Asperula hirta

Landaretxo hau Piriniotako endemismoa dugu. Euskal Herrian, Aizkorri mendian bakarri aurkitu da, eremu laiotzetan dauden kareharrien pitzaduretan eta lainoa nagusi den tokietan. Hala ere, populazio honen ale ugalkorren tamaina handia da eta toki zailetan bizi dela eta, ez du pairatzen gizakiaren asaldurarik. Hori dela eta, EAEko Espezie Mehatxatuen Zerrenda Gorrian 'Bakana' bezala sailkaturik dago.

Asperula hirta

Dibisioa
Magnoliophyta
Klasea
Magnoliopsida
Subklasea
Asteridae
Ordena
Gentianales
Familia
Rubiaceae
Deskribatzailea
Ramond (1800)
Estatusa
ne

Morfologia

Landare belarkara iraunkorra dugu hau, itxura soropildukoa zurtoin asko ditu eta. Zurtointxo hauek lurrazpiko estoloi gorri-arreetatik aurrera garatzen dira eta 12 cm-rainoko altuera lor dezakete. Tenteak dira, sinpleak edo dibarikatuak, glabroak edo gutxi batzutan iletsuak hostoen irtengunetik aurrera, 0,2 mm-rainoko ile txuriekin.

Hostoak

Hostoak sesilak dira, tenteak eta punta zorrotzekoak. Orokorrean lauak dira eta nerbio bakarra dute. Hauen ertza iletsua da (hortik datorkio, hain zuzen ere, 'hirta' izen espezifikoa) baina normalean ez dute hostoaren gainontzekoan ilerik izaten.

Hosto basalek 6,5-1,2 mm-ko neurria dute et 4-6 hosto-bertiziloetan multzokatzen dira. Linearrak edo lantzeolatuak dira eta loratze sasoian zehar lehortu eta erortzn dira.

Erdialdeko eta goikaldeko hostoek, aldiz, 14 x 1,5 mm-ko neurria dute eta 6 hostoetako-bertiziloetan agertzen dira. Linearrak edo estuki eliptikoak dira.

Loreak

Loreak 1,2 cm-rainoko infloreszentziatan batzen dira, kapituluen antzekoak direnak. Zurtoin bakoitzaren puntan 1-2 infloreszentzia egoten dira eta 8 mm-rainoko braktea-inbolukrua dute. Braktea hauek 6-7 bertikuluetan kokatzen dira, loreak baino motzagoak direnak eta linearrak. Gainera, 5,3 mm-rainoko brakteolak dituzte, aurrekoen antzekoak direnak.

Loreak pedizelatuak izatekotan, pedizeloak motzak dira, 1 mm-rainokoak, glabroak eta ezakreszenteak. Loreak tetrameroak dira eta kaliza, egotekotan, itxura filiformeko 2-4 pieza laburrez osaturik dago. Korola, hipokraterimorfoa da, 6,5 mm-rainokoa. 2,8 mm-rainoko lobulu batzuetan zabaltzen den 4 mm-ko hodi batez eraturik dago korola hau. Lobuluak, hodiak baino motzagoak dira, oblongoak eta barrualdetik zertxobait guruintsuak.

Androzeoak eztarritik aurrera ateratzen diren lau harizpi ditu, antera morekoak berauek. Ginezeoak 1,4 mm-rainoko obarioa du, oblongoa eta leuna, glabroak. Estiloak adar berdinak edo desberdinak izan ditzake eta globo itxurako estigmak ditu.

Fruituak

Fruitua 2,8 mm-rainoko bi merikarpok osatzen dute. Merikarpo hauek elipsoidalak dira eta leunak edo zertxobait zimurtsuak.

Banaketa

Europako hegoaldeko goi-mendietan bizi diren espezieen artean, kantabriar Pirinioetako talde endemiko txikiena osatzen du honek. Euskal Herriari dagokionez, Aizkorri mendian bakarrik aurkitu da, Pirinioen eta Kantabriako mendien artean hain zuzen. Gertueneko populazioak bertatik 100 kilometrora daude, ekialderako nahiz mendebalderako norabidean. 

Asperula hirta Asperula hirta

Ekologia

Gure latitudeetan, laiotzetako kareharrien pitzaduretan kantonatzen da landare hori, lainoa nagusi den tokietan. 1100-2600 metroko altitudean aurki dezakegu, lurzoru azidoetan (pH 3,5-5,5).

Fenologia

Uztaila edo abuztuan loratzen da eta fruituak udazken hasieran heltzen dira.

Kontserbazioa

Landaretxo hau 'Bakana' bezala sailkaturik dago EAEko Espezie Mehatxatuen Zerrenda Gorrian. Euskal Herrian populazio bakarra ezagutzen da eta bertako ale ugalkorren populazioaren tamaina milatik gorakoa da, beraz, ez du ematen arrisku handian dagoenik, gune bakarrean aurkitu arren. Gainera, toki zailetan bizi da landarea eta, beraz, ez du pairatzen mendizaletasunaren eta artzaintza estentsiboaren eragina. Hauek dira, momentuz, landare honen populazio txikiak arriskuan jar ditzaketen jarduera bakarrak.

Esteka interesgarriak

Egilea: | Sorrera: 2012/06/07 | Azken eguneraketa: 2014/09/08 | Bisita-kopurua: 1435 | Argazki nagusia: Juan Manuel Sanz Casales

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...