Haritz kanduduna
Quercus robur

Haritz kanduduna, Euskal Herriko haritzen artean ohikoena da eta horregatik, maiz soilik haritz izenez ezaguna da. Linneok espezie honentzako erabili zuen izena, robur, antzinako erromatarrek erabiltzen zuten haritzak identzifikatzeko eta baita edozein motatako egur gogor izendatzeko ere. Haritz kandudun bezala ere ezagutzen da, izan ere, ezkurrak kandu (pedunkulu) baten gainean esekitzen baitira. Hau dela eta, haritz honi Quercus pedunculata ere baderitzo. Haritzak garrantzi handia izan du euskal mitologian eta herriko tradizioetan: zuhaitz beneratua izan da eta kondairek diotenez haren inguruan egiten ziren akelarreak, druiden batzarrak eta bestelako errituak. Gernikako arbola ere espezie honetakoa da.

Quercus robur

Dibisioa
Magnoliophyta
Klasea
Magnoliopsida
Subklasea
Hamamelidae
Ordena
Fagales
Familia
Fagaceae
Deskribatzailea
Linnaeus (1753)
Estatusa
lc

Morfologia

40 metro baino gehiagora iristen den zuhaitza dugu haritz hau. Sendoak dira, adaburu zabal eta biribilekoak. Enborra zuzena, laburra eta lodia dute bakarka azaltzen diren indibiduoek, adar lodi eta bihurriekin. Adaxkak gaztainaren antzeko koloredunak, ilegabeak. Azala leuna eta kolore grisekoa gaztetan, helduagoetan zartatzen joaten da eta kolore arreagoak hartzen. Adarrek oso azalera zabala bete dezakete (20 metrorainokoa).

Hostoak

Orokorrean tamaina ertaineko hosto obobatuak ditu 5-18 cm luze eta 2-10 cm zabal direnak. Nahiko errez bereiz daitezke hosto txandakatu hauek, azaltzen dituzten lobuluak direla eta: pinatilobulatuak dira, 3-7 pare lobulu biribildu dituzte, 4-8 nerbio sekundario parez horniturik. Beste haritz mota batzuetatik bereizten dutena peziolo oso laburrak dira, eta peziolo motz horien oinarrian aurkitzen diren lobuluak. Hostoak sendoak dira eta udaberri-udan zehar berde kolorekoak diren arren (gainazala ilunagoa azpialdea baino), iraila aldera udazkeneko koloreak hartzen doaz, marroixkak hain zuzen ere. Haritz kandudunak neguan hostoak galtzen ditu.

Loreak

Haritz lore tipikoak udaberri hasieran agertzen dira, lehenengo hostoak ateratzen hasi aurretik. Loreak hori edo berde argi kolorekoak eta monoikoak dira, hau da, sexuak lore bereiztuetan agertzen dira. Lore arrak gerba motako infloreszentziatan hazten dira eta emeak, txorten luzeko multzo txikitan.

Lore ar mota hauek airearen bidezko polinizaziora moldaturik daude, 5-13 cm-ko luzera dute, forma zilindrikoa eta adarretatik zintzilik agertzen dira (bakarka zein taldeka), polena askatuz.Lore ar bakoitzak ezkata trilobulatu bat du eta honen barruko aldean txertatzen da 5-8 gingileko perigonioa, lazinia ilegabe eta 6 estamin luzerekin (4-10 estamin izan ditzake baina arruntena sei izatea da).

Lore emeak buruxkatan antolatzen dira (2-5-eko taldeetan), hiru estigma dituztelarik eta adar lateralen puntetan agertzen dira. Estiloak laburrak dituzte eta oinetik dibergenteak.

Fruituak

Haritzen fruituak ezkurrak dira, uda hasieran agertu eta iraila-urrian heltzen direnak. Ezkurra glande motako fruitua da, forma oboideokoa, 20-40 x 8-18 cm-koa eta hasieran kolore berde argia azaltzen duena, nahiz eta geroago marroixa bihurtzen den. Ezkurrak, pedunkulu luze baten puntan hazten dira, luzangak dira (2,5 cm luze ingurukoak) eta txortenak fruituaren herena estaltzen du, txapela moduko bat osatuz: karloa. Karloa  8-15 x 10-20 mm-koa da eta bertan ezkata lauak ageri dira baina oro har, ez dute ertza gainditzen. Fruituak 2-5 ezkurreko taldetan edo banaka hazi daitezke baina beti ere pedunkulu bakarretik eratortzen direlarik. Pedunkulu hau 12 cm-raino irits daiteke. Ezkurrak elikagai-iturri garrantzitsua dira zenbait animaliarentzat.

Antzeko espezieak

Quercus sp.

Quercus espezieak elkarren artean asko hibridatzen dira eta batzuetan zaila suertatzen da haritz espezie desberdinak bereiztea.

