Cuvier moko-balea
Ziphius cavirostris

Cuvier moko-balea, Ziphius generoko espezie bakarra da, eta banaketa zabalena duen zifidoa. Mutur laburra du beste zetazeo espezieekin alderatuz eta bere tamaina 6 m ingurukoa da. Espezie bakartia da, eta oso zaila da espezie honen inguruko ikerketak egitea, ikusteko zailak izaten direlako. Topatu diren ale gehienak lehorreratutako indibiduoak izaten dira. Ekokokapenak garrantzia handia du espezie honen ehiza-jardueran.

Ziphius cavirostris

Phyluma
Chordata
Klasea
Mammalia
Ordena
Cetartiodactyla
Familia
Zhipiidae
Deskribatzailea
Cuvier (1823)
Estatusa
lc

Deskribapena

Cuvier moko-balea 6 eta 7 m bitarteko luzera eta 3.000 kg-ko pisua izatera iritsi daitekeen zetazeoa da. Normalean emea handiagoa izaten da, 7 m-ko luzera izatera iritsi daitekeelarik. Kumeek 2,1 m-ko luzera izaten dute jaiotzean. 

Mutur laburra izaten dute beste zetazeo batzukin konparatuz. Buruan, kolore zuria izaten dute, eta baita alde dortsalean ere. Bi ildaska dituzte buruaren azpi aldean, elikadurarako erabiltzen dituztenak. Gainerako gorputzaren kolorea alearen arabera aldakorra izaten da, kolore grisetik marroiraino iritsi daitekeelarik. Arrak eta indibiduo gazteak normalean kolore ilunagoa izaten dute, eta emeek sabelaldean kolore argiagoa. Kolore zuriko lerro bereizgarri batzuk izaten dituzte arrek, hauen arteko borroka intraespezifikoaren adierazle direlarik.

Bizkar-hegats erlatiboki laburra du, gorputzaren tamainarekin alderatuz, eta hegats dortsalak ere nahiko txikiak dira. Bestalde, beheko matrailezurra goikoa baino handiagoa izaten da, eta bertatik 60 mm-ko hortzak agertzen dira arren kasuan. Hauek dira hain zuzen ere, beste kideetan zauriak eragiten dituztenak. Emeen hortzak txikiagoak dira.

Antzeko espezieak

Hyperoodon planifrons

Espezie hauek oso antzekoak dira fisikoki, eta baita beren bizimoduari dagokiola ere. Izan ere bi espezieak oso zailak dira ikusteko eta ondorioz aztertzeko. 

Espezie hau ez da gure kostaldean agertzen, oso iparraldean eta oso hegoaldean baizik, bi poloetatik gertu.


Mesoplodon densirostris

Oso antzekoa den arren, aurpegiko hezurdura askoz nabariagoa izaten du. 


Mesoplodon europaeus

Pixka bat txikiagoa eta lirainagoa izaten da, baina kolore aldetik oso antzekoak dira biak. Hauek ere lehorreratzeko joera handia izaten dute. 

Banaketa

Itsaso guztietan daude, ur polarretan izan ezik. Ur epel eta tropikaletan aurki daitezke batez ere eta Mediterraneoan eta Atlantikoan ugariak izaten dira, baita Bizkaiako golkoan ere.

Habitata

Normalean 200 m-ko sakonera minimoa behar izaten dute bizitzeko, baina azken ikerketen arabera, kasu gehienetan 1000 m-ko sakoneran bizi izaten direla ikusi da. Horregatik, itsaspeko arroilak edo kontinente-plataforma estua eta kostan ur sakonik egon ezean, kostara ez dira hurbiltzen. Uste da espezie honek ez duela migraziorik egiten.

Normalean oso zailak izaten dira ikusteko. Ezagunak izaten dira lehorreratzeengatik, askotan pairatzen baitituzte. Oso ohikoak izaten dira ekialdeko pazifikoan. 


Elikadura

Zefalopodoz elikatzen dira gehienetan; Cranchiidae, Onychoteuthidae, Brachioteuthidae, Enoploteuthidae, Octopoteuthidae eta Histioteuthidae familiakoak normalean. Hala ere arrainak eta krustazeak ere jaten dituzte batzuetan. Ekokokapen bidez aurkitzen dituzte beren elikagaiak. Irenstea sukzio bidez gertatzen da, mihiaren uzkurtzearen eta aho-zapaiaren hedapenaren ondorioz.

Ugalketa eta ontogenia

Ez da asko ikertu espezie honen ugalketaren inguruan, baina jakin da ez dutela ugalketarako sasoi zehatz bat. Heldutasun sexualera 11 urte ingururekin iristen dira.

Bizimodua

Ez da ezaguna beraien bizimodua, izan ere ikerketa gehienak hauen lehorreratzeetatik habiatuta egin dira. Uste da espezie bakartia dela, nahiz eta batzuetan zazpi indibiduoko taldeetan ere aurkitu izan den. 

Espezie honen bizi-luzera 40 urte ingurukoa da.

Espezieen arteko elkarrekintzak

Hyperodon generoko espezieen nitxo ekologiko oso antzekoa izaten dute, hala ere, hauen gune geografikoak ez dira gainjartzen. Orka (Orcinus orca) eta marrazoen (Selachimorpha sp.) harrapakina izaten da sarritan.

Hainbat parasito pairatzen dituzte, nematodo, zestodo eta akantozefaloak izaten direnak kasu gehienetan. Ektoparasito arruntenak Xenobalanus eta Choncoderma izaten dira. Lehenengoa hegatsetan itsatsita agertzen da, eta bigarrena berriz hortzen inguruan. Endoparasitoei dagokionez, nematodoak (Crassicauda anthonyi eta Anisakis ziphidarum) eta zestodoak (Scolex pleuronectis eta Tetrabothrius sp.) izaten dira ugarienak.

Kontserbazioa

Beraien jarrera muzina dela eta, hauen arrantza ez da kantitate handietan eman izan. Hori dela eta gaur egun ez da arriskuan dagoen espezie bat. 

Bestalde, postmortem egin zaizkien hainbat azterketatan oinarrituta, heriotza arrazoi nagusienetariko bat digestio traktuan ageri dien plastikoak izaten dira.Metal astunak ere kalte nabariak eragiten dituzte animalia hauen ehunetan eta sistema immunean. 

Horrez gain, maniobra militarrak (itsas sonarrak) eta soinu handia ateratzen duten itsas ontziak dabiltzan guneetan bale espezie honen lehorreratzeak areagotzen direla ikusi da.

 

 

Esteka interesgarriak


Bibliografia


Mitchell-Jones AJ, Amori G, Bogdanowicz W, Kryštufek B, Reijnders PJH, Spitzenberger F, Stubbe M, Thissen JBM, Vohralík V, Zima J. 1999. The Atlas of European Mammals. Academic Press. Londres

Jefferson TA, Vebber MA, Pitman RL. 2008. Marine mammals of the world. A comprehensive guide to their Identification. Academic Press Inc.

Duguy R, Robineau D. 1987. Guía de los mamíferos marinos de Europa. Omega. Barcelona

Castro R, Uriarte A. 2006. Bizkaiko Golkoko Itsas Biodibertsitatearen Gida. Jaurlritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia. Gasteiz

. . World Register of Marine Species. http://www.marinespecies.org/ (2013/01/30)
Egilea: | Sorrera: 2013/02/06 | Azken eguneraketa: 2013/12/18 | Bisita-kopurua: 1694 | Argazki nagusia: Juan Carlos Andrés Ibáñez de Garayo

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...