Albisteak

Gizakia lurrikara eragile?
2011ko maiatzean Espainiako hego-ekialdea astindu zuen lurrikaran gizakiak akuiferoetatik ura erauzteak zerikusia izan zuela baieztatu da

2012/10/27

Iruzkinik ez
bisita

Iazko maiatzaren 11ean Lorcan (Murtzia) 5,1 magnitudeko lurrikara izan zen. Bederatzi hildako eragin eta udalerriaren zati handi bat suntsitu zuen hondamendiak. Oraindik ere bistan da lurrikara haren arrastoa, berreraikuntzarako diru-laguntzak oso mantso ari baitira iristen. Orain, Nature Geoscience aldizkarian kaleratu berri den lanaren arabera aktibitate antropogenikoa lurrikara eragin zuten faktoreen artean sartu behar da.


Gizakia lurrikara eragile?
Lorcako lurrikara ehundaka kilometrotara ere sentitu egin zen

Urriaren 22an argitaratu zen lanaren arabera hamarkadetan zehar Lorcako eskualdean egin den lurpeko uren ustiaketa intentsiboak lurrazalarekiko estresa edo presioa areagotu du. Lanaren autore den Pablo Gonzálezen (Ontario Mendebaldeko Unibertsitatea, Kanada) arabera, ordea, uren erauzketa ez zen lurrikara eragin zuen faktore bakar eta erabakigarria zian. Bere hitzetan, “lurpeko uren ustiaketarik gabe ere lurrikara gertatu egingo zen, baina gizakiaren aktibitateak lurrikara gertatzea erraztu egin zuen”.

Lorcan lurpeko uren erauzketa oso intentsiboa da, nekazaritzarako ur eskaria handia baita eskualdean. Ondorioz, bertan lurra 10 cm hondoratzen da urtero, Europan beste inon ez bezainbeste. Lurrikara gertatzean González eta bere ikertaldeak satelite bidezko informazioa bildu zuten lurrikararen ondorioz lurzorua nola tolestu eta mugitu zen aztertzeko. Bildutako datuekin modelo bat eraiki zuten lurrazalaren mugimendu sismiko hori eragin zezaketen estres-motak zehazteko. Lurrikara 2-4 km-ko sakoneran gertatu zen, lurrazaletik oso gertu, eta dardara handiena izan zuten lurrazaleko eremuak ur erauzketa handiak egin izan diren guneekin bat datoz. “Akuiferoen ustiaketak lurrazalak jasan zitzakeen tentsioak atalase kritiko batetik haratago eraman zituen, lurrikara eraginez”, baieztatu du Gonzálezek. Hala ere, ur erauzketetatik eratorritako estresak plaken tektonika eragiten dutenen aldean oso txikiak direla ere adierazi du. “Horregatik, zaila izango litzateke lurpeko uren erabileraren arabera lurrikarak aurresatea”.

Ez da giza aktibitateak lurrikaren maiztasunean eragin dezakeela ondorioztatzen duen lehen lana. Bada baieztatzen duenik 2008an Sichuan-en (Txina) 80000 lagun hil zituen 7,9 magnitudeko lurrikara neurri batean bertan eraiki zen presa erraldoiak eragindakoa izan zela. Basilean (Suitza) 2006an gertatutako mugimendu sismikoa ere bertan egindako lan hidrauliko batzuei esleitu zitzaion. Gurean ere badira uren kudeaketarekin lotzen diren aktibitate sismikoak. Itoizko urtegian urtero hamaika mugimendu sismiko txiki detektatzen dira eta 2004 urtean 4,6 magnitudeko lurrikara ere gertatu zen.

Iturria: ScieneNews

Estekak

Jatorrizko publikazioa

Leave a comment

Please login to leave a comment.

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...