Onddoak

Boletus badius
Onddo arrea

Boletus hau jangarri ona izan arren, zenbait perretxikozalek bota egiten dute ukitzean edo ebakitzean mami zuria urdindu egiten delako. Onddo honek perretxikoa udazkenaren hasieran sortzen du, hostozabalen eta koniferoen azpian. Txapelak eta hankak oso forma ezberdina ager dezakete; txapela esferaerdi edota ganbil-zabal forma izan dezake, eta hankak klabiforme eta zilindro forma. Txapelak gaztaina koloreko tonuak ditu, hankak berriz, kolore argiagoa izaten du. Hodiak adnatuak dira eta hori-zurixkak edo oliba kolorekoak.

Argazkia: Aranzadi Zientzia Elkartea
Boletus badius

Artikuluari buruz
Egilea:
Sorrera: 2012/02/13
Azken eguneraketa: 2012/02/13
Bisita-kopurua: 1076

Motzean
Taxonomia
Dibisioa: Basidiomycota
Klasea: Basidiomycetes
Ordena: Boletales
Familia: Boletaceae
Deskribatzailea: (Fr.) Fr. (1832)
Sinonimoak
Boletus castaneus var. badius
Ixocomus badius
Rostkovites badia
Suillus badius
Xerocomus badius
Ekologia
Mikorrizikoa
Jateko balioa
Jangarria
Perretxiko-garaia
Perretxikorik ez
Perretxikoak bai

Makromorfologia

Pileoa

Txapelaren diametroa 3-15 cm-koa da. Formari dagokionez, oso aldakorra da, esferaerdi formatik ganbil zabalera. Kutikula leuna da, eguraldi hezea denean likatsua. Kolore aldakorra agertu arren, beti gaztaina-tonuen artekoa da. Normalean, oso zaila da txapela mamitik askatzea.

Estipea

Hanka oso aldakorra da, 4-12 x 1-3 cm-ko tamaina du, eta klabiforme eta zilindro arteko forma dauka. Txapela baino kolore argiagoa izaten du, maiz horiz lausotua eta saihetsak ilunagoak. Hodien inguruan kolore zurixka du.

Mamia

Ia zuria da, ebakitzean pixka bat urdintzen dena. Usain atsegina du, eta zapore geza eta fina, oso atsegina. 


Mikromorfologia

Esporak

Jalkinean oliba-marroi kolorea izaten dute eta 11-15 x 4,5-6 μm-ko tamaina dute esporek.


Ekologia

Habitata

Hostozabalen eta koniferoen azpian agertzen da.

Perretxiko-garaia

Udazkenaren hasieran ateratzen da, baina abuztuan ere topatu izan da. 

Jateko balioa

Jangarri ona da.

Antzeko espezieak
Kolore marroiko Boletus-ak

Mamia urdintzea da onddo arrea besteetatik bereizteko ezaugarri nagusia.


Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...