Artea
Quercus ilex

Eskualde mediterraneoan banatuta dago tamaina ertaineko zuhaitz hau. Ondo drainatutako lurzoru kalkareotan bizi da, kostaldeko guneetan eta, klima mediterraneo epela eta hezea dutenetan. Eskualde mediterraneoko zuhaitz nagusia da, eta, bertan, gaur egun bakanduak dauden baso zabalak eratzen ditu. Euskal Herrian artadi kantauriarrak eratzen ditu Bizkaiko eta Gipuzkoa mendebaldeko kostan. 

Quercus ilex

Dibisioa
Magnoliophyta
Klasea
Magnoliopsida
Subklasea
Ordena
Fagales
Familia
Fagaceae
Deskribatzailea
L.
Estatusa
ne

Morfologia

30 m arteko zuhaitza. Adaburu zabala eta dentsoa. Sastraka itxura ere hartu dezake baldintza gogorretan.   

Hostoak

Hostoek 3 - 4 urte irauten dute zuhaitzaren gainean; horiek lantzeolatu eta luzanga-lantzeolatu artekoak dira, ale gazteetan, orokorrean, zerratuak edo serrulatuak. 7 - 14 nerbio sekundario pare. Berde ilunak dira gainaldean eta ilupa izarkara eta hauskaraz estaliak azpialdean.

Loreak

Loreak sexubakarrak dira eta arbola berean agertzen dira bi sexuak. Lore arrak amentu horixketan bilduta agertzen dira eta, dentsoak eta zintzilikariak dira berauek; loreek 3 - 5 gingil zabal eta kamuts dituen periantoa dute. Lore emeak bakarka agertzen dira edo bikoteka pedizelo ilaundunen gainean; 6 gingil iletsudun periantoa dute.

Fruituak

Ezkurra bigarren urtean heltzen da eta heldutasunean gaztaina-kolore beltzaxka du; kandua zurruna eta ilupaduna du. Ezkurrek zapore mikatza dute.

Antzeko espezieak

Quercus rotundifolia
Quercus rotundifolia

Oso antzekoa da espezie hau, zenbaiten ustez subespezieak dira eta ez espezieak. Honen hostoek 5 - 8 nerbio sekundario pare dituzte eta ezkurrek zapore gozoa dute. Beharrizan ekologikoak ere desberdinak ditu. Halere, trantsizioko guneetan bien arteko hibridoak agertzen dira, bereizteko oso zailak.

Banaketa

Eskualde mediterraneoko espeziea. Iberiar Penintsula iparraldean eta Frantzian hasi eta, Grezia ekialderaino zabaldua kostalde mediterraneoan. Euskal Herrian artadi kantauriarrak eratzen ditu Bizkaiko kostaldean eta Gipuzkoa mendebaldeko erdian; barnealdean mendi hegal eguzkitsuak eta errekazuloak betetzen ditu eta haran estu eta babestuetan barrena eskualde mediterraneoraino iristen da, nabarmenki Ega ibaiaren iturrian.

Quercus ilex Quercus ilex

Habitatak



Habitat bereko espezie gehiago

Pinus nigra
Larizio pinua
Pinus pinea
Pinazi pinua
Ligustrum vulgare
Arbustu arrunta, Karraskiloa
Viburnum opulus
Gaukarra, Andorra
Corylus avellana
Hurritza
Cornus sanguinea
Zuhandorra
Quercus rotundifolia
Artea, Karraska


Ekologia

Ondo drainatutako lurzoru kalkareotan bizi da, normalean kostaldean edo kostatik hurbil, klima mediterraneo epelean eta apur bat hezean. Lurzoru basikoak behar ditu. Udako lehortea eta bero handiak jasan ditzake, baina ez du izozterik jasaten.

Fenologia

Udaberrian zehar loratzen da eta ezkurrak udazken azkenaldera heltzen dira. Kasu honetan, taulan loratzeko garia eta fruitua heltzeko garaia soilik jarri ditugu, ezkur heldugabeak urte osoan egoten baitira zuhaitzean, bigarren urtean heldu eta erortzeko.

Erabilerak

Egurra oso gogorra eta astuna da, baina, lehortzean bihurritu eta pitzatu egiten da eta zurgintzarako ez du estimu handirik; halere, sutarako eta ikatzgintzarako oso erabilia izan da jardun hauek galdu diren arte.

Ezkurrak jangarriak dira baina, tanino ugari dituztenez hainbatetan egosi behar dira jan aurretik. Gainera lehorgarriak dira eta, beraz, ez da asko jatea komeni. Lehortuta eta ehotuta irina egiteko erabiltzen dira eta beste zereal batzuekin nahastuta ogia egiteko. Edonola, erabilera nagusia abereen elikadura da, bereziki zerriena. 

Espezieen arteko elkarrekintzak

Hainbat onddo sepezie aurki daitezke artaditan, tartean, hain preziatuak diren boilurrak, mikorrizak eratzen baitituzte artearen sustraiekin. Ondorengo espezieak aurkitu daitezke besteak beste: Tuber aestivum, Tuber melanosporum, Astraeus hygrometricus, Torredia pulchella, Craterellus cornucopioides, Ganoderma lucidum, Hydnum rufescens, Boletus aereus, Boletus satanas, Lactarius chrysorrheus, Russula cyanoxantha, Agaricus sylvicola, Amanita verna, Entoloma sinuatum, Hygrophorus russula...

Bestalde, hainbat animalia elikatzen dira berauen ezkurretaz. 

Kontserbazioa

IUCN erakundeak ez du espezie honen egoera aztertu, baina 2011eko azaroaren 14an Ingurugiroko Ministeritzak argitaratutako 'Análisis de impactos y vulnerabilidad de la flora y vegetación españolas ante el cambio climático' txostenean, MFE-ko (Mapa Forestal Español) espezie zaurgarri bezala izendatuta dago, B kategoriaren barruan (oso altua).

Esteka interesgarriak

Egilea: | Sorrera: 2011/12/11 | Azken eguneraketa: 2014/09/16 | Bisita-kopurua: 3150 | Argazki nagusia: Fritz Geller-Grimm (Wikimedia commons)

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...