Soro-muxarra
Eliomys quercinus

Begien inguruan kareta modura dituen orban beltzak ezugarri bereizgarriak dira animalia txiki eta polit honentzat. Ile zuri luzeekin amaitutako buztan luzea eta belarri garatuak ditu. Neguan ibernazio luzea egiten du eta hortik dator gaztelaniako “dormir más que un lirón” esaera. Gainera, leku beroetan bizi deneko kasutan, lehorteagatik janari eskasia badago, estibazioan sar daiteke, nahiz eta ez jaitsi jarduera ibernazioko milaraino.

Eliomys quercinus

Phyluma
Chordata
Klasea
Mammalia
Ordena
Rodentia
Familia
Gliridae
Deskribatzailea
Linnaeus, 1766
Estatusa
nt

Deskribapena

Neurri ertaineko karraskaria da eta begi beltz irtenak inguratzen dizkion ile beltzdun orbanak dira bere ezugarri bereizgarriena. Helduek bizkarralde arre-gorrixka dute eta sabelalde zuria. Buztan luzea du, ilez estalia eta ile zuri eta beltzez osatutako pintzel deigarri batekin amaitzen dena. Mutur luzanga eta belarri luzeak ditu. Gazteak erraz bereizten dira helduetatik bizkarraldean ilaje grisa eta azpialdean zurixka baitute (Moreno 2005).

Populazio desberdinetakoen pisuen artean alde nabarmena dago bizi diren inguruko elikagai eskuragarritasunaren arabera, 50-170 g artean pisatzen dute; Iberiar penintsularen iparraldean nekez iristen dira 60 g-ra (Moreno 2005)

Banaketa

Europa osoan aurkitzen da irla britanikoetan kenduta; Baltikotik eta Finlandia hegoaldetik Europa hegoalderaino, eta Uraletatik ozeano atlantikoraino. Mundu mailan gainera, Asia Txikian, Arabia iparraldean, Egipton eta Afrika iparraldean Sahararaino aurkitzen da (Moreno 2005). Iberiar penintsula osoan aurkitzen da.

Eliomys quercinus Eliomys quercinus

Habitata

Ez da espezie zorrotza habitat eskakizunei dagokienez, eta inguru lurtar nahiz zuhaiztarretan bizi daiteke eskalatzeko duen abileziagatik. Bide eta landaketak banatzen dituzten arroka handien pilaketatan aurki daiteke, eta, baita pinudi, artadi, pagadi eta beste hainbat hostoerorkorren basotan eta sastrakadi mediterraniotan ere (Moreno 2005). Gizakien etxebizitzetara hurbildu ohi da hibernatzeko bereziki, eta teilatuetan, ikuiluetan, ganbaratan, lorategietan... egiten ditu habiak; hegaztiek utzitako habiak elikagaien gordeleku gisa erabiltzen ditu (Hernández 1994).

Habiak zuhaitz edo zuhaixka zarratuen adarretan, paseriformeak ugaltzeko jarririko kaxatan... egiten ditu (Moreno 2005). Batzuetan hegaztiek utzitako habiatan, bereziki mikarenean, egiten du berea (Palacios 1975); baina baita lurrean, harrien arteko hutsuneetan edo pinudietako azikulen pilaketetan ere (Moreno 2005). 

Itsas-mailatik 1500 m-tik gorako altitudeetaraino aurki daiteke (Moreno & Barbosa 1992). Ugaritasunari buruzko ikerketa gutxi daude, baina populazio dispertsoak eta ez oso dentsoak dituela dirudi (Moreno 2005).  


Elikadura

Bereziki intsektiboroa den arren, hainbat motatako fruituak (Fagus, Quercus, Juniperus, Chamaerops, Pinus, Rubus...) jaten ditu, batez ere udazkenean; eta, baita ornogabeak, mikrougaztunak, anfibioak, narrastiak, hegaztien arrautzak eta txitoak ere (Gigirey & Rey 1999). 

