Astigar arrunta
Acer campestre

Euskal Herriko astigarrik arruntena dugu hau, Europa osoan zehar banatuta dagoena. Udazkenean bueltaka erortzen zaizkien hazi xelebreengatik dira agian ezagun astigarrak eta gure mendietan nahiz herri inguruetan topa ditzakegu mota honetakoak.

Acer campestre

Dibisioa
Magnoliophyta
Klasea
Magnoliopsida
Subklasea
Ordena
Sapindales
Familia
Aceraceae
Deskribatzailea
Linnaeus, 1758
Estatusa
ne

Morfologia

Zuhaitz hostoerorkorra dugu astigarra, gris edo gaztain koloreko enbor-azala duena. Enbor azal honek kortxo itxura izaten du hasieran baina zartatzen joaten da urteek aurrera egin ahala, itxura ezkatatsua hartuz. Adakera borobildua da, adarkadura sendokoa, eta zuhaitzak 15 metrorainoko luzera har dezake eta enborrak asko jota 6 metroko diametroa dauka.

Hostoak

3-5 lobulu desberdineko hostoak ditu, 4-8 cm-koak. Gainaldetik glaukoak dira eta azpialdetik zertxobait tomentosoak. Ertz osoa dute, apur bat kiribildua, eta 8-10 cm-ko pezioloa, latexa duena bere baitan.

Loreak

Kolore hori-berdeko loreak ditu, adar-bukarako korinbo motako infloreszentziatan taldekatzen direnak. Korinbo hauek tenteak izaten dira eta pedizelo luzeak dituzte. Loreak hermafroditak eta aktinomorfoak dira. Kalizak 4-5 sepalo ditu eta korolak 4-5 petalo. 8 estamin dituzte, kanpo-ertzean edo nekar-diskoaren gainaldean txertatuta egon daitezke.

Fruituak

Samara motako fruituak dituzte, kasu honetan bikoteka multzokatzen direnak, hegoak oposatuki kokatuz. Astigar arruntaren samarak nahiko txikiak dira, 3-5 cm-koak, pubeszenteak.

Antzeko espezieak

Acer monspessulanum
Acer monspessulanum

Ihar fratsesak ez bezala, astigar arruntaren hostoek sapa ugari dute hostoetan eta samaren hegoak askoz estuagoak dira.

Banaketa

Astigar arruntak Europan du jatorria baina egun, Argelian, Asia Txikian eta Persian ere agertzen da. Euskal Herrian oso arrunta da, bereziki iparraldean.

Acer campestre Acer campestre

Habitatak



Habitat bereko espezie gehiago

Ulmus glabra
Zumar hostozabala
Cornus sanguinea
Zuhandorra
Viburnum opulus
Gaukarra, Andorra
Tilia cordata
Ezki hostotxikia
Tilia platyphyllos
Ezki hostozabala
Betula pendula
Urki dilindaria
Alnus cordata
Haltz italiarra


Ekologia

Zonalde epeletan agertzen den zuhaitza dugu, baina hotza ere ondo jasan dezake. Itsas-mailatik 1200 metroko altitudera ager daiteke, zonalde eguzkitsuetan edo argiguneetan eta kareharrizko lurrak nahiago izaten ditu.

Fenologia

Martxotik maiatzera loratzen da eta fruituak iraila edo urrirako heltzen dira.

Erabilerak

Egurra oso erabilia da zurgintzan eta ebanisterian eta hostoak animalientzako elikagai modura erabili izan dira. Gainera, propietate astringenteak izanagatik zenbait produktu kosmetikoetan ere erabili izan da.

Esteka interesgarriak

Egilea: | Sorrera: 2012/10/20 | Azken eguneraketa: 2013/12/30 | Bisita-kopurua: 2045 | Argazki nagusia: The Wild Flower Society

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...