Banaketa

1000 urtetik gora bizi daitekeen zuhaitz hau Europa eta Asiaren parte handi batean aurki dezakegu. Iberiar penintsularen iparralde osotik hasi eta Kaukaso eta Finlandiaraino iristen da, Erresuma Batuko irletatik pasaz. Antzina askoz ere eskualde zabalagoak hartzen zituen, baina gaur egun oso haritz-baso gutxi aurki ditzakegu. Ia gehienetan beste basoekin nahasturik azaltzen dira, baina batik bat erreka zuloetan isolaturik mantendu dira. Euskal Herrian autoktonoa da.

Quercus robur Quercus robur

Habitatak



Habitat bereko espezie gehiago

Ulmus glabra
Zumar hostozabala
Cornus sanguinea
Zuhandorra
Viburnum opulus
Gaukarra, Andorra
Tilia cordata
Ezki hostotxikia
Tilia platyphyllos
Ezki hostozabala
Betula pendula
Urki dilindaria
Alnus cordata
Haltz italiarra


Ekologia

Lurzoru azido (ph 3,5-5,5) eta sakonetan hazten da, hezetasuna dagoen lekuetan eta bereziki, urtaro lehorrik ez dagoen lekuetan. Itsas mailatik 1000 metroko altitudera aurki daiteke. Argitasun gutxi bahar du, tenperatura epelak eta nitrogenoan txiroak diren lurzoruak.

Fenologia

Udaberrian loratzen da, hostoak ateratzen diren aldi berean. Ezkurrak uda bukaeran heldutzen dira eta udazken hasieran jauzi.

Erabilerak

Haritzen egurra historikoki oso erabilia izan da ikatza sortzeko baina gainera kalitate izugarrikoa da, gogorra eta astuna. Oso estimatua eta erabilia da zurgaintzan, ebanisterian, upelgintzan, ontzigintzan...garai bateko elizak egiteko erabitzen zen.

Haritz gazteen (12-20 urte) azala terapeutikan erabiltzen da agente estringente modura, azido tanikoa baitute.

Ezkurra oso erabilia da haziendek bazkatzeko, batik bat txerri-aziendentzat.

Bera da Euskal Herriko sinbologia mitikoarekin gehien lotuta dagoen zuhaitzetako bat, Gernikako Arbola dugularik erakusgarri.

Espezieen arteko elkarrekintzak

Mesofanerofito eta mikrofanerofitoekin eratzen ditu komunitateak, hostoerorkor ala iraunkorrak izan daitezkenak, baina beti baso edo baso erako formazioak eratzen dituztelarik, xerofilo edo higrofiloak. Querco-Fagetea klase fitosoziologikoa eratzen dutela esan ohi da eta arruntak dira Acer pseudoplatanus, Arum maculatum, Brachypodium sylvaticum, Castanea sativa, Corylus avellana, Dryopteris affinis, Dryopteris dilatata, Dryopteris filis-mas, Euphorbia amygdaloides, Euphorbia dulcis, Fagus sylvatica, Fraxinus excelsior, Hedera helix, Hyacinthoides non-scripta, Hypericum androsaemum, Melittis melissophylum, Oxalis acetosella, Poa nemoralis, Polygonatum multiflorum, Polypodium vulgare, Polystichum aculeatum, Polystichum setiferum, Prunus avium, Ranunculus tuberosus, Sambucus nigra, Sorbus aria, Stellaria holostea, Symphytum tuberosum, Taxus baccata, Ulmus glabra eta Viola reichenbachiana.

Kontserbazioa

IUCN erakundearen arabera arriskurik ez duen espeziea da. Hala ere, Arabako hegoaldeko populazioak 'Interes Berezikoak' bezala sailkaturik daude EAEko natura babesteko ekainaren 30eko 16/1994 Legean oinarrituz, 2011. urtean argitaratu zen Espezie Mehatxatuen EAEko Katalogoan.

Euskal Herrian eragin atlantikoa duten eremuetan oso arrunta da, baina Gasteizko mendietatik eta Izkitik hegoaldera oso bakana da. Arabako hegoaldeko muturrean populazio bakartuak baino ez dira agertzen, 550 eta 700 m bitartean. Horregatik katalogatu dira hegoaldeko populazioak. Sobroneko populazioa sakan heze bateko haitzarte baten zokoan dauden ale gutxi batzuek osatzen dute. Bernedoko populazioa Quercus pyrenaicarekin nahasturiko basotxo txikia da. Urizaharra-Montoriako populazioa handiena da, 50 bat hektarea dituen baso zabala da.

Bi populazio txiki horietan, haritzak moztea debekatuta dago eta bide berriak egitea edo daudenak aldatzea ere. Sobroneko haritz-taldetxoaren egoera bereziki larria da, orain dela gutxi egindako jarduera baten ondorioz espezie hau eta katalogaturiko beste bat kaltetu baitira. Urizaharra-Montoriako hariztian zuhaitzak egurretarako moztea arauturik dago, katalogaturiko populazioaren kontserbazioa eta ustiapena uztartzen delarik.

Esteka interesgarriak


Esteka interesgarriak

Egilea: | Sorrera: 2011/11/15 | Azken eguneraketa: 2014/09/16 | Bisita-kopurua: 4688 | Argazki nagusia: Simon Eugster (Wikimedia commons)

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...