Azeri-mahats alpetarra
Arctostaphyllos alpinus

Zuhaixka nano hau txilardi alpetar eta borealetan hazten da eta Euskal Herrian, soilik Larra-Aztaparretako zonaldean eta Iparraldeko eskualde isolatu batzuetan aurki dezakegu. Hori dela eta, 1997. urtetik Nafarroako Espezie Mehatxatuen zerrendan 'Sentikorra' bezala sailkaturik dago.

Arctostaphyllos alpinus

Dibisioa
Magnoliophyta
Klasea
Magnoliopsida
Subklasea
Dilleniidae
Ordena
Ericales
Familia
Ericaceae
Deskribatzailea
Adans.
Estatusa
ne

Morfologia

60 cm-rainoko zurtoin herrestariak dituen landarea dugu. Bere adarrek 10 cm-ko luzera lor dezakete eta hosto eta hosto hasikin ugari izaten dituzte. Adaxkak, tenteak izan daitezke, gorri-arreak dira eta glabroak.

Hostoak

Hostoak 30 x 11 mm-ko tamaina dute, tenteak dira eta formaz obobatu-lantzeolatuak. Zertxobait horzdunak dira eta peziolo aldean 8 mm-raino estutzen dira. Erdiko nerbioa ildaskatua da eta gainontzekoak erretikulatuak. Hostoen gainaldea berdea da eta glaukoak dira azpialdean, gaztetan ziliatuak. Udazkenean belarkarak izaten dira eta martzeszenteak dira, ez baitira hurrengo urteko udaberrirarte erortzen.

Loreak

Loreak luku moduko infloreszentzietan batzen dira, bakoitzak 2-3 lore dituelarik. Loreen pedizeloak dilindariak dira eta kolore arre-gorriko braktea oso ziliatuak dituzte. Kaliza 1 mm-koa da, pieza triangeluarrak ditu, berdexkak, iraunkorrak eta ia glabroak. Korola, aldiz 4 mm ingurukoa da, globo itxurakoa, zurixka edo berdexka. Estaminen harizpiak iletsuak dira. Obario glabroa du.

Fruituak

Fruituak drupa motakoak dira eta 8 mm-rainoko diametroa lor dezakete. Itxuraz, subglobosoak dira, beltzak. Haziak 3,5 x 2 mm-koak dira.

Banaketa

Europako iparraldetik Asiako iparraldera hedatzen da, eta Europako erdi eta hegoaldeko, Groenlandiako eta Ipar Ameriketako mendi garaietan aurki daiteke.

Iberiar Penintsulan, beraz, soilik Piriniotan hazten da eta Euskal Herrian soilik Piriniotan aurki daiteke, Nafarroan, Larra-Aztaparreta inguruan, eta Ipar Euskal Herrian.

Arctostaphyllos alpinus Arctostaphyllos alpinus

Habitatak



Habitat bereko espezie gehiago

Ekologia

Eskualde alpetarretako sastrakadietan hazten da, bereziki lur hezeetan, kareharritan. 1900-2500 metrotara aurki daiteke.

Fenologia

Gure latitudean, maiatza eta uztaila bitartean loratzen da.

Erabilerak

Landaretxo honen hostoak infusioak egiteko erabil daitezke. Amerikako natiboek hosto hauek tabakoarekin batera nahasten dituzte eta nahasketa honi 'kinnikinnick' deitzen diote.

Fruituak jangarriak dira baina dosi altuetan toxikoak suerta daitezke. Zenbait kondairen arabera, Marco Polok esan zuen txinatarrek fruitu hau diuretiko modura erabiltzen zutela.

Kontserbazioa

Espezie hau 1997. urtetik dago 'Sentikorra' bezala sailkatuta, Nafarroako Espezie Mehatxatuen zerrendan. Larra-Aztaparretako eskualdera mugatuta daude azeri-mahats honen populazioak eta era berean, eskualde hau Erreserba Natural modura eta Batasunaren Garrantzizko Leku (BGL) modura babestuta dago.

Esteka interesgarriak

Egilea: | Sorrera: 2012/04/26 | Azken eguneraketa: 2014/09/08 | Bisita-kopurua: 1560 | Argazki nagusia: Hermann Schachner

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...