Aster alpinus

Europako goi-mendietako landarea dugu hau, bere izen espezifikoak (alpinus) dioen modura eta Euskal Herrian ere zenbait mendilerrotan aurki daitezke populazio txikiak. Bere itxura polita dela eta mendizale askok jaso dute urteetan zehar eta momentu honetan 'Bakana' bezala sailkaturik dago EAEko Espezie Mehatxatuen Zerrenda Gorrian.

Aster alpinus

Dibisioa
Magnoliophyta
Klasea
Magnoliopsida
Subklasea
Asteridae
Ordena
Asterales
Familia
Asteraceae
Deskribatzailea
Linnaeus (1753)
Estatusa
ne

Morfologia

Landare iraunkorra dugu, 5-20 cm-ko zurtoin tenteak garatzen dituena. Zurtoina pubeszentea edo artiletsua da. Hosto luzez osaturiko hosto-erroseta bat izaten du eta zurtoinek ez dute adarrik izaten baina bai, ordea, lantza formako zenbait hosto txandakatu.

Hostoak

Hostoak osoak dira. Oinarri aldekoak eta beheko kaulinarrak espatulatuak dira, ia eliptikoak, eta estutu egiten dira peziolo zabal bat eratuz. Erdialdeko eta goiko gostoak oblongo-lantzeolatuak dira eta ez dute peziolorik. Hosto kaulinarrak modu txandakatuan kokatzen dira zurtoinean.

Loreak

Loreak, kapitulu motako infloreszentziatan batzen dira. Kapitulu hauek 35-40 mm-ko diametroa dute eta kapitulu batarra garatzen da zurtoinen puntan. Inbolukruaren brakteak bi hilera berdinetan kokatzen dira, mutur zorrotza dute eta ertz ziliatua.

Errezeptakulua laua da edo ganbila eta honen gainean loreak kokatzen dira: kanpoaldean ligulatuak (emeak edo antzuak) kokatzen dira, more-urdin koloreko 20-40 lore; barrualdean haldiz tubularrak (hermafroditak) eta hori kolorekoak.

Fruituak

Fruitua akenio oblongo bat da, zertxobait konprimaturik egoten dena. Ilez eratutako kardilauna izaten du, bat edo bi hileratan kokatzen direnak, 6 mm-rainokoak eta hori kolorekoak.

Antzeko espezieak

Aster willkommii
Aster willkommii

Aster willkommiiren loreak kapitulu motako infloreszentziatan batzen dira. Kapitulu bakoitza tamaina oso desberdinetako bi braktea hilerek babesten dute. Barnealdeko brakteak, kanpoaldekoak baina luzeagoak dira. Gainera, Aster willkommiiren zurtoinak adarkatu egiten dira.

Banaketa

Europako goi-mendietan bizi da. Euskal Herriko zenbait kareharrizko mendilerrotan aurki daitezke populazio txikiak, batez ere Bizkaian (Mugarra, Udalaitz eta Anboto mendietan) eta Gipuzkoan (Udalaitz mendian). Arabari dagokionez, hegoaldeko mendi tontorretan populazio txiki batzuk ere badaude (Kodes, Zerbera, Palomares, Ioar, Errezil, Lahoz, San Tirso, Kostalera eta Leron mendietan). Nafarroa eta Iparraldean ere badira zenbait populazio (Orhi, Gora, Otsogorrigaina, Berrendi, Ezkaurre, Lapazarra, Bimbalet eta Larra mendietan).

Aster alpinus Aster alpinus

Habitatak



Habitat bereko espezie gehiago

Ekologia

Gailurretan, larre harritsuetan eta haitz arteketan hazten da landarea, kareharri gainean, 800-1400 metro altueran. Gutxi nitrifikatutako eremu eguzkitsuak ditu gustuko.

Fenologia

Uda betean loratzen da, ekainetik irailera bitartean, eta fruituak udazkenaren hasieran heltzen dira.

Kontserbazioa

Landare polit hau 'Bakana' bezala sailkaturik dago EAEko Espezie Mehatxatuen Zerrenda Gorrian. Arrisku faktorerik handiena oso populazio txikiak eta banako gutxi izatea da. Euskal Herri osoan populazioak aurki badaitezke ere, oso gutxi ezagutzen dira. Mendizale askok landarearen lore ederrak hartu eta lore-sorta txikiak egiten dituzte, ez dakitelako zein arriskutsua den hori landarearentzat.

Esteka interesgarriak

Egilea: | Sorrera: 2012/06/07 | Azken eguneraketa: 2014/09/08 | Bisita-kopurua: 1560 | Argazki nagusia: Fritzelblitz

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...