Savi saguzarra
Hypsugo savii

Hypsugo savii edo mendi saguzarrak bere izena Paolo Savi zoologoari zor dio. Tamaina txikikoa da eta mintz, belarri eta aurpegi beltzak ditu. Belarriak motzak dira, oinarritik banatuak daude eta Pipistrellus generokoenak baino zabalgoak eta borobilagoak dituzte; trago labur eta borobildua daukate. Ilajea nahiko dentsoa eta luzea da. Gainerako Pipistrellus generokoengandik bereizten dira goiko ebakortzek bi punta dituztelako eta lehenengo hagina oso txikia izaten delako edo zuzenean ez delako agertzen.

Hypsugo savii

Phyluma
Chordata
Klasea
Mammalia
Ordena
Chiroptera
Familia
Vespertilionidae
Deskribatzailea
Bonaparte, 1837
Estatusa

Deskribapena

Tamaina txikiko saguzarra da. Belarri txikiak ditu, oinarrian banatuak daudenak, eta Pipistrellus generoko saguzarrenak baino zabalagoak eta borobilagoak. Tragoa motza eta borobildua da, bukaera zabala du eta barnealderantz zuzenduta dago. Ile nahiko luzea dauka; behealdean zuri-grisaxka izaten da, batzuetan horixka ere izan daiteken arren. Alde dortsaleko ilea bi koloretakoa izaten da, oinarria arre-beltza eta punta marroixka. Ez da ahaztu behar, ordea, ilea, askotan, urre kolorekoa izan daitekeela. Ilerik gabeko gorputzeko atalek arre iluna edo beltza daukate. Atzamarren oinarrian plagiopatagioa daukate txertaturik eta espoloian epiblema meheko uropotagioa. Azken ornoak (3-5mm) uropotagiotik kanpo ateratzen dira. Emeak arrak baino pixka bat handiagoak dira.

Antzeko espezieak

Pipistrellus pipistrellus

Belarri laburrak, forma triangeluarrekoak eta ertz borobildukoak ditu. Trago borobildu eta oso luze eta garatua dauka. Marroi koloreko ilajea dauka. Hegoetako mintzak eta ilerik ez duten gorputzeko atalak marroiak dira. Aurpegia ere marroia da, baina gainerako atalek baino tonu ilunagoa dauka.  


Pipistrellus nathusii

Espainiar estatuan desagertu da. Triangelu itxurako belarriak ditu eta tragoa laburra eta punta borobilekoa da. Alde dortsalean uropotagioa ilez estalita dago erdiraino. Buztana uropotagiotik 1mm irteten da. Udan zehar ilaje dortsala marroi-gorrixka jartzen zaie eta udazkenean ilundu egiten da. Alde bentralean marroia edota marroi-horixka da. Aurpegia, belarriak eta mintzak marroi ilunak ditu. 


Pipistrellus kuhlii

Triangelu formako belarriak ditu eta tragoak punta borobildua dauka. Uropotagiotik buztana 1mm irteten da. Ilajeak alde dortsalean kolore marroi-horixka edota marroi-gorrixka izaten du eta alde bentralean grisaxka da. Belarriak, aurpegia eta patagioa marroi ilunak dira.

Ekokokapena

Pultsuak bat-batean edo era gradual batean has daitezke eta frekuentzia ia konstantekoak dira; 30-38kHz-ko bandan egiten. Pultsuek 10-12 ms-tako iraupena daukate eta ehiza hegaldietan 7-8 pultsu bidaltzen dituzte segundoko eta desplazamendu hegaldietan, ordea, 3-4 pultsu. Beste saguzar batzuekin komunikatzeko Besteei deitzeko oso bereizgarriak diren deiak erabiltzen dituzte, 15-etik eta 40kHz-ra arteko igoera egiten dutelarik. Ultrasoinu igorpenak Pipistrellus-enak baino indartsuagoak eta frekuentzia baxuagokoak Pipistrellus nathussi-aren igorpenenak, ordea, antzekoak dira.

