Onddoak

Boletus satanas
Satan perretxikoa

Euskal Herriko Boletus mardulenetakoa da. Txapela zuri grisaxka da, ez du inoiz kolore arrosaxkarik edo gorrixkarik. Txapelarekin konparatuz, hanka txikia du, eta sareduna gainera. Mamia zuri horixka da, baina moztean berehala urdintzen da. Usain desatsegina eta zapore gozoa du. Espezie hilgarria ez den arren, oso pozointsua da; tripako oinatze latzak sor ditzake.

Argazkia: Aranzadi Zientzia Elkartea
Boletus satanas

Artikuluari buruz
Egilea:
Sorrera: 2012/02/06
Azken eguneraketa: 2012/02/06
Bisita-kopurua: 1283

Motzean
Taxonomia
Dibisioa: Basidiomycota
Klasea: Agaricomycetes
Ordena: Boletales
Familia: Boletaceae
Deskribatzailea: Lenz. (1831)
Sinonimoak
Tubiporus satanas
Ekologia
Mikorrizikoa
Jateko balioa
Toxikoa
Perretxiko-garaia
Perretxikorik ez
Perretxikoak bai

Makromorfologia

Pileoa

Txapela, hasieran hemiesferikoa den arren, gero ganbil eta ganbil-zabalduaren forma du. Diametroa 10-30 cm-koa da, mamitsua, trinkoa eta zuri grisaxka kolorekoa. Perretxiko honek ez du inoiz kolorazio arrosarik edota gorririk. Ertz inbolutua du, eta gingildurak edo tolesturak izaten ditu askotan. Kutikula belusatua da gazteetan.

Estipea

Txapelarekin alderatuz, hanka oso motza da, 4-15 x 3-10 cm-koa. Oso barrunbetsua da, goialdea horia, erdialdea gorrixka eta oinarria hori-arrexka da. Saretxo gorri-laranja du.

Mamia

Lodia eta zuri horixka kolorekoa da; ebakitzean urdindu egiten dena. Hasieran usain nahiko ahula izaten du, garraztua, baina ondoren oso desatsegina. Zapore gozokoa da.


Mikromorfologia

Esporak

Jalkinean oliba-marroi kolorea du, eta esporek 12-15,5 x 5,5-7 μm-ko tamaina dute. Fusiformeak dira.


Ekologia

Habitata

Espezie termofilo hau, hostozabalen basoetan agertzen da; harizti eta pagadietan batez ere, karezko lur basikoak dauden ingurunean.

Perretxiko-garaia

Perretxiko hau uztaila eta abendu bitartean ateratzen da.

Jateko balioa

Nahiz eta izen deigarria izan, ez da onddo hilgarria, bai ordea oso pozoitsua, gordinik janez gero batez ere. Purga-ondorioak dituzten sabeleko arazoak eragiten ditu, eta ondoren, tripako oinaze latzak sortzen ditu.

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...