Ametz ilaunduna
Quercus humilis

Haritzen artean txikienatako bat dugu ametz ilaunduna eta hala erakusten zuen bere lehengo izen espezifikoak (Quercus humilis, 'humilis'= apala, txikia). Egungo bere izenak, beste haritzekin alderatuta duen ile kopuruari egiten dio erreferentzia. Espezie hau iraungitze arriskuan dago, bere habitataren galera dela eta. Euskal Herriko hego-mendebaldean eratzen ditu basoak baina hibridatzeko joera oso handia duenez, askotan zaila izaten da bereiztea.

Quercus humilis

Dibisioa
Magnoliophyta
Klasea
Magnoliopsida
Subklasea
Hamamelidae
Ordena
Fagales
Familia
Fagaceae
Deskribatzailea
Miller (1768)
Estatusa
ne

Morfologia

Tamaina ertaineko zuhaitza da, altueran 10-15 metrokoa (baina maiz baldintza defaboragarriak daudenean zuhaiska forman mantentzen da). Adaburu zabal eta irregularra du eta enborra ia beti bihurria. Enbor-azala arre edo gris kolorekoa izaten da gaztetan, eta adinarekin ilunduz eta zartatuz doa. Adaskak tomentu trinkoz estaliak daude. Ernamuin obiforme-tomentosoak dituzte eta kimu berriak ere iletsuak dira. Sustrai-sistema oso sendoa.

Hostoak

Hostoak erorkorrak dira, edo batzuetan martzeszenteak. Hosto berriak ilez erabat estalita daude. Formaz obatu-eliptikoak dira, luzeak, 3-12 x 1,5-7 cm-koak. Ertz krenatu-horzduna edo pinatifidoa dute, 5-8 lobulukoa. Hostoen muturra eta oinaldea borobilduak ditu. Gainealdetik subkoriazeoak dira, glabreszenteak eta berde ilun kolorekoak, baina azpialdetik oso iletsuak (hortik datorkie, hain zuzen ere, ametz ilaundun izena) eta grisak. Peziolo motza dute, 5-15 mm-koa, subzilindrikoa eta tomentoduna. 4-9 nerbio pare ditu.

Loreak

Ametz ilaundunak gerba motako infloreszentziak ditu, haizearen bidezko polinizaziora (anemofiliara) moldaturik daudenak. Zuhaiska monoikoa da, hau da, ale berdinak sexu bietako loreak ditu, ez oso deigarriak.

Gerba arrak 2,5-10 cm-koak dira, errakis ileduna dute eta taldeka multzokatuta agertzen dira, adarretatik zintzilik. Perigonioa 4-6 lobuluz eratuta dago, iledunak. Estamin kopurua aldakorra da.

Lore emeak orokorrean bakarka agertzen dira. 4-5 estilo klabiforme dituzte eta estigma aske eta dibergenteak.

Fruituak

Ametz ilaundunaren ezkurra, akenio motako fruitua da. 10-35 x 8-15 cm-ko glandea du, gaztain kolore argikoa. Bakarka edo 2-5 aleko taldetan ager daitezke eta zentimetro bat baino gutxiagoko pedunkulua dute. Kandua laburra da, 10 mm-rainokoa, zurruna eta tomentoduna. Karloa (txapela) 7-15 x 10-20 mm-koa da eta ezkata teilakatuak ditu, pubeszentzia gris trinko batez estalitakoak. Karloak, sarritan, konkordunak izaten dira.

Antzeko espezieak

Quercus sp.

Beste haritzekin hibridatzeko joera handia azaltzen du eta askotan zaila da espezie mailako identifikazioa. Euskal herrian bereziki Quercus faginea-rekin hibridatzen da Q x cerrioides sortuz, zeinean espezie batetik besterako trantsizio-formak ikus daitezkeen. Orokorrean eskualde piriniarrean aurkitzen dira populaziorik puruenak, eta aldiz, gainontzekoan arruntagoak dira hibridoak, bereziki Q x cerrioides.

Banaketa

Europako erdialde eta hegoaldeko parterik handienean aurkitzen da, baita Asiako mendebaldean ere. Euskal Herrian, hego-mendebaldeko banaketa du eta mendikate mediterranarretan basoak eratzen ditu.

Quercus humilis Quercus humilis

Habitatak



Habitat bereko espezie gehiago

Calluna vulgaris
Ainar arrunta
Viburnum tinus
Gogortxua
Ligustrum vulgare
Arbustu arrunta, Karraskiloa
Viburnum lantana
Andura, Marmaratila, Zimindurra
Erica scoparia
Erratz-txilarra


Ekologia

Mota desberdineko substratuetan hazi daiteke, maiz kareharrizko lurzoru harritsuetan aurkitzen da, ez oso sakonak. Magal lehor eta eguzkitsuetan hazi daiteke, baina soilik bere banaketa-eskualdeko iparraldean. Beste haritz espezie gehienak baino klima epelagoak behar ditu. Itsas mailatik 400-1.500 metrora aurki daiteke.

Fenologia

Apirila eta maiatza bitartean loratzen da eta fruituak udazken hasierarako heltzen dira.

Erabilerak

Bere zura ez da oso kalitate onekoa eta gainera, ez da erraza ongi garatutako enborrak aurkitzea. Antzina, sutarako egurra egiteko eta ikazgintzan erabilia zen baina egun, lanbide hori galdu dela eta, gehiegi ustiatu ziren populazio asko berriz hazten ari dira.

Kontserbazioa

IUCN erakundeak ez du espezie honen egoera aztertu baina baina 2011eko azaroaren 14an Ingurugiroko Ministeritzak argitaratutako 'Análisis de impactos y vulnerabilidad de la flora y vegetación españolas ante el cambio climático' txostenean, MFE-ko (Mapa Forestal Español) espezie zaurgarri bezala izendatuta dago, A kategoriaren barruan (kritikoa).

Esteka interesgarriak

Egilea: | Sorrera: 2012/01/19 | Azken eguneraketa: 2014/09/16 | Bisita-kopurua: 1727 | Argazki nagusia: Maite Lopez de Arbina

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...