Ginkgo biloba

Ginkgoa, Permikoan (270 m.u.) sortu eta Kretazikoan (65 m.u.) desagertzen hasi ziren zuhaitz familia batetik biziraundako bakarra da. Biziraupen luzeko zuhaitza da eta 2.500 urte baino gehiagoko aleak aurkitu dira. Asiako ekialdean (bereziki Japonen) zuhaitz sakratu moduan gurtzen da eta, azken 3.000 urteetan zehar, tenplu eta hilerrietan landatu izan dute. Hiroshimako bonba lehertu ostean, biziraun zuen zuhaitzetako bat izateak bere kondaira areagotu zuen. Mendeetan zehar bere ezaugarri terapeutikoengatik medikuntza tradizional txinatarrean erabili da, eta intsektizida ekologiko moduan ere erabili daiteke. Gaur egun Euskal Herrian zuhaitz ornamental arrunta da eta bereziki ikusgarria da udazkenean, bere hostoak horitzen direnean.

Ginkgo biloba

Dibisioa
Ginkgophyta
Klasea
Ginkgoopsida
Subklasea
Ginkgoidae
Ordena
Ginkgoales
Familia
Ginkgoaceae
Deskribatzailea
Linnaeus (1771)
Estatusa
en

Morfologia

Ginkgoak zuhaitz handiak dira, normalean 20-35 metroko altuera lortzen dutelarik (Txinan zenbait ale aurkitu dira 50 metroko altuerarekin). Adakera angular luzea dute, adarrak orden berezirik gabeak eta sustrai oso sakonak, haizeteen eta elurteen aurrean oso erresistente egiten dituenak. Zuhaitz gazteak altuak, finak eta gutxi adarkatuak izaten diren arren, hazi ahala adakera sakonagoak garatzen doaz.

Hostoak

Ginkoaren adarrek hazkunde-mota oso berezia dute. Hostoen tartean azaltzen diren kimu batzuetatik aurrera garatzen dira. Baina era berean, hosto hauen axiletatik bigarren mailako kimu batzuk garatuko dira urte bakoitzean. Hazkunde-mota hau oso motela da eta zenbait urteetan kimu bakoitza zentimetro gutxi batzuk baino ez da luzatzen.

Hazkunde hau dela eta, ginkgoaren hostoak kimu bakoitzean multzokatuta hazten dira. Hosto hauek bereiztea oso erraza da, zuhaitz guztien artean abaniko forma duten bakarrak baitira. Pezioloa txertatzen den puntutik aurrera erradiatzen diren zain argiak azaltzen dituzte, bifurkatzen doazenak. Hau da, hostoaren oinarritik bi zain baino ez dira ateratzen baina hauek bifurkatuz doaz, nerbiazio dikotomikoa deritzona osatuz.Kimu luzeetako hostek bi lobulu dituzte, abanikoaren erdian, baina kimu gazteetakoek ez dute lobulurik azaltzen.

Hostoek 5-10 cm izaten diituzte (pezioloek 2-4 cm) baina 15 cm-tik gorakoak ere izan daitezke (eta pezioloak 6 cm-rainokoak). Antzina, ginkgoari "iratze-zuhaitza" esaten zitzaion, Adiantum capillus-veneris garoarekin duen antzekotasuna dela eta.

Loreak

Ginkgoak dioikoak dira, hau da, zuhaitz eme eta arrak daude. Antzinako zuhaitzak izanik, ugal-egitura primitibo xamarrak dituzte. Zuhaitz arren loreak, polena askatzen duten kono deritzon egiturak dira, esporofiloak daramatzatenak. Zuhaitz arretako kimu bakoitzetik, 3-6 kono hori ateratzen dira, gerben antzeko itxura dutenak, bakoitza 1,2-2,2 cm-koa. Polen aleek batel itxura dute, argi zulatuta daudelarik erdialdean. Polen ale bakoitzak bi mikroesporangio edo polen zaku daramatza, muturrean espermatozoideak dituztenak.

Landare emeek ez dute konorik sortzen. Zuhaitz emeek kimuetan bi obulu sortzen dituzte eta polinizazioaren ostean bitako bakarra bilakatuko da hazi. Obuluak 2,5-3,5 x 1,6-2,2 cm dituzte eta bi edo hiru arkegonio daramatzate. 

Ginkgoaren ernalkuntza espermatozoide mugikorren bidezkoa da, Cycadophyta dibisioan eta iratze, goroldio eta algetan gertatzen denaren antzekoa. Espermatozoideak handiak dira (70-90 mikrometrotakoak) eta Cycadophyta dibisiokoen antzekoak. Geruza askotako egitura dute, ehundaka flageloren oinarri dena, nahiz eta zilioen antzeko mugimendua azaltzen duten hauek. Flageloak dira espermatozoidearen mugikortasuna ahalbidetzen dutenak. Espermatozoideek oso distantzia txikiak egin behar dituzte arkegonio emeetara iristeko. Bi espermatozoide baino ez dira sortzen, eta horietatik bakarrak ernaltzen du obulua.

