Sympetrum fonscolombii

Europa hegoaldeko burruntzirik arruntenetariko bat da honako hau eta ingurune bero eta lehor xamarretan ohikoa da. Dena den, paduratan eta lakuetan ere aurki daiteke. Euskal Herriko lurralde guztian bizi da. Arrek kolore gorria izaten dute eta emeak horixkak izan ohi dira. Espezie migratzailea da, eta udaberri amaieran iparralderantz lekualdatzen dira asko eta asko.

Sympetrum fonscolombii

Phyluma
Arthropoda
Klasea
Insecta
Ordena
Odonata
Familia
Libellulidae
Deskribatzailea
Selys (1840)
Estatusa
lc

Deskribapena

Sympetrum generoko espezieen artean handienetariko bat da honakoa. 33-40 mm bitarteko luzera izan ohi du, eta hego-zabalera 50-60 mm arteakoa izan ohi da. Arrek kolore gorria izan ohi dute eta emeak hori-grisaxkak izan ohi dira. Abdomeneko segmentuen alboetan marra beltzak izaten dituzte eta S8 eta S9 segmentuetan orban beltzak izan ohi dituzte goialdean. Begien goialdea morea da eta behealdea urdinxka. Identifikaziorako lagungarri dira, aipaturikoaz gain, atzeko hegoen oinarriko kolore horixka eta nerbio beltzez inguraturiko kolore argiko pterostigma. Hankak kolore ilunekoak dira.

Antzeko espezieak

Sympetrum sanguineum

Atzeko hegoen oinarriko orban horixka askoz ere txikiagoa da S. sanguineumen, eta abdomenaren oinarria estuagoa da.


Sympetrum flaveolum

Atzeko hegoen oinarriko orban horixka handiagoa da S. flaveolum, eta nerbioak eta pterostigma ilunagoak dira. Abdomenaren azpialdea iluna da eta, batez ere emeek, etenik gabeko marra beltza izaten dute abdomenaren alboetan. Ez da horren arrunta Euskal Herrian.


Crocothemis erythraea

Gorputzak, hegoek eta begiek antzeko kolorazioa izan arren, C. erythraearen abdomena askoz ere lodiagoa da eta ez du orban beltzik izaten. Bestalde, hankak ere gorriak dira. C. erythraea emeek ez dituzte arrautzak tandem egituran jartzen.

Banaketa

Eurasia hegoaldean oso hedaturik dagoen espeziea da, Iberiar Penintsulatik Indiaraino. Atlantikoko eta Mediterraneoko hainbat irlatan ere bizi da, eta Afrika ipar-mendebaldean ere aurki daiteke. Europa hegoaldean iparraldean baino arruntagoa eta ugariagoa da, baina espeziea Eskozian eta Suedian ere aurkitu izan da. Badirudi, gainera, urteak joan eta urteak etorri iparralderantz hedatzen ari dela.

Euskal Herriko lurralde guztian aurki daiteke,  itsas bazterreko paduretatik Bardeetako urmaeletaraino. 

Sympetrum fonscolombii Sympetrum fonscolombii

Habitata

Askotariko inguruneetan bizi den espeziea da,  eta horren adibide da Euskal Herri osoan aurkitu ahal izatea. 



Habitat bereko espezie gehiago

Bufo bufo
Lissotriton helveticus
Rana dalmatina
Triturus marmoratus
Mustela lutreola
Rana iberica
Epidalea calamita
Rana temporaria


Ugalketa eta ontogenia

Espezie honek generazio bat baino gehiago sor ditzake urtean, hein handi batean arrautzen eta larben garapena oso azkarra delako, hilabete gutxi batzutakoa. Lehen belaunaldia udaberrian jaiotzen da, eta bigarrena uda erdialdean. Ugaltzeko tandem egitura osatzen du bikoteak eta emeak ur irekietan ezartzen ditu arrautzak, eta arrautzak itsasoan jartzen ere ikusi da espezie hau.

Bizimodua

Mediterraneo inguruko eremuetan urte guztian ikus daitezke hegan –Neguan arraroagoak diren arren–, baina ingurune freskoagoetan udan besterik ez dira ikusten. Iparralderanzko migrazioa Maiatza amaieran hasi ohi da.

Arrak oso lurraldekoiak dira, eta euren eremua zaintza-hegaldiekin defendatzen dute. 

Kontserbazioa

IUCN erakundearen arabera kontserbazio-arriskurik ez duen espeziea da. Euskal Herriko espezie mehatxatuen katalogoetan sailkatu gabeko espeziea da.

Esteka interesgarriak


Egilea: Antton Alberdi | Sorrera: 2012/05/08 | Azken eguneraketa: 2014/08/21 | Bisita-kopurua: 1978 | Argazki nagusia: Antton Alberdi

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...