Siberiako zumarra
Ulmus pumila

Siberiako zumarra Asia iparraldekoa da jatorriz, hain zuzen ere, Siberia, India eta Txinakoa. Neurri ertaineko zuhaitza da, 10-20 m-koa. Udaberrian loratzen da, hostoak garatu baino lehen. Gainontzeko espezieetatik bereizten da auto-polinizatzeko gaitasuna garatuagoa duelako. Klima epeletan zuhaitzak ez du asko bizirauten, gutxitan iristen da 60 urteetara, baina ingurune optimoetan 100-150 urterainoko biziraupena izatera iritsi daiteke.

Ulmus pumila

Dibisioa
Magnoliophyta
Klasea
Magnoliopsida
Subklasea
Ordena
Urticales
Familia
Ulmaceae
Deskribatzailea
Linneaus 1753
Estatusa
ne

Morfologia

Hosto erorkorreko zuhaitza da, 20 m-rainoko altuera izan dezakeena, baina normalean ez da 15 m baino garaiagoa izaten. Enborra zuzena da eta adarrak altueran irekiak, normalean eroriak eta gaztetan ilaundunak dira. Bereziki ale helduetan enbor-azala grisa eta zartatua izaten da. Lehen urteetan hazkuntza azkarra du. Nahiko sustrai-sistema oldarkorra du.

Hostoak

Hostoak eliptikoak eta lantzeolatuak dira, txandakatuak eta oin saimetrikodunak. Txikiak  dira, ez dira luzean 8 cm-ra iristen  eta ertzak horzdunak ditu. Gainaldea berde iluna eta ilegabea da eta azpialdea argiagoa, ile sakabanatuekin. Nerbio sekundarioak nabariak dira, zuzenak eta paraleloak.

Loreak

Loreak hermafroditak, txikiak, ia eseriak, faszikulatuak adartsoetan eta monoikoak dira. Kolore berde-gorrixkakoak dira. Estaminak bioleta kolorekoak dira. Periantoa iraunkorra eta lobulatua da, ertz ziliatuekin. Ilegabea da, estigmako gainazala izan ezik.

Fruituak

Samara da fruitua eta zabala, txikia (10-15 mm), zuri-marroia eta biribila da. Oso ugariak dira. Samara, hostoak atera eta berehala agertzen da. Hazia fruituaren erdian dago kokatua, baina batzuetan punta aldera desplazatua egoten da. Ertza kamutsa edo mukroiduna da, luzatua izaten dena.

Antzeko espezieak

Ulmus parvifolia

Normalean zumar txinatarrarekin (U. parvifolia) nahasten da, oso antzekoak baitira. Enbor-azala ezkatakara duelako eta uda-udazkenean loratzen delako desberdintzen da.


Ulmus glabra
Ulmus glabra

Zumar hostozabala Ulmus generoko hostorik handienak dituena da eta gainontzekoak baino enbor azal leunagoa du. Altitude handiagoetara igotzen da mendian bere ahaideekin konparatzen badugu, esaterako zumar hostotxikiarekin.


Ulmus minor
Ulmus minor

Bereizten da bere enborra zilindriko eta zuzenagoa delako, adarrak tamaina handiagokoak dituelako eta enborraren beheko aldetik adarkatzen direlako. Oin asimetrikoa du eta hostoaren lobulu basala periantoa baino motzagoa delako bereizten da, baita fruitua samararen goiko lehen herenean kokatua duelako ere. Siberiako zumarrarekin (U. pumila) hibridatu da Iberiar penintsulan, zumar hostotxikiaren kontserbazioan arazoak sortuz.

Banaketa

Tuerkestan, Siberia, Mongolia, Xizang (Tibet), Txina iparraldea, India (Kaxmir iparraldea) eta Koreakoa da jatorriz, baina, gaur egun hainbat herrialdetan landatua izan da, esaterako: Asia, Ipar Amerika eta, ez horrenbeste baina, baita Europa hegoaldean ere. Gune batzuetan aloktonoa kontsideratzen da.

Euskal Herrian ez dago zitatua, ez da naturalizatu, baina herrietako parkeetan aurkitu dezakegu.