Ugalketa eta ontogenia

Soro-muxarren araldiaren iraupena baldintza klimatikoen araberakoa da eta hibernazioaren iraupenarekin alderantziz proportzionala; araldia hibernaziotik irten eta jarraian hasten da eta berau hasi baino 2-3 hilabete lehenago amaitzen da. Orokorrean, klima beroetako muxarrak emankorragoak dira, araldi luzeagoa izateagatik edo intentsitate ugaltzile handiagoa izateagatik (Moreno 2005).   

Araldiaren iraupena Iberiar penintsularen hego-mendebaldean ikertu zen, ar sexualki aktiboak (barrabil eta semen-besikula oso garatuak) otsailetik urrira aurkitu ziren eta emeak edoskitzaroan martxotik urrira. Banako aktiboen eta inaktiboen arteko erlazio altuena, martxoa eta ekaina artean, eta iraila eta azaroa artean aurkitu zen, eta uztailean aktiboen jaitsiera ikusi zen, bai emeen kasuan eta baita arren kasuan ere (Moreno 1988). Kumaldien tamaina ere aldakorra da zonaldearen arabera, adibidez Doñanan 4-8 kumeko kumaldiak ikusi dira, txikiagoak eme gazteetan heldutan baino eta udazkeneko kumalditan udaberrikoetan baino (Moreno 2005). 

Ileberritzeari dagokionez hiru mota bereizten dira: bata hortzen aldaketarekin batera egiten duena, eta gazte-ilajea eskuratzen du; bestea heldu-ilajea eskuratzeko egiten duena, eta hirugarrena urterokoa, ilea berriztatzeko egiten duena (Moreno 1988). 

Begiak eta belarriak 17-21 egunera irekitzen dituzte. 35-45 egunera gazte-ilajea dute dagoeneko eta adin honekin hasten dira lehenengo ibilaldiak egiten ere (Moreno 2005). Sei urte izatera iritsi daitezke (Moreno 1984).

Hazkuntza-abiadura urteko garai aktiboaren iraupenaren araberakoa da, horregatik zonalde hotzetakoak dira hazkuntza-abiadura handiena dutenak baina denbora-tarte txikiagoan; hautespen-indar bat dago hibernaziora erreserba nahikoarekin iristeko beharragatik. Ez dirudi klima epelagoetako muxarrek estres ekologiko hau jasaten dutenik (Moreno 2005).  

Bizimodua

Bereziki gautarrak dira, baina egunez ere jarduera ikusi da itxian hazitako banakoen kasuan (Saint Girons 1962). Gainera, eguneko hainbat harrapariren dietan aurkitu da, beraz badu jarduera krepuskuluetan behintzat (Delibes 1975).

Hibernatzaileak dira eta beraz negua lo igarotzen dute, eta estibazioa ere egiten dute. Tenperatura baxuak eta elikagai-eskasia dira hibernazioa bultzatzen duten faktoreak, tokiko baldintzen arabera desberdin irauten du hibernazioak. Zonalde bero eta idorretan estibazioa edo udako loaldia egiten du, zenbaitetan negukoa baino luzeagoa izaten da eta antzeko ezaugarriak ditu; halere, jarduera ez da hibernazioan beste jaisten (Moreno 2005).

Zuhaitzetan sarri eta trebetasun handiz ibiltzen dira baina ez muxar grisa (Glis glis) beste, hauek gehiago mugitzen dira lurrean. Eremu mugatuetan mugitzen dira, jarduera zentro baten inguruan eta distantzia txikiak korrituz (40-60 m egunean). Gazteagoak gehiago mugitzen dira eta garai ugaltzailean daudenak gutxiago (Moreno 2005).

Taldetan bizi dira eta talde desberdinen eremuak ez dira solapatzen. Talde barnean ez dago lurraldekoitasunik, arrak araldian daudenean eta emeak kumatzen ari direnean kenduta; kumeak habia utzi eta amarekin ibiltzen hasten direnean, amak lurraldekoitasun gogorra erakusten du beste helduekiko. Lurraldekoitasun hau desagertu egiten da kumeak independizatzen direnean (Moreno 2005).

