Urbasa-Andia
Nafarroa

Urbasa-Andia Nafarroako mendebaldean dagoen ingurunea da, eta Urbasa eta Andia mendizerrek osatzen dute. Urbasa izenak etimologikoki lokazti esan nahi omen du, mendizerra honetan baso ugari baitaude eta bertan hezetasun handia pilatzen delako. Andia mendizerrak, berriz, haren tamainarengatik jaso omen du izena.

Ingurune malkartsu honen mendirik garaiena San Donato mendia da (1492 m.), Andia mendizerra luzangaren soslairik esanguratsuena osatuz. Bertatik mendebaldera 900 metro inguruko altuera duen plataforma zabaltzen da, larrez eta basoz beteta. Bien artean 210 km2 baino azalera handiagoa osatzen dute, eskualde bioklimatiko atlantikoaren eta mediterraneoaren arteko hesia.

Argazkia: Theklan (Wikimedia Commons)
Urbasa-Andia
Artikuluari buruz
Egilea:
Sorrera: 2012/11/03
Azken eguneraketa: 2014/10/17
Bisita-kopurua: 2564

Motzean
Geografia
Hedadura: 210 km2 baino gehiago km2

Udalerriak: Goñi, Ollo, Ergoiena, Ameskoa, Deierri, Lezaun, Gesalaz

Mendiak: Beriain, Txurregi, Txargain, Pagomotxeta, Baitza, Bargagain, Gainsoil, Larregoiko, Ekaitza, Bardoitza, Sarbil
Kontserbazioa
Figurak: Parke Naturala, Kontserbazio Eremu Bereziak (KEB)

Biologia

Ingurunearen batez besteko tenperatura 8 eta 9 gradu ingurukoa da, batez besteko altuera 1000 metro baino altuagoa delako. Halere, tenperaturak 14 graduko gorabehera dauka eta abuztua izaten ohi da hilabeterik beroena. Urtean batez beste 1300 eta 1800 mm arteko prezipitazioak jasotzen dira ingurune honetan (abenduan gehien eta uztailan gutxien), horietako asko elur moduan. Horregatik, eta tenperatura hotzak direla eta, lurra elurrez estalita aurki daiteke urtean 40 bat egunez.

Hezetasun eta tenperatura baldintza hauetan pagadia da gailentzen den basoa (ingurunearen %70a betetzen du). Gainera, arroka nagusia kareharria denez lurrak jasotako ur gehiena lur-azpira iragazten da, eta horrek pagoari mesede egiten dio (pagoak burua busti eta oinak lehor). Halaber, arroka-mota horregatik garatzen den lurzoru basikoan pagadi basofiloa da Urbasa-Andia ingurunean zabaltzen den baso mota nagusia. Pagadian pagoarekin batera astigarrak, ezkiak, haginak, gorostiak eta lizarrak aurkitu daitezke, bai eta elorriak, nartzisoak, otsababak, eguerdililiak… ere, nahiz eta pagadiaren oihanpea nahiko txiroa izan. Pagadiotan anfibio espezie ugari bizi dira, uhandre palmatuak, arrabioak eta baso-igel gorriak besteak beste. Hegaztiei dagokienez, txontak, kaskabeltzak, amilotx urdinak, okilak, birigarroak, aztoreak, zapelatzak, urubiak… ikus daitezke, bai eta katagorriak, muxarrak, azeriak, azkonarrak, lepazuriak edota basakatuak ere. Pagadiaz gain erkamezti gutxi batzuk ere badaude, ingurunearen ipar-mendebaldean, bai eta karraskadiak ere, klima mediterraneoak eragina duen txokoetan.

1000 metrotik gora, ordea, basoak urritu eta ipuruz eta elorriz betetako larre xerofiloak azaltzen dira, Andiako mendizerran batez ere, lekuan leku garai luzez elurraz estalirik egoten direnak. Larre hauetan albitz-belarrak, gentzianak… hazten dira. Belaze zabal hauek hegatxabal, buztanzuri, pitxartxar, txirta, buztangorri eta txoken bizileku dira, eta trikuak, satorrak eta erbiak ere ibiltzen dira bertan. Azkenik, bi mendizerra hauetan erliebe oso malkartsuak ere aurkitu daitezke, eta horietan oso landare-komunitate bereziak azaleratzen dira, lurraren lehorrera, elur metaketara, intsolazio handira eta haizete gogorretara moldatutakoak. Azken ingurune gogor honetako trokarteetan sai arreak, sai zuriak, belatzak, beleak, belatxingak eta haitz-enarak bizi dira. Azkenaldian ugatzak ere ikusi dira.

