Mendi-tuntuna
Prunella collaris

Mendi-inguruneei estuki lotutako espezie paseriformea da mendi-tuntuna. Goi mendietako larreetan eta harkaiztietan kumatzen du, eta negua altuera baxuagoko inguruneetan igarotzen du. Euskal Herrian udan goi-mendietan bakarrik ikus daitezke; neguan, ordea, banaketa zabalagoa du. EAEko eta Nafarroako katalogoetan Interes Bereziko espezie kontsideratzen da.

Prunella collaris

Phyluma
Chordata
Klasea
Aves
Ordena
Passeriformes
Familia
Prunellidae
Deskribatzailea
Scopoli (1769)
Estatusa
lc

Deskribapena

Tamaina txikiko espeziea da, txantxangorriaren parekoa. 15-18 cm-ko luzera eta 25-30 cm-ko hego-zabalera du. Kolore apaldun hegaztia da, gris-arrea, eta sabelaldearen ertzetan kolore gorrixkak nabarmendu ohi zaizkio. Mokoaren azpialdea horixka da, eta hankak laranja kolorekoak.

Banaketa

Eurasiako mendigune nagusietan eta horien inguruan bizi den espeziea da. Mendebaldeko muga Kantabriako mendietan dago, eta ekialderantz Japoniaraino hedaturik dago.

Euskal Herrian Larra-Belagua eta Ori mendiguneetan, Aralarren, Aizkorrin eta Araba mendebaldeko mendietan aurki daiteke.

Prunella collaris Prunella collaris

Habitata

Habitat alpetarretan kumatzen duen espezia denez, zuhaitz-mugatik gora aurki daiteke udan, larre alpetarretan, harkaiztietan eta abar. Neguan, aldiz, bailara hondoetara jaisten da, eta ingurune antropikoagoetan aurkitzea ez da horren arraroa.



Habitat bereko espezie gehiago

Plecotus macrobullaris
Aquila chrysaetos
Talpa europaea
Mustela nivalis
Bubo bubo
Myotis nattereri
Rupicapra pyrenaica
Parnassius apollo
Sus scrofa
Chionomys nivalis
Myotis myotis
Tadarida teniotis
Aegolius funereus
Pyrrhocorax pyrrhocorax
Micromys minutus
Microtus agrestis
Mus musculus
Mustela erminea
Neophron percnopterus
Sorex coronatus
Microtus gerbei
Gypaetus barbatus
Pyrrhocorax graculus
Gyps fulvus
Montifringilla nivalis
Hierophis viridiflavus
Tichodroma muraria


Elikadura

Udako elikagai nagusiak intsektuak, armiarmak eta zizareak izan ohi dira, baina neguan haziak ere jaten ditu.

Ugalketa eta ontogenia

Antolaketa sozial poliginandrikoa duen espeziea da (Davies et al. 1995; Heer 1996). Populazioak 3-5 ar eta beste hainbeste emez osaturik egon ohi dira, eta guztiek lor dezakete ugaltzea. Arrak hierarkikoki antolaturik egon ohi dira, eta indibiduorik zaharrenak, normalean, ugaltzeko gainerakoek baino preferentzia handiagoa izan ohi du.

Emeek kolore urdineko 3-5 arrautza jartzen dituzte; zenbait kasutan bi txitaldi izan ditzakete urtean. Bi astez inkubatzen dituzte, txitoak jaio bitartean. Arrek txitoak elikatzen laguntzen dute, baina txitoak eurenak direla uste dutenean soilik; hots, estali dituzten emeen txitoak soilik zaintzen dituzte (Hartley et al. 1995).

Bizimodua

Habiak zuhaixken barnealdean edo harkaitzetako arrakaletan sortzen ditu. Sasoiaren araberako altitude-migrazioak egiten ditu.

Espezieen arteko elkarrekintzak

Udaren amaiera aldera hegazti-espezie gehiago gerturatzen diren arren, kumatze garaian ez dira asko goi-mendietan bizi diren hegazti-espezieak. Antzeko baliagaiak ustiatzen dituzte harkaitz-txoriak (Tichodroma muraria), belatxinga mokohoriak (Pyrrhocorax graculus), elur-txontak (Montifringilla nivalis), eta baita saguzar belarrihandi alpetarrak ere (Plecotus macrobullaris); azken honek gauez, ordea.

Kontserbazioa

Mundu mailan kontserbazio-egoera ona duen espeziea da, milioi erdi indibiduo inguru bizi direla estimatzen baita, eta, ondorioz, IUCN erakundeak Least Concern kategorian sailkaturik dago. Euskal Herrian ingurune oso mugatuetan kumatzen duenez, ordea, Interes Bereziko espezietzat jotzen da bai EAEko zein Nafarroako katalogoetan.

Esteka interesgarriak


Erlazionaturiko artikuluak

Bibliografia


Heer L. 1996. Cooperative breeding by Alpine Accentors Prunella collaris: polygynandry, territoriality and multiple paternity. Journal für Ornithologie, 137: 35-51

Hartley IR, Davies NB, Hatchwell BJ, Desrochers A, Nebel D, Burke T. 1995. The polygynandrous mating system of the alpine accentor Prunella collaris. II. Multiple paternity and parental effort. Animal Behaviour, 49: 789-803

Davles NB, Hartley IR, Hatchwell BJ, Desrochers A, Skeer J, Nebel D. 1995. The polygynandrous mating system of the alpine accentor Prunella collaris I. Ecological causes and reproductive conflicts. Animal Behaviour, 49: 769-788
Egilea: Antton Alberdi | Sorrera: 2012/05/01 | Azken eguneraketa: 2013/02/04 | Bisita-kopurua: 2371 | Argazki nagusia: Eduardo Balogh

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...