Espezieen arteko elkarrekintzak

Espazioari dagokionez, badirudi arratoiarekin (Rattus rattus) gainjartzen dela hainbat lekutan. Biak batera agertzen diren lekutan muxarrak leku idorragoak baina estaldura handikoak hautatzen ditu, eta arratoiak hezeenak eta landaredia zuhaizkara dutenak (Camacho & Moreno 1989).

Hainbat mikrougaztunen harraparia da, basasagua (Apodemus) eta etxe-sagua (Mus) esaterako oso ohikoak dira bere dietan, eta baita paseriformeak -lo daudela ehizatzen ditu-, sugandilak... ere (Moreno 2005).

Oso animalia oldarkorra denez, hainbat espeziek ehizatzen dute tarteka (Valverde 1967). Hegazti-harraparien artean, urubia (Strix aluco) eta hontza zuria (Tyto alba) oso ohikoak dira, baina ez dute kantitate handia ehizatzen (Palacios 1975).  Badirudi zapelatza (Buteo buteo) dela eguneko hegazti-harraparien artean soro-muxarrak nahiko konstanteki ehizatzen dituen bakarra (Delibes 1975). Ugaztunek ere ez dute asko ehizatzen (Delibes et al. 1984).

Zenbait trematodo eta akaro bere barne-bizkarroiak dira (Moreno 2005). 

Kontserbazioa

Lokalki beherakada nabariak izan dituzte soro-muxar populazioek, seguruenik bere habitataren suntsipenagatik (Moreno 2005). 1979tik Bernako Konbenioak babesten ditu Glirido guztiak; gainera Iberiar penintsulako subespezie bat “arraroa” katalogatua dago Espainiako Ornodunen liburu gorrian (Blanco & González 1992)

Esteka interesgarriak


Bibliografia


Moreno E., Barbosa A.. 1992. Distribution patterns of small mammal fauna along gradients of latitude and altitude in northern Spain. Zeitschrift fur Saugetierkunde, 57(3): 169-175

Gigirey A., Rey J.M.. 1999. Autumn diet of the garden dormouse (Eliomys quercinus) in the northwest Iberian Peninsula. Mammalia, 63(3): 372-374

Palacios F.. 1975. Estudio ecológico del lirón careto grande (Eliomys quercinus lusitanicus) (Reuvens, 1890), en la Reserva Biológica de Doñana. Boletín de la Estación Central de Ecología, 4: 65-76

Hernández A.. 1994. Micromamíferos utilizando nidos abandonados de aves como almacenes de alimento y lugares-comedor. Doñana Acta Vertebrata, 21(2): 186-193

Moreno S.. 2005. Lirón careto – Eliomys quercinus. En: Enciclopedia Virtual de los Vertebrados Españoles.

Moreno S.. 1988. Muda de Eliomys quercinus lusitanicus (L. ) en Doñana. Boletín del Instituto de Estudios Almerienses, Extra: 379-386

Saint Girons M.C.. 1962. Inmfluence de l'intensité lumineuse sur le debut de l'activité nocturne ches quelques petits rongeurs: Apodemus flavicollis Clethrionomys glareolus et Meriones crasus. Mammalia, 26: 50-55

Delibes M., Aymerich M., Cuesta L.. 1984. Feeding habits of the Egyptian mongoose or Ichneumon in Spain. Acta Theriologica, 29: 205-218

Valverde J.A.. 1967. Estructura de una comunidad mediterránea de vertebrados terrestres. Monografías de Ciencias Moderna, 76:

Camacho J., Moreno S.. 1989. Datos sobre la distribución espacial de micromamíferos en el Parque Nacional de Doñana. Doñana Acta Vertebrata, 16(2): 239-245

Delibes M.. 1975. Alimentación del milano negro (Milvus migrans) en Doñana (Huelva, España). Ardeola, 21(Esp.): 83-107

Blanco JC , González JL. 1992. El libro rojo de los vertebrados de España. ICONA, Ministerio de Agricultura Pesca y Alimentación. Madrid
Egilea: | Sorrera: 2012/01/06 | Azken eguneraketa: 2014/08/20 | Bisita-kopurua: 3022 | Argazki nagusia: Maurice Sabatier

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...