Onddoak

Mutinus caninus
Txakur-zakila

Euskarazko izenak adierazten duen bezala, onddo honek txakur baten zakilaren antza dauka. Phallus impudicus onddoarekin nahastu daitekeen arren, M. caninus txikiagoa da eta alea heldua denean kolore gorriko gleba izaten du. Arrautzak ere, forma luzanga dauka. Espezie hau usteltzen hari den hosto eta egurren gainean garatzen da hostozabalen zein koniferoen basoetan. 

Argazkia: Asier Uribeetxebarria
Mutinus caninus

Artikuluari buruz
Egilea:
Sorrera: 2013/11/16
Azken eguneraketa: 2013/11/28
Bisita-kopurua: 1446

Motzean
Taxonomia
Dibisioa: Basidiomycota
Klasea: Agaricomycetes
Ordena: Phallales
Familia: Phallaceae
Deskribatzailea: (Huds.: Pers.) Fr.
Sinonimoak
Phallus caninus
Aedycia canina
Cynophallus caninus
Ekologia
Saprobio humikola
Jateko balioa
Baliogabea
Perretxiko-garaia
Perretxikorik ez
Perretxikoak bai

Makromorfologia

Fruitu gorputza

Onddo hau garatzen ari den bitartean aldaketa handiak pairatzen ditu. Alea gaztea denean arrautza luzanga baten forma dauka. Kolore zuriko arrautzak, mizelio ikusgarriak garatzen ditu, sustraiak bailitzan. Karpoforