Armeria cantabrica ssp. vasconica

Landare hau, Armeria generoko beste landare babestu bat dugu, 'Bakana' bezala sailkaturik dagoena Nafarroan eta 'Kaltebera' bezala EAEko Zerrenda Gorrian. Toloño-Kantabria-Kodes mendietako endemismoa da eta populazio guztiak bertan aurkitzen dira, elkarrengandik 50 km baino gutxiagora.

Armeria cantabrica ssp. vasconica

Dibisioa
Magnoliophyta
Klasea
Magnoliopsida
Subklasea
Caryophyllidae
Ordena
Caryophyllales
Familia
Plumbaginaceae
Deskribatzailea
Boiss. & Reuter ex Willk. (Sennen) Uribe-Echebarría
Estatusa
ne

Morfologia

Landare iraunkorra da, haitzetan sakontzen den enbor sendoa duena eta adartxo txiki zurkarak sortzen dituena. Adartxo hauek hosto-errosetak garatzen dituzte, kuxin formakoak eta landareak itxura soropildua hartzen du. Erroseta bakoitzaren erdialdetik, hostorik gabeko zurtoin tenteak garatzen dira (eskapo deiturikoak), 10-15 cm-ko garaiera lortzen dutenak. Zurtointxo hauek iletxoak izaten dituzte eta hauen puntan, infloreszentziak garatzen dira.

Hostoak

Errosetatan multzokatutako hosto hauek oso estuak dira, 2mm-ko zabalera baino gutxiagokoak. Linearrak dira eta nerbio bakarrekoak (batzutan bi albo-nerbio).

Loreak

Infloreszentziak glomerulu motakoak dira eta gehienez 25 mm-ko diametroa lortzen dute. Loreak brakteek eratutako inbolukru baten bidez babestuta daude eta barrualdeko brakteek forma obobatu-oblongoa dute. Inbolukru hau hur kolorekoa da eta leka moduko batean amaitzen da, zurtoina inguratzen duena eta glomeruluen tamaina berdinekoa edo txikiagoa dena. Loreek inbutu formako kaliza dute eta hauen azpialdea hodi formakoa da, iletxoz estalitako sahiets nabariekin. Gainaldea orbelkara da eta 5 lobulu triangeluar ditu. Korola arrosa da, 5 petalo oblongo ditu, oinarritik elkarri leunki loturik daudenak. 5 estamin ditu, petalo bakoitzaren oinarrian txertatzen direnak, hauen parean. Kalizaren oinarria gogortuta egoten da eta bertan sortuko da fruitua.

Fruituak

Fruitua, ia indehiszentea, oinarrialdetik irregularki apurtzen da.

Banaketa

Oso banaketa-eremu txikia du eta Toloño-Kantabria-Kodes mendietako endemismoa da (gehienez 50 km-ko distantziara daudelarik). Obarenes mendian (Burgos), ez da populaziorik aurkitu eta hedatzekotan, espezie honek ekialdetik egingo lukela uste da. Izan ere, hegoaldeko mendiak ez dira nahikoa garaiak espezie honentzako eta trantsisiozkoetan (Entzia-Urbasa) dagoeneko genero berdineko beste taxoi bat bizi da (Armeria pubinervis subsp. orissonensis), bertako baldintza hezeagoetara hobe moldaturik dagoena.

Armeria cantabrica ssp. vasconica Armeria cantabrica ssp. vasconica

Habitatak



Habitat bereko espezie gehiago

Ekologia

Kareharrizko harkaitz bertikaletako pitzadura txikietan hazten da, beti iparralderantz orientaturik eta eskualde haizetsuetan. Landare alpetar edo subalpetarra da.

Fenologia

Ekainetik abuztura loratzen da eta fruituak udazken hasieran heltzen dira.

Kontserbazioa

Landare hau 'Bakana' bezala sailkaturik dago Nafarroan eta 'Kaltebera' bezala EAEko Espezie Mehatxatuen Zerrenda Gorrian. Landare honen katalogazioa, bere muturreko isolaketa geografikoa kontutan hartuta egin zen. Iristeko zailak diren gune harritsuetan bizi dela eta, giza jardueretatik salbu dago, beraz, bere isolaketa faktore bioklimatikoek eragindakoa dela pentsatzera garamatza.

Egilea: | Sorrera: 2012/06/06 | Azken eguneraketa: 2014/09/08 | Bisita-kopurua: 1487

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...