Sai arrea
Gyps fulvus

Gure inguruan bizi den hegazti handi bezain ikusgarria. Handia izanagatik ere dotorezia handiz egiten du hegan, hegakadarik ia egin gabe, eta luzaroan egon daiteke bazka bila. Sarraskijale izaerak ordea etsai asko ere sortu dizkio.

Gyps fulvus

Phyluma
Chordata
Klasea
Aves
Ordena
Accipitriformes
Familia
Accipitridae
Deskribatzailea
Hablizl (1783)
Estatusa
lc

Deskribapena

Identifikatzeko erraza da sai arrea: hegazti harrapari handienetarikoa da (95-105 cm luzera, 240-280 cm hego zabalera eta 6-9 kg arteko pisua) eta hegan hegoak ia mugitu gabe egiten du; urrun egonda ere, buru eta buztan laburrak dituela igarri daiteke, eta gerturatzean arraun-luma beltzak eta estal luma arren arteko kontrastea nabaria da. Burua argia da eta lepoaren inguruan lumaz osatutako tapauka bat dauka (gazteen tapauka hori marroia da, eta helduena argia).

Sarraskijalea denez buruko eta lepoko lumak oso txikiak dira (burua gorpuetan sartzean infekzioak ekiditeko) eta oso moko gogorra du haragia erraz urratzeko. Bada, ale gazteenetan mokoa helduena baino ilunagoa da. Gainera, alde dortsaleko estal-lumen puntak nabariki apalak dira helduetan.

Antzeko espezieak

Sai beltza (Aegypius monachus)

Espezie hau ez da ohikoa Euskal Herrian, baina Nafarroa hegoaldean tarteka ikusi ahal izan da. Edonola, sai beltza hegan dagoenean burua luzeagoa eta hegalak zabalagoak dauzkalako identifika daiteke. Gainera, lumajea guztiz beltza dauka.


Arrano beltza (Aquila chrysaetos)
Aquila chrysaetos

Gertutik oso erraz bereizi daitezke, baina baliteke urrunean nahastea. Arrano beltzak burua eta lepoa luze eta sendoak ditu, eta buztana ere luzeagoa da. Gainera, arrano beltzak hegaldi azkarragoak egiten ditu, hegakada gehiagorekin.

Kantua

Gainontzeko saiak bezala, sai arrea ere nahiko isila da. Halere, janariengatik edo lo-lekuengatik lehiatzen direnean ufadak eta eztarri-soinuak egiten dituzte.

Banaketa

Sai arrea batez ere mediterraneo itsasoaren inguruan bizi da: Europa hegoaldean eta Afrika iparraldean. Halaber, Afrika hegoaldean eta ekialde hurbilean ere bizi da. Ordea, Iberiar penintsulan eta Grezian da ohikoen. Lekuotan mendialdeak hobesten ditu, kareharriak dauden mendiak batez ere. Gurean, Nafarroan ikus daiteke batik bat, bertan populazio handi eta egonkorrak baitaude.

Ez da espezie migratzailea, baina gazteek dispertsio bidaia luzeak egiten dituztela ikusi da.

Gyps fulvus Gyps fulvus

Habitata

Sai arreak habia 0-3500 m inguruan dauden harkaitzetako erlaitz eta zuloetan egiten du (tarteka zuhaitzetan ere) betiere gertu abereak larratzen diren zuhaitz gutxiko eremuak daudela. 10000 metrotara hegan ikusi izan dira.



Habitat bereko espezie gehiago

Plecotus macrobullaris
Aquila chrysaetos
Talpa europaea
Mustela nivalis
Bubo bubo
Myotis nattereri
Rupicapra pyrenaica
Parnassius apollo
Sus scrofa
Chionomys nivalis
Myotis myotis
Tadarida teniotis
Aegolius funereus
Pyrrhocorax pyrrhocorax
Mus musculus
Micromys minutus
Mustela erminea
Neophron percnopterus
Prunella collaris
Microtus agrestis
Sorex coronatus
Gypaetus barbatus
Pyrrhocorax graculus
Montifringilla nivalis
Hierophis viridiflavus
Microtus gerbei
Tichodroma muraria


Elikadura

Esan bezala, sai arrea espezie sarraskijalea da. Batez ere ungulatuak jaten ditu eta, hori dela eta, gurean behintzat abeltzaintza jarduerari lotuta egoten da espezie hau. Gainera zabortegietara ere gerturatzen da bazka bila.

Ugalketa eta ontogenia

Neguan gorteiu-hegaldiei ekiten diete, bikotearen lotura sendotzeko, eta urtarrila eta otsaila artean arrautza bakarra erruten dute. Arrautza hori 48-54 egunez inkubatzen dute (arrak zein emeak), eta txita jaio eta gero 110-115 egunez jaten eman behar zaio. 80-90 egun dauzkanean txita erlaitzan zehar mugitzen hasten da, baina uda bukaera arte ez da bere kabuz hegan hasteko gai izaten.

Bizimodua

Bikoteak bizi osoan irauten du. Bestalde, harkaitzetako erlaitzetan koloniak osatzen dituzte. Hainbat ornitologoren esanetan jokabide hau ezinbestekoa zaio gorpuak urratzeko, ale askoren indarra behar omen baita.

Espezieen arteko elkarrekintzak

Sarraskia jateko prozesuaren partaideetako bat besterik ez da sai arrea: sai zuriak txoko txikienetatik ere burua sartzen du eta ugatzak hezurrak jaten ditu. Gainontzekoa da sai arreak jaten duena. Bestalde, erlaitzetan lehia izugarria egoten da beste sai arreekiko bai eta ugatz eta sai zuriekiko ere.

Kontserbazioa

Europako populazioa izugarri handitu da 1990. urtea arte eta egun oso egonkor mantentzen da. Hori dela eta ez da mehatxupean kontsideratzen. Hala ere, Behi Eroen gaitzak bazkalekuen itxiera eragin zuenetik badirudi populazioa zertxobait murriztu dela. Egoera horretan, eta bizi nahiak bultzatuta, sai arreak horren ohikoak ez zituen bazka iturrietara jo eta animalia gaixoak eta ahulak ere jaten hasi zen. Horrek haserreak eragin ditu abeltzainen artean eta desadostasunak egon dira eraso horien izaeraren inguruan. Edonola, egun bazkalekuak ireki dituzte berriro ere.

Argazkiak

Sai arreak erlaitzean
Antton Alberdi ( 2013/05/26 )
Sai arrea
Antton Alberdi ( 2013/05/26 )
Sai arreak pagadian deskantsatzen
Antton Alberdi ( 2013/05/26 )
Sai arrea
Antton Alberdi ( 2012/05/23 )
Sai arrea
Antton Alberdi ( 2012/05/23 )
Sai arrea Etxauriko Haitzetan
()
Esteka interesgarriak


Egilea: | Sorrera: 2012/03/21 | Azken eguneraketa: 2013/05/31 | Bisita-kopurua: 2523 | Argazki nagusia: Garikoitz Perurena

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...