Albisteak

Fosforoa akitze bidean?
Berriztaezina eta artifizialki sintetiza ezin dugun elementu hau funtsezkoa da elikagaien ekoizpenean

2014/01/29

Iruzkinik ez
bisita

1938 urtean orduko AEBko presidente zen Franklin D. Roosevelt-ek jadanik ohartarazi gisan, “gure zoruaren fosforo edukia nabarmen jaitsi da azken urteotan eta berriztatu egin behar da. Fosfatoen erabilera geroz eta handiagoa eta fosfato-hornikuntza bermatzea, beraz, kezka funtsezkoa dira etorkizuneko belaunaldiei begira”. 2014 urtean gauden honetan, badirudi presidentearen kezkak egia bihurtu direla eta XXI. mendea amaitu aurretik elementu preziatu hori agortu bidean gara.


Fosforoa akitze bidean?
Fos Bucraa meategia, Mendebaldeko Saharan

Fosforoa funtsezkoa da Lurreko bizitza mantentzeko. Parte hartzen du, besteak beste, DNAren egituran, zelula mintzetan eta hezur eta hortzetan. Animaliok dietaren bidez eskuratzen dugu normalean. Landareek ere lurretik zurgatzen dute fosforoa eta lurren emankortasuna bermatzeko funtsezkoa da, izan ere, parte hartzen du landareen fotosintesian ere. Gorotz eta bestelako hondakinak aspalditik erabiliak izan dira nekazaritzan ongarri gisa, baina XX. mende hasieratik fosforoaren meatzaritzak garapen handia ezagutu zuen eta nekazaritza modernoaren ongarriketa-sistema modernoei bide eman zien.

Egun, fosforoa mundu mailako nekazaritzaren oinarrietako bat da eta, hortaz, funtsezkoa da egungo elikagai-produkzioa mantentzeko. Fosforo-iturri nagusia arroka fosfatodunak dira, berriztaezinak direnak gizakiak ustiatzen dituen abiaduran. Adituek aditzera eman dute egungo ustiaketa erritmoarekin fosforoa mende amaierarako akituta genukeela. Ongarrien industriak mundu mailako fosforo-ekoizpenaren %90 kontsumitzen du, gainontzeko %10 animalientzako elikagaien, detergenteen eta bestelako gai kimikoen industriak erabiltzen dutelarik.

Fosforo-erreserbak geografikoki oso kontzentratuta daude. Mundu mailako erreserben %90 bost herrialdetan daude, Marokon, Txinan, Hegoafrikan, Jordanian eta AEBn, hain zuzen ere. Marokoren zenbait meategi Mendebaldeko Saharari dagozkion lurretan dira eta euren ustiaketak Nazio Batuen zenbait erresoluzioren aurka egiten du. Politikoki ere, beraz, gatazkatsua suertatzen da fosforoaren industria.

“2006 – 2008 urteen artean fosforoaren prezioa %800 igo da”, adierazi du fosforo eskasiak elikaduraren segurtasunean izango duen inpaktuari buruz doktoretza-tesia egin zuen Dana Cordell-ek (Sydneyko Unibertsitate Teknologikoa, Australia). “Ezer egin ezean fosforo eskasiak mundu mailako arazoak sor ditzake. 2035 urterako fosforo eskariak produkzioa gaindituko duela aurreikusten da”. Ongarrien prezioaren igoerak elikagaien prezioaren igoera eragingo luke, hala. Panorama beltz horren aurrean Cordell-ek fosforoaren berrerabilpena sustatzea iradokitzen du, esate baterako, elikagaietatik, gorotzetatik eta  gernuetatik eratorritakoa.

Iturria: Ecoavant

Estekak

Cordell-en doktoretza-tesia

Leave a comment

Please login to leave a comment.

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...