeagoak izan ohi dira bi sexuetan ugal garaian zehar.

Kontserbazioa

Iberiar penintsulan aurki daitezkeen suge espezietatik urrienetarikoa da, gune zehatzetan soilik kontsidera daitekeelarik ohiko gisa. Pirinioek pairatzen duten presio turistikoa geroz eta handiagoa izanik eta batez ere, ematen diren kotxe bidezko harrapatzeak direla eta, zenbait populaziok nabarmen egin dute behera. Iberiar penintsula zein EAE mailan babesturiko espezieen zerrendan dago.

Esteka interesgarriak


Bibliografia


. . Enciclopedia virtual de los vertebrados españoles. http://www.vertebradosibericos.org (2012/10/30)

. . IUCN Red List. www.iucnredlist.org (2011/11/30)
Egilea: | Sorrera: 2013/02/14 | Azken eguneraketa: 2014/08/20 | Bisita-kopurua: 1899 | Argazki nagusia: Felix Reimann

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...