Geologia eta geomorfologia

Urbasa-Andian kareharria da gailentzen den arroka, Kretazeoan eta Miozenoan metatutako materialek osatuta (hau da, gutxi gora behera orain dela 100 eta 20 milioi urte artekoak). Orain dela 140 eta 45 milioi urte artean ingurune hau sakonera gutxiko itsaspeko arro batean zegoen, eta bertan koralak, moluskuak, krustazeoak eta abar bizi ziren. Bada, animaliok hiltzen joan ahala kanpo-eskeleto edo maskorrak hondoan pilatzen joan ziren, eta horrekin batera osagai nagusia den kaltzio karbonatoa. Geroago sedimentu geruza hori kareharri bihurtu zen besteak beste gainean zegoen uraren presioaren eraginez. Areago, ingurune honetako kareharrietan erregistro fosil izugarri eta garrantzitsua aurki daiteke (Lizarragako faila inguruan batez ere), Europako Kretazeo-Tertziario garaiko iraungitze masiboaren ondotik hazitako lehen arrezifeen aztarnategi bakanetako bat. Egun kareharri geruza honek 400 metro (hegoaldean) eta 800 metro (iparraldean) bitarteko lodiera dauka, eta orain dela 140 milioi urte itsaspean pilatutako buztinek eratutako margen gainean daude.

Duela 85 eta 24 milioi urte inguru iberiar plakak Eurasiar plakaren kontra talka egin zuen eta Pirinioak osatu ziren. Gainera, talka horren eraginez Pirinioetatik bi aldeetara lurrean tolesdura ugari altxatu ziren, baita Urbasako eta Andiako sinklinala ere. Egun, ordea, sinklinal horri sinklinal eskegia deritzo Sakanako bailara inguruan zegoen antiklinala higatu eta desagertu denez Urbasa-Andiako sinklinala altxatuta dagoela dirudielako. Talkak eragindako tolesdura horien ondorioz itsaso azpian zeuden arrokak azalera atera ziren. Talka horrek konplexutasun handiko egiturak ere sortarazi zituen. Horren adibide dira Andia mendizerrako tolesdura antiklinal eta sinklinalak (San Donatoko sinklinala, Ulanz-Sarbileko antiklinala…), eta tolesdurok perpendikularki mozten dituzten failak ere (Lizarragakoa batik bat). Bestalde, Urbasa-Andiako ekialdeko mugan Anotz, Ollo eta Jaitzeko diapiroen aztarnak ikus daitezke. Izan ere ingurune hau itsaspean zegoen garaian hondoan gatz-materialez osaturiko masa bat gelditu zen. Gatzak plastikotasun handia du, eta dentsitate txikia; ondorioz, azalerantz igotzeko joera du, baina gaineko harkaitzek irteera eragozten dute. Bada, lehen aipaturiko gorabehera geologikoek (faila edo tolesturek) gatza azalerantz bultzatu, goiko geruzak zulatu eta kupula-forman azalerarazi zuen. Gero, material bigun eta disolbagarri hori higatu eta, ondorioz, krater-formako ibar bereziak sortu ziren; Ollarangoa bezalakoa, adibidez.

Edafologiari dagokionez, Urbasako larre inguruan lubisol motako lurzoruak agertzen dira, bertako arroketan iragazkortasun baxuagoa dagoelako eta zona laua delako. Berauetan humus kantitate nahikoa egoten ohi da, eta askotan putzuz betetzen dira. Bestalde, podzol motako lurzoruak ere agertzen dira Urbasa-Andiako mendebaldean. Hauek klima hotzagatik, arroka txiro eta iragazkorragatik eta bertako landaredi azidifikatzaileagatik eratzen dira.

Arestian aipatutako kareharriak Urbasa-Andia inguruneko paisaia karstikoa ondorioztatu du. Izan ere euri-urak eta aireko CO2ak azido karbonikoa emanez erreakzionatzen dute, eta gero azido horrek kareharria disolbatzen du. Horrela dolinak, poljeak eta ubalak zizelkatzen dira lurraren kanpoaldean (Zaldibeko poljea, adibidez). Edonola, azido karbonikoa kareharrian zehar iragazten da eta bidean kareharriaren kaltzioa ere eramaten du berekin. Aitzitik, likidoa barnealdeko zulo edo kobaren batera iristen denean zeraman kaltzioa askatzen du (berau sabaian edota lurrean metatu daiteke estalaktitak edo estalagmitak eraikiz, hurrenez hurren). Horrekin batera CO2a ere askatzen da eta urak lurraren barnealdetik galeriak eta arrakalak eratuz bidaiatzen du. Ura kareharrian zehar aise iragazi ahal bada ere, bat-batean azpian dagoen margarekin egiten du topo (marga harri iragazgaitza da) eta orduantxe eteten da bere beherako ibilera. Margaren gainetik labaindu eta irteera-zuloren bat aurkitzen duenean ura iturburuetatik ateratzen da.

