Abaritza
Quercus coccifera

Abaritza haritzen artean hosto txikienak dituena da. Bere izen zientifikoa latinetik dator, 'fero' aditzetik (eraman) + 'coccum'  sustantibotik (Kermesidoen familiako kotxinila). Kermesido hau antzina kolorantea egiteko erabiltzen zen (bertatik dator ere karmesi kolorea) eta eskualde mediterranearrean asko parasitatzen du abaritza.

Quercus coccifera

Dibisioa
Magnoliophyta
Klasea
Magnoliopsida
Subklasea
Hamamelidae
Ordena
Fagales
Familia
Fagaceae
Deskribatzailea
Linnaeus (1753)
Estatusa
ne

Morfologia

Abaritza bi metro baino gutxiagoko zuhaitz hostoiraunkorra da, urte osoan zehar berde mantentzen dena. Oinarritik aurrera asko adarkatzen da eta beraz, adarrak eta enbor azalak asko kiribiltzen dira, egitura oso trinkoa osatuz. Enbor bihurria dute, azal leun eta kolore grisekoa. Kimu gazteak pubeszenteak dira. Ernamuin oboideoak ditu, obtusoak, arre-gorriak eta pubeszenteak.

Hostoak

Abaritzak hosto sinpleak ditu, txandakatuak, mintzakarak, zurrunak eta bi aldeetatik disdiratsuak. Hostoek 1,5-5 x 1-2,5 cm neurtzen dituzte eta peziolo motza dute. Ertz izurtua dute eta hortz arantzatsuez betea. Kolore berde ilunekoak dira (azpialdea berde argi edo horixka), koriazeoak eta forma aobatukoak. 7-9 pare nerbio dituzte, ez oso ikusgarriak eta 1-4 mm-ko peziolo glabreszentea. Gaztetan pubeszenteak diren arren heldutan erabat glabroak dira. Hostoak adarretatik erraz askatzen dira baina zuhaitza hosto iraunkorrekoa da.

Loreak

Abaritzak gerba motako infloreszentziak ditu, haizearen bidezko polinizaziora (anemofiliara) moldaturik daudenak. Zuhaiska monoikoa da, hau da, ale berdinak sexu bietako loreak ditu.

Lore arrak oso txikiak dira (2-5 cm-koak) eta ez oso erakargarriak. Kopa formako periantoa dute 4-6 lobulu ziliatuetan zabaltzen dena, eta errakis glabreszentea. Estamin kopurua aldakorra da, 4-10 bitartekoa. Buruxka modukoetan batzen dira, kolore horikoak, estuak eta dilindariak. Lore bakoitzak antera mukroidunak ditu, glabroak baina papilatsuak, harizpiak baino motzagoak.

Lore emeak adar beretik jaiotzen dira eta bakarka edo 2-3 taldetan hazi daitezke. Estilo askeak dituzte, linearrak eta oinarritik dibergenteak, estigma erreflexuekin.

Fruituak

Abaritzaren fruitua, ezkurra, akenio motakoa da. 15-30 x 8-20 mm neurtzen ditu eta heltze bienala edo anuala izan dezake. Gaztain koloreko ezkurra da eta 4-12 mm-ko pedunkulu baten gainean kokatzen da, zurruna eta glabroa dena. Ezkurraren karloa (txapela) 10-20 x 12-25 mm-koa da eta ezkata obatu-lantzeolatu ugari ditu. Oinarrialdeko ezkatak lauak dira baina muturrerantz hurbildu ahala kanporantz zabaltzen dira, mutur zurrun eta zorrotza agerian utziz.

Antzeko espezieak

Quercus sp.

Quercus espezie desberdinak elkarren artean asko hibridatzen dira eta batzuetan zaila suerta daiteke espezie mailako identifikazioa.

Banaketa

Eskualde mediterranearreko espeziea da, eta Europako hegoalde eta Afrikako ipar-ekialde, eta Asiako hego-ekialdean zehar banatzen da. Euskal Herrian oso ohikoa da hego-muturrean, Arabako Errioxan, bertan artadiaren ordezkapen-sastrakadietan nagusi baita. Mediterraneoko eragina duten Arabako haran gutxi batzuetan bakanagoa da, eta erabat ezohikoa da Kantabriako kostaldearen inguruan, Bizkaiko mendebaldeko muturrean, eta Arrasateko (Gipuzkoa) inguruko mendi batean. Azken populazio hori da, hain zuzen, egun 'Interes Berezikoa' bezala katalogatuta dagoena.

Quercus coccifera Quercus coccifera

Habitatak



Habitat bereko espezie gehiago

Viburnum tinus
Gogortxua
Viburnum lantana
Andura, Marmaratila, Zimindurra
Ligustrum vulgare
Arbustu arrunta, Karraskiloa
Laurus nobilis
Erramua
Pinus pinea
Pinazi pinua
Quercus ilex
Artea


Ekologia

Larre lehor, harritsu eta eguzkitsuetan hazten da, lurzoru azido zein basikoetan. Lur silizeoak nahiago ditu. Klima epelak behar ditu eta beraz, ez dago 1.000 metroko altitudetik gora. Udako lehorteak ondo jasaten ditu.

Fenologia

Apiriletik ekainera loratzen da eta ezkurrak uda bukaeran (urrirarte) lortzen dute heldutasuna.

Erabilerak

Bere egurra artearenarekiko nahiko antzekoa da eta beraz, nahiko kalitate onekoa, astuna eta gogorra. Baina bere tamaina txikia dela eta batez ere ikatzerako ustiatu izan da. Ezkurra abere asko elikatzeko erabiltzen da. Antzina, gainera, Coccus ilicis abaritzaren parasitoa oso erabilia zen tindatzaile modura.

Espezieen arteko elkarrekintzak

Coccus ilicis hemipteroak abaritza parasitatzen du eta antzina, garrantzi handikoa izan zen kermes hau, bertatik erauzten baitzen karmesi tindatzailea.

Kontserbazioa

IUCN erakundeak ez du espezie honen egoera aztertu. Hala ere, Udalaitz-ko populazioak 'Interes Berezikoak' bezala sailkaturik daude EAEko natura babesteko ekainaren 30eko 16/1994 Legean oinarrituz, 2010. urtean argitaratu zen Espezie Mehatxatuen EAEko Katalogoan eta 'Ardura txikikoak' bezala EAEko Zerrenda Gorrian. Gure lurraldeko isurialde atlantikoan abaritzen sastrakak egotea klima-aldaketen ondorio da. Gipuzkoan katalogatuta dagoen populazioa kareharrizko hegal eguzkitsu eta harritsuetan dago, eta banaketa mediterraneoa duten beste hainbat landarerekin batera ageri da.

Esteka interesgarriak

Egilea: | Sorrera: 2012/01/18 | Azken eguneraketa: 2014/09/16 | Bisita-kopurua: 2342 | Argazki nagusia: Juan Carlos (Wikimedia commons)

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...