Penintsula Iberiarrean soilik Henares eta Jarama ibaietako gune konkretuetan zitatu da.

Europan Arboretum eta jardinetan aurkitzen da espezie hau, ez da naturalizatu.

Ulmus pumila Ulmus pumila

Habitatak



Habitat bereko espezie gehiago

Tilia cordata
Ezki hostotxikia
Tilia platyphyllos
Ezki hostozabala
Cedrus atlantica
Atlaseko zedroa
Cedrus deodara
Himalaiako zedroa
Cornus sanguinea
Zuhandorra
Ulmus glabra
Zumar hostozabala
Tilia tomentosa
Ezki zilarkara
Betula pendula
Urki dilindaria


Ekologia

Malda, haran eta lautadetan agertzen da, 500-800 m-ko altitudean. Oso ongi hazten da klima lehorretan. Argiarekiko menpekotasun handia du eta ez du itzala jasaten. Ez ditu lurzoru hezeak gogoko, ongi drainatutako lurzoruak nahiago ditu. Hala ere, edozein lurzoru motetara moldatzen da, kareharrizkoak barne. Lehorte eta hotz handiak jasateko gai da. Izozteekiko nahiko sentibera da geldialdi begetatibo laburra, udaberrian berehala loratu eta hazkuntza azkar jarraitua duelako.

Gune batzuetan basati bihurtu da. Izan ere, zumar hau grafiosi gaixotasunarekiko erresistenteagoa da.

Fenologia

Martxo-apirilean loratzen da eta haziak maiatza eta ekainean sakabanatzen ditu. Haize bidez barreiatzen dira. Hostoak sortu baino lehen loratzen da.

Erabilerak

Bereziki apaingarritzat erabiltzen da, baina nahiko zuhaitz pobrea da, biziraupen laburra eta egur hauskorra duelako. Hazkuntza azkarra du eta zumar guztien artean grafiosi gaitza hoberen jasaten duena da. Horregatik, nahiz eta hainbat lekutan espezie aloktonoa izan, gehiago kultibatzen da. 

Gainera, inguruko baldintzak eta baldintza edafikoak jasateko gaitasun handiagoa du, zumar autoktonoa den zumar hostotxikiarekin (U. minor) konparatzen badugu. Nahiko erraz bertakotzen da errepideetako ertz eta harrotu berriak diren etxe lurretan.

Erresuma Batuan bonsai gisa erabiltzen da.

Espezieen arteko elkarrekintzak

Nahiz eta grafiosiarekiko erresistentzia handia duen, gainontzeko zumar gehienak bezala, intsektu eta bizkarroiekiko sentibera da. Esaterako, Xanthogaleruca luteola zumar hostoko kakalardoaren onddoaren gaixotasuna, Nectria cinnabarina onddo patogenoak sortutako oidioa eta txankro gaixotasuna ditu. Hala ere, zumar dilindaria gainontzekoak baino erresistenteagoa da Verticillium onddo generoak sortutako gaixotasunaren aurrean.

Patogenoez aparte, hainbat animalien habitata da. Ohikoa da ekaitzen ostean adarrak erortzea, enborrean hutsuneak sortuz. Hainbat hegaztirek hutsuneak habileku bilakatuko dituzte, hala nola: txolarreek, araba zozoek, okilek eta beste hainbatek. Kattagorriek ere hutsune hauek erabiltzen dituzte gordeleku gisa eta hazietaz edo kimuetaz elikatzen dira batzuetan.

Kontserbazioa

Estatu Batuetan espezie aloktonoa bilakatu da, bertakoa den U. rubra-rekin hibridatu eta Argentinako panpara iritsi baita. Europan, Espainian zabaldu da gehien bat eta bertakoa den zumar hostotxikiarekin hibridatu da, azken honen kontserbazioan arazoak sortuz.

Argiarekiko duen menpekotasuna dela eta, normalean ez ditu baso natural helduak inbaditzen. Gune ireki eta hiriak inbaditzen ditu, bereziki garraiobideen ertzak.

Esteka interesgarriak

Egilea: | Sorrera: 2013/02/08 | Azken eguneraketa: 2013/12/30 | Bisita-kopurua: 1596 | Argazki nagusia: Luis Fernández García

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...