Albisteak

Txinpantzeak (ere) justiziagileak dira
Txinpantzeek justizia gizakion zentzu berean ulertzen dute

2013/01/17

Iruzkinik ez
bisita

Munduan justizia sobera ez den honetan bada norbanakoen arteko desberdintasunak naturaltzat jotzen dituenik. Homo sapiens animalia izanik ezinezkoa omen zaio berekoikeria gainditzea besteen mesedetan, naturalak direla gizabanakoen arteko desberdintasunak. Gizakia berez ona eta eskuzabala dela dio beste askok, injustizia oro bidezkoa ez izateaz gain naturala ere inondik inora ez dela. Homo homini lupus Rosseauren aurka, eztabaida zaharra inondik ere. Eztabaida honetan argi pixka bat igortzera datoz txinpantzeak, frogatu berri baita gizakiaren ezaugarri bereizgarria zen justiziaren zentzua izan badutela. Are gehiago, bidezkoa zer den eta zer ez den gizakion oso antzera ulertzen dute.


Txinpantzeak (ere) justiziagileak dira
Ados gara ados!

Yerkes Primateen Ikerketarako Zentro Nazionalean (Emory Unibertsitatea, AEB) egindako ikerketa baten arabera txinpantzeak gai dira Ultimatum Jokoan aritzeko. Joko hori erabiltzen da zehazteko animaliak zenbaterainoko ulerkorrak diren sari bat eskuratzea helburu, sari hori biren artean elkarbanatzeko adostasuna lortzea beharrezko zaienean. Proceedings of the National Academy of Sciences aldizkarian kaleratu den lanak ondorioztatzen du gizakiak duen zuzentasuneranzko joera ez dela gizakiaren ezaugarri bereizgarria eta, gainera, jatorri ebolutibo urruna izan dezakeela.

Ikerketaren autoreetako bat den Darby Proctor doktoretza-ikasleak azaldu duenez, “Ultimatumaren Jokoa erabili genuen gizakion zuzentasunaren zentzua neurtzeko estandar ezin hobea delako. Joko horretan, norbanako batek beste bati sari bat bien artean nola banatu proposatu behar dio eta bigarren horrek proposatutako banaketa onartu behar du saria emango bazaie. Oro har, gizakiok %50ean banatzen ditugu sariak”. Lan hau egin aurretik uste zen animaliek ez zutela Ultimatumaren Jokoan aritzerik, besterik gabe, beti sariaren banaketa berekoiena hautatzen zutela uste zen. “Baina txinpantzeak gizakion justiziaren  zentzutik oso gertu daude”.

Ikerketa egiteko sei txinpantze helduren eta 2-7 urteko 20 haurren jokamoldea alderatu zen Ultimatumaren Jokoarekin. Partaideei fitxa bana eman zitzaien. Fitxa batzuk jolaskidearekin adostasunera iritsiz gero sari batengatik (janaria txinpantzeentzat, eranskailuak haurrentzat) truka zitzaketen. Beste fitxa batzuek, ordea, jolaskidea kontuan hartu gabe saria eskuratzeko aukera ematen zuten. Azken fitxa horiekin haur eta txinpantzeek hautu berekoia egiten zuten. Baina, jolaskidearekin adostasunera iritsi beharra zen kasuetan saria erdibana banatzea erabakitzen zuten. Kasu bietan bai txinpantzeek eta bai haurrek gizaki helduek ohi duten gisara erantzun zuten.

Itxura batean txinpantzeak gai dira alde bientzat akordio justua dena eta bidezkoa ez dena bereizteko, izan ere, alde bien probetxurako %50ean banatzen zituzten sariak. Txinpantzeak oso animalia sozialak dira eta beharrezko zaie sarien banaketa bezalako kooperazio-ekintzei probetxua ateratzea. Gizakia ez da, beraz, Naturak hartara bultzatuta otso.

Iturria: Eurekalert

Estekak

Jatorrizko publikazioa

Leave a comment

Please login to leave a comment.

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...