Albisteak

R software librearen erabilera Natur Zientzietako estatistikan ikastaroa, UEUren eskutik
Matrikulazio-epea urriaren 9an itxiko da

2015/09/18

Iruzkinik ez
bisita

R softwarea oinarrizko tresna bihurtu da egungo jardun zientifikoak sortzen duen datu bolumen itzelari trataera estatistikoa emateko. Software honek trataera estatistikorako beharrezko diren tresnak eskaintzen ditu eta, kode irekiko softwarea izanik, norberaren erabilera eta helburuetara doitzen diren aplikazioak sortzea ere baimentzen du. Natur zientzien arloan software honen erabilera sustatzeko eta trebakuntza emateko ikastaroa antolatu du UEUk.


R software librearen erabilera Natur Zientzietako estatistikan ikastaroa, UEUren eskutik
Ikastaroa UEUren Eibarko Egoitza Nagusian izango da

Estatistika ez da sakonki lantzen unibertsitate-mailako natur zientzien ikasketetan. Are gehiago, maiz estatistikan sortzen diren galderen nondik norakoak ulertzeko gaitasuna garatu aurretik irakatsi ohi da estatistika irakasgaia eta ikasleari urruti geratu ohi zaizkio estatistikaren oinarriak diseinu esperimentalean eta galderen sorrera eta erantzunean jardun behar duenerako. Gainera, eskola praktikoetan software pribatuen erabilerak mugatu egiten du ikasleek estatistikan jarduteko daukaten tresnen eskuragarritasuna. Ondorioz, natur zientziekin erlazionatutako lan-munduan estatistikaren erabilera urria suertatzen da.

Hutsune horiei erantzuna ematera dator urriaren 17an hasiko den ikastaroa. Aitor Larrañaga Arrizabalaga (ekologian doktorea eta ekologia irakaslea EHUn) eta Iñaki Odriozola Larrañaga (biologian doktoregaia EHUn eta UEUko kidea) izango dira irakasleak eta ikastaroa b-learning modalitatean eskainiko da, izan ere, online bideratuko den trebakuntzaz gain UEUren Eibarko Ikastetxe Nagusian (Otaola hiribidea 1) ikasgelako bi saio ere izango ditu. Aurrena urriaren 17an bertan izango da, goizeko 9:30etatik arratsaldeko 17:30etara. Bigarren saioa azaroaren 14ean, toki eta ordu berean.

Ikasgelako lehen saioak R softwarearen oinarrizko funtzionamendua azaltzea izango du helburu. Ondoren, ikastaroa online garatuko da irakasleen etengabeko gidaritzapean eta ariketa praktikoak eta proiektu bat osatuko dira lau astez. Amaitzeko, bigarren ikasgela-saioan bukaerako proiektu-lanak eztabaidatuko dira, ikastaroan sortu diren zalantzak argitu eta ebaluazioa egiteko. Metodologia honen bidez ikasleen parte-hartzea sustatu nahi dute arduradunek.

Ikastaroa natur zientzietako alorrera begira tratamendu estatistikoan interesa duen edonori dago zuzendua eta R softwarearen erabileran hasiberri direnentzat dago egokitua. Ikasleentzat, langabetuentzat eta erretiratuentzat deskontuak izango dira matrikulazio-prezioetan. Matrikulazio-epea urriaren 9ra arte luzatuko da.

Iturria: UEU

Leave a comment

Please login to leave a comment.

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...