Euskal balea
Eubalaena glacialis

Misticetea subordeneko zetazeoa da, bizarrak dituzten zetazeoenekoa. Garai batean Bizkaiko golkora hurbildu ohi bazen ere, neurri gabeko arrantzak aspaldi urrundu zuen gure itsasotik. X. mendean hasi zen bale-arrantza Euskal Herrian; noiz behinka hondartzetara hurbiltzen ziren zetazeotatik ateratako etekina ikusirik, hauen arrantzari ekin zitzaion. 

Eubalaena glacialis

Phyluma
Chordata
Klasea
Mammalia
Ordena
Cetartiodactyla
Familia
Balaenidae
Deskribatzailea
(P.L.S. Müller, 1776)
Estatusa
en

Deskribapena

Aleta dortsalik gabea eta zintzurrean tolesik gabea. Aleta motz eta zabalak ditu. Burua oso handia du, luzeera guztiaren laurden bat. Baraila oso kurbatua, aurreko muturra beherantza bideraturik. Banakoka bereizi daitezke, buruan dituzten kolore argiko kailuei esker, neurri, lodiera eta kokapen aldakorrak baitituzte. Helduek kolore beltza dute eta batzuk orban zuria sabelaldean. Luzeera, 14 - 18 m. Pisua, 36 - 72 tona.

Banaketa

Garai batean  askoz banaketa zabalagoa bazuen ere, gaur egun, Ozeano Atlantikoaren mendebaldean ikus daiteke erregularki eta, oso noiz behinka, Atlantiko ekialdean. 

Habitata

Normalean kostatik hurbil kokatutako sakontasun gutxiko uretan aurkitzen dira. Urtean zehar bi ur motatan ibiltzen da: neguan haurdun dauden emeak ur subtropikaletara emigratzen dute eta, han erditzen dira; udan aldiz Atlantikoko ur hotzetara mugitzen dira, zooplanktonetan aberatsak direnez, bertan elikatzeko.


Elikadura

Udan eta udaberrian elikatzen da, Atlantiko iparraldean dabilenean. Gehien bat, kopepodoek osatzen dute bere dieta, bereziki Calanus finmarchicusek. Halere, Eufasidoak (Krilla) jaten ere ikusi izan da. Ahoa zabalduta poliki mugituz elikatzen da, ura ahoan barrena jariatzen da eta planktona bizarraren zuntzetan harrapatuta geratzen da. Beren jana ur azala eta 175 m artean eskuratzen dute. Bere elikagai diren espezie horien eskuragarritasuna aldakorra eta aurreikus ezina da; euskal balea bere grasa erreserbei esker eta distantzia handiak ibiltzeko gaitasunari esker moldatu da aldakortasun honetara.

Ugalketa eta ontogenia

Ugalketarako emeek, arrak erakartzeko deiak egiten dituzte. Emeak igeri egiten duen bitartean buelta ematen du bere alde genitala uretatik kanpo jarriz, horrela arren sarrera kontrolatzen du. Emea bi aldeetara biratzen da arnasa hartzeko eta alde banatara kokatuta dauden ar menderatzaileek momentu hau aprobetxatzen dute kopulatzen saiatzeko. Ar menderatzaileen kokapena ez da etengabekoa eta beste arrek ere hartu dezakete, horretarako aurrera bultzatzen dituzte ar menderatzaileak, buruko kailuez lagunduta. 

Bikoteak ez dira epe luzerako. 20 urteko behaketetan, eme berarekin bi ume izan dituen ar bakarra ikusi da. Ugalketa lehia espermatikoan oinarritzen da, emea ar bat baino gehiagok kopula baitezakete batera eta, horrela barrabil handienak eta zakil luzeena hautatzen baitira.

Kume bakar bat edukitzen dute, eta jaiotza Estatu Batuetako hego-ekialdeko kostatik hurbil (Georgia, Florida) izaten da, abendua eta martxoa artean. Kumeak, jaiotzean, 4,5 - 6 metroko luzeera izaten du. Urte bat betetzean gaitzetsiak dira. Urte batekin 5 - 7,5 metroko luzera dute eta bi urterekin 8,5 - 9,75ekoa. Emeek 9 urte ingururekin izaten dute lehenengo kumea. 
 

Bizimodua

3tik 40rako taldetan ibiltzen dira (4,6 batezbeste). Taldea normalean eme batez eta ar kantitate aldakorraz osatuta egoten da, eta arraroagoa da bi eme edo gehiago aurkitzea. 

Aktiboa da egunez eta gauez. Gainazaleko egonaldien batazbesteko denbora 3,19 minutukoa da eta, inmertsio aldiena 5,52 minutukoa. Itsaso zabalean 3,5 km/h abiaduraz mugitzen da. Oso bidaia luzeak behatu izan zaizkio.

Espezieen arteko elkarrekintzak

Beste balea espezie batzuekin, arrainekin edo balea marrazoarekin lehia izan dezakeela proposatu izan da baina ez dago egiaztatzen duen daturik. 

Baleek alerta soinuei, ur azalera igeri eginez erantzuten die eta honek itsasontziekin talka egiteko arriskua handitzen du. Helduak eta kumeak orken harrapakin izan daitezke eta defendatzeko defentsa fisiko aktiboa egiten dute: banako bakartien autodefentsa, amak kumearen defentsa edo balea taldeen defentsa koordinatua.

Buruko kailuetan Cyamus generoko bizkarroiak izaten dituzte, beren azalaz elikatzen direnak. Petromyzon marinus, itsas lanproia ere ikusi izan da euskal balearen bizkarroi moduan. Hainbat protozoo eta infekzio ere aurkitu izan zaizkio.  

Kontserbazioa

Espezieak legearen babesa nazioartean 1935ean jaso zuen “Convention for the Regulation of Whealing”ean.

Gaur egun hainbat mehatxu ditu: arrantza sareekin korapilatzea, itsasontziekin talka egitea, habitataren emankortasuna, populazioen neurri txikia, kutsadura, basura irenstea, zarataren eragina baleen arteko komunikazioan...

Esteka interesgarriak


Egilea: | Sorrera: 2012/03/02 | Azken eguneraketa: 2014/08/20 | Bisita-kopurua: 3082 | Argazki nagusia: Florida Fish and Wildlife Conservation Commission

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...