Hagina
Taxus baccata

Europako parterik handienean, Asiako mendebaldean eta Afrikako iparraldean sakabanaturik aurkitzen dugu zuhaitz hau. Euskal Herrian, mendi-ingurune guztian dago, nahiz eta ia inoiz ez duen populazio handiegirik eratzen. Munduko zuhaitzik zaharrenetakoa da, izan ere 2.000 urte biziraun dezake. Zuhaitz toxikoa dugu, bere parte guztiak toxikoak baitira hazia inguratzen duen ariloa izan ezik. Espezie hau babesturik dago bere hedadura eskasa dela-eta.

Taxus baccata

Dibisioa
Pinophyta
Klasea
Pinopsida
Subklasea
Taxidae
Ordena
Taxales
Familia
Taxaceae
Deskribatzailea
L.
Estatusa

Morfologia

Zuhaixka edo 20 metroko zuhaitza izan daiteke. Noiz behinka zabaltzen da oinetik, baina orokorrean adaburuaren forma piramidala izaten da. Kolore berde ilunekoa, adar ugarikoa eta horizontalean edo pixka bat zirtzilaturik hazten dira. Sarritan eitea ezberdina da hazten den kokagunearen arabera. Enbor lodia du, 1,5 m-ra irits daitekeena. Azal mehekoa, sarritan laminak askatzen dira eta kolore gorri-grisaska du.

Hostoak

Hosto iraunkorrekoa da. Hostoak 10 - 30 x 3 mm bitartekoak dira, partzialki beherantz makurtuak, berde ilunak gainaldean eta berde-horixkak azpialdean. Hiru urtetan berde mantentzen dira. Ilera zapaldu batean kokatuak, hostoak txandakatuak izan ohi dira adarrean zehar. Oso toxikoak dira eta ez da komeni usaintzeko zapaltzea. Kimuak berde argiagoak eta 2 mm-koak dira.

Loreak

Landare dioikoak dira. Oin arrek hosto galtzarbean ematen dituzte konoak. Kono edo estrobilo hauek bakartiak eta horiskak dira eta adarren azpialdean ezartzen dira. Udaberri hasieran adaburua zuritzen dute beren polen hodeiak askatu baino lehen. Oin emeetako hazi-hasikinak hosto-galtzarbean jaiotzen den pedunkulu labur baten puntan aurkitzen dira.

Fruituak

Forma oboidea dute eta oinaldean braktea berdexka batek biltzen ditu. Braktea hau garatu egiten da heldutasunean, hazia ia erabat estaltzen duen bildukin mamitsu gorri bat bihurtuaz. 

Banaketa

Europako parterik handienean, Asiako mendebaldean eta Afrikako iparraldean sakabanaturik dago. Nafarroako hego-erdialdean salbu, ale bakanak aurki daitezke mendietan sakabanatuta.

Taxus baccata Taxus baccata

Ekologia

Ingurune hezeetan, edozein substraturen gainean haz daiteke. Normalean bakanka agertzen da, arraroak dira haginadiak gaur egun, baina, garai batean ugariagoak izango ziren; hori adierazten du haginaren egungo banaketak eta zuhaitz honek utzi duen toponimiak.

Fenologia

Negu bukaeran edo udaberri hasieran loratzen da eta, fruituak uda bukaeran edo udazkenean heltzen dira.

Erabilerak

Bere egur gogor eta trinkoa oso preziatua dago ebanisterian (egurraren lanketa finean) eta baita tornerian ere. Historiako arkurik hoberenak egiteko erabilia izan omen da bere egurra. 

Lorezaintzan apaingarritzat oso erabilia izan da, bai hagina eta baita beste barietate edo espezieak ere.

Bestalde, aipatu beharra dago Euskal mitologian bere txokotxoa baduela. Hasteko bere toxikotasuna dela-eta, izan ere kondaira batzuk diotenez, baskoiek pozoi hau erabili zuten erromatarren eskuetan erori baino lehen eta baita gerra garaian ere arerioaren zaldiak hiltzeko. Bestalde, zuhaitz hauen gerizpean egin izan dira herri askoren batzarrak, hori dela eta herri askok babestu eta apreziatu dituzte. Honen frogatzat har ditzakegu armarri askotan duten presentzia eta baita hainbat euskal tokiren zein izenetan izan duten eragina: Agineta, Aginalde, Aginaga, Aginarte...

Kontserbazioa

EAEko Espezie Mehatxatuen Katalogoan 'Interes Berezikoa' bezala sailkatuta dago. Iraganean oso jazarria izan zen eta egun pixkanaka berreskuratzen ari den arren, espezie dioikoa izateak (arrak eta emeak bereizita egoteak) eta hazkunde izugarri geldoa izateak, berreskuratzea zaildu egiten dute. Espeziea kontserbatzeko eta berreskuratzeko, lurralde osoan zuhaitz hau mozteko debekuari eutsi behar zaio eta haginaren zuhaiztien dinamika naturalaren jarraipen bat egitea beharrezkoa da. Gaur egun espezie honen atzerapena gertatzen ari da. 

Esteka interesgarriak


Esteka interesgarriak

Egilea: | Sorrera: 2012/01/29 | Azken eguneraketa: 2013/05/22 | Bisita-kopurua: 1457 | Argazki nagusia: Dennis Stevenson
Azken espezieak

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...