Urbasa-Andiako lur-barneko urak 5 akuifero nagusitan metatzen dira: 2 Urbasako mendizerran eta 3 Andiakoan. Urbasako akuifero nagusia 175 km2-ko azaleran eroritako urek betetzen dute eta Urederrako iturburutik husten da (mendizerraren hegoaldean). Andian, ostera, Artetako iturburuarekin komunikatzen den akuiferoa da nagusiena eta 100 km2-ko azaleran eroritako urak jasotzen ditu. Halaber, Andiako mendizerran Errezuko eta Ibero-Etxauriko iturburuak eta dagozkien akuiferoak ere badaude. Edonola, Urbasa-Andiako iturburuek guztira urtean 296.000 milioi litroko ur-emaria dute gutxi gora behera.

Kontserbazio-figurak

Urbasa eta Andia mendizerrak erresumarenak ziren eta, horregatik, lege estatus berezia izan dute orain gutxi arte. Horren arabera, nafar guztiek haien abereak bertara larratzera eramateko, bertan etxolak egiteko eta egurra ateratzeko eskubidea zuten. Erresumarena izateari utzi ziotenean Estatuko Mendiak izatera igaro ziren mendizerrok. Azkenik, 1987. urtean, 334/87 Erret Dekretuaren bitartez Urbasa eta Andiako Mendizerrak Nafarroako Foru Erkidegoari eman zitzaizkion. Ingurunea 1997an Natur Parke izendatu zen eta kudeaketa planak nafarrek ingurunea erabiltzeko zituzten eskubide historikoak arautzen ditu.

Hauek dira inguru honetako kontserbazio-figurak:

  • Urbasa-Andia Natur parkea (PN 2)
  • Urederraren iturburua Natur Erreserba (RN 14)
  • Basaura Natur Erreserba (RN 15)
  • Basaurako artea Natur Monumentua (MN26)
  • Otsaportilloko hagina Natur Monumentua (MN30)
  • Ameskoako pagoa Natur Monumentua (MN33)
  • Lezaungo astigarra Natur Monumentua (MN34)
  • Irañetako haritzak Natur Monumentua (MN45)
  • El Centinela Natur Monumentua (MN5)
  • Arakil Ibaia Garrantzi Komunitarioko Eremua (ES2110023)
  • Ega-Urederra ibaiak GKE (ES2200024)
  • Entzia Garrantzi Komunitarioko Eremua (ES2110022)
  • Arakil ibaia Kontserbazio Bereziko Eremua (ES2110023)
  • Urbasa-Andia Kontserbazio Bereziko Eremua (ES2200021)
Urbasa-Andia
Deskargatu mapa: JPG formatuan (Irudia) | (Google Earth)

Nola iritsi

Bi bide nagusi daude Urbasa-Andiako goi larreetara hurbiltzeko. Olazti eta Lizarra elkartzen dituen eta Urbasako mendizerratik igarotzen den NA-718 errepidea batetik, eta Etxarri-Aranatz eta Lizarra elkartzen dituen eta Andiako mendizerratik doan NA-120 errepidea bestetik (azken hau, gainera, Lizarragako failara hurbiltzen da). Bestalde, Ollaranera eta Goñi ibarrera NA-7030 errepidetik joan daiteke, Artetako iturburutik gertu.

Zer egin

Urbasa-Andiako ingurunean markatutako ibilbide ugari dago. Ezagunenak ondoko hauek dira: Urbasako iturrien ibilbidea, artzaien bidea, mendizaleen bidea eta Dulantz eta Irantzuko arroila. Gainera, Urbasa-Andiako inguruan trikuharri, dolmen eta monumentu megalitiko ugari dago.

Bestalde, Urbasan informazio zentro bat badago eta Severinoren bordan garai batean artzaiak nola bizi ziren ezagutu daiteke. Halaber, Artetako eta Urederrako iturburuak bisita daitezke.

Ibilbideak

Argazkiak

Andiako mendizerra
( 2012/12/17 )
Pagadi sorgindua 01
( 2012/12/17 )
Pagadi sorgindua 02
( 2012/12/17 )
Pagadi sorgindua 03
( 2012/12/17 )
Pagadi sorgindua 04
( 2012/12/17 )
Urbasako ikatz-hobia
( 2012/12/17 )

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...