Banaketa

Kanariar artxipelago, Cabo Verde eta Ipar Afrikatik Mongoliara dago sakabanaturik. Europan Kanariar irlatan aurkitzeaz gain, Mediterraneo itsasoaren inguruko herrialdeetan ere, aurki daiteke (irlak barne). Puntualki agertzen da Txekiar Errepublikan, Erresuma Batuan eta Alemanian. Iberiar penintsulari dagokiola, ia lurralde osoan aurkitzen da, Kantabria, Euskal Herria, Extremadura eta Murtzian izan ezik. Hala ere, erregistratutako indibiduo dentsitatea baxua da, orokorrean, pixka bat altuagoa izanik Errioxan, Nafarroan eta Kanarietan. Badirudi, espeziea ez dela agertzen Galiziako isurialde atlantikoan eta Duero, Tajo, Guadiana eta Guadalquivir ibaien inguruan; ezta Lanzarote eta Fuerteventura uharteetan ere. Penintsulan soilik subespezie nominala ageri da. Kanariar irletan H. savii darwini subespeziea deskribatu da.

Habitata

Askotan soilik zonalde menditsu eta arrokatsuetan bizi dela kontsideratzen da, baina hainbat habitat desberdinetan topa daiteke: haran zabal eta arroka gabekoetatik, mendi zein kostaldeko amildegietaraino; landa-eremuko herri txikietako paisaia berdeetatik, hirietako parke eta beste lekuetaraino. Kanariar irletan Gran Kanariako itsas mailatik, Tenerifeko mendietaraino (2.150m) aurki daiteke. Penintsulan aurkitu izan dituzte Miño bailaran (60m) eta baita Sierra Nevadan (3.300m) ere; azken hori izanik, Europan aurkituak izan diren altitude puntu maximoa. Andaluzian 1.000m inguru sarriago topatzen dituzten bitartean, Galizian 700m-tik behera aurkitu dituzte maizago.


Elikadura

Elikadurari dagokiola, Espainian ez dute ikerketarik egin. Baina, Europan zehar egindako ikerketen arabera, ikusi izan da beraien elikadurak lepidopteroak, dipteroak, neuropteroak, himenopteroak eta hemipteroak dituela oinarritzat. Intsektu horien harrapaketa zuhaitzen gainaldetik egiten da, 5-10m-tara; amildegien ertzetan; medio akuatikoetan eta hirietako argiztapenaren inguruan hegaldi zuzen eta horizontalak eginez. 

Ugalketa eta ontogenia

Informazioa eskasa da. Baina, Kanarietan egindako jarraipenetan ikusi izan dute emeek uztailean elikatzen dituztela kumeak, ekainaren erdialdean jaiotzearekin bat datorrena (Europan batzuek uztailean ikusi dituzte kumeen jaiotzak). Gainera, Europako herrialde batzuetan 20-70 emeetako koloniak topatu izan dituzte. Esatekoa da, Eme bakoitzak bat edo bi kume izaten dituela eta normalean, Ernalketa garaia abuztu amaiera eta iraila bitartean dela.

Bizimodua

Bakarka bizi den espezie da, ernalketa eta kumeen jaiotza eta hazkuntza garaietan salbu. 250 km-tako desplazamenduak egiten dituenez, migrazioak egiteko gai den espeziea kontsideratzen dute.

Kontserbazioa

Lurralde askotan ohiko espeziea dela kontsideratzen duten arren, bere heriotza tasa nabarmendu dela ikusten da. Askok parke eolikoetako erroten hegalen kontra egiten dute talka, momentuan hiltzen direlarik. Hori arriskutsua kontsideratzen dute, gero eta errota gehiago daudelako mendizerretan. Beraz, horrek espeziaren populazioaren atzerakada nabarmena ekar dezake. Nafarroan kasu, erroten azpian aurkitzen dituzten hildako kiropteroen %62.5a erroten presentziagatik hiltzen dira.

Esteka interesgarriak


Bibliografia


Palomo LJ, Gisbert J. 2002. Atlas de los mamíferos terrestres de España. Dirección General de Conservación de la Naturaleza. SECEM-SECEMU. Madrid
Egilea: | Sorrera: 2012/11/11 | Azken eguneraketa: 2014/08/21 | Bisita-kopurua: 784 | Argazki nagusia: Antton Alberdi

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...