Fruituak

Haziek 1,5-2 cm-ko luzera dute. Kanpoaldeko geruza, sarkotesta, hori-arre kolore argikoa da, leuna, eta fruta itxura erakargarria ematin dio. Hala ere, azido butanoiko ugari dute eta janari ustel edo okada usain oso desatsegina darie.

Sarkotestaren azpiko geruzak, esklerotesta (edo haziaren maskorra) eta endotesta dira, gametofito emea inguratzen duena.

Ikusi izan da ginkgo hazien ernalkuntza udazken hasieran gertatzen dela, fruituak erori baino aurreko uneetan. Aldiz, enbrioiak fruituak zuhaitzetik erortzean garatzen dira.

Banaketa

Ginkgo biloba eta genero berdineko beste zenbait espezie garai batean mundu osoan zehar barreiaturik egon ziren arren, duela bi milioi urte Txinako eskualde txiki batera mugaturik gelditu ziren. Zenbait mendez pentsatu izan zen desagertutako espezia zela Ginkgoa, baina 2007. urtean argitaratutako artikulu batean (Wei et al., 2007) argitaratu zenez, dibertsitate genetiko handia duen populazio bat aurkitu da Txinako hego-mendebaldean, Jinfo mendiko labarretan, Chongqing probintzian (28°53'N; 107°27′E).

Txinako zenbait eskualdetan ugari kultibatu izan da eta oso arrunta da Herrialde honetan. 200 urte baino gehiagoz kultubatu izan da Ipar Ameriketako eskualde batzuetan ere, baina denbora horretan zehar ez da inoiz naturalki hazi. Gaur egun, hala ere, ia mundu osoan landatzen da ornamentalki.

Ekologia

Ginkgoa, argitasun ugarira moldatutako espeziea da eta itzalarekiko nahiko intolerantea (behintzat kultibatzen direnak). Ondo hazten da ureztatutako eta ondo drenatutako lurzoruetan.

Chongqing-eko ale semi-basatiek, tenperatura epelak behar dituzte (urteko batezbesteko tenperatura 16,6 ºC-koa da) eta urtean batezbesteko prezipitazioa 1.185 mm-koa. Ginkgo zuhaitz hauek hobe hazten dira 800-1.300 metrotako altueratan eta askotan aurkitzen dira baldintza zailetako inguruneetan, esaterako, ibai ertzetan, magal harritsuetan eta amildegi ertzetan. Arruntagoa da hostoerorkorren basoetan eta lur buztintsua duten aran azidoetan (pH= 5-5,5).  

Hori dela eta, ginkgoak begetatiboki hazteko ahalmen handia garatu du. Izan ere, gai da enbor-oinarriko kimuetatik aurrera hozitzeko baldintzak desegokiak direnean (lurraren erosioa...). Indibiduo zaharrak, adar handienen azpialdetik sustrai aereoak garatzeko gai ere badira, esate baterako, adakera asaldatzen denean. Sustrai aereo hauek ugalketa klonala baimendu dezakete lurrarekin kontaktuan jartzean.

Fenologia

Ginkgoek gaztaro luzea dute eta ez dute heldutasun sexuala lortzen 20 urteak bete arte. Polinizazioa anemokoriara (haizearen bidezkoa) moldaturik dago eta martxoaren erdialde aldera ematen da negu leunak dituzten eskualdeetan, edo maiatza bukaeran negu latzagoak dituztenetan. Obuluak ere martxoan garatzen dira eta berde kolorekoak dira, nahiz eta gero udazkenean horitzen diren, hostoek egiten duten moduan.

Ernalketa, aldiz, abuztu bukaeran edo irailean gertatzen da, polinizazioa baino 130-145 egun geroago. Ernalketaren ostean, iraila-urrian, hazia garatzen hasten da eta beraz, baita enbrioia ere. Hala ere, fruitua behin erorita, enbrioiak oraindik bere garapenarekin jarraitzen du. Orokorrean, fruituak urrian erortzen dira.

Erabilerak

Zuhaitz hau batez ere ornamentalki landatzeko erabiltzen da baina bitxia da landatzen diren ale guztiak arrak direla, emeen fruituei darien kirats desatsegina dela eta.

Ginkgoaren haziak Asiako zenbait eskualdeetan jaten dira, bereziki ospakizunetan. Baina hazi hauen gehiegizko kontsumoa toxikoa da, metilpiridoxina (MPN) izeneko konposatuaren ondorioz.

Farmazeutikan zuhaitz preziatua da ginkgoa, eta bere flabonoideak dementziarako zenbait botikatan erabiltzen dira.

Kontserbazioa

IUCN erakundearen arabera arriskuan dagoen espeziea da.

Esteka interesgarriak


Esteka interesgarriak

Egilea: | Sorrera: 2011/11/21 | Azken eguneraketa: 2014/03/28 | Bisita-kopurua: 2117 | Argazki nagusia: Lilikx
Azken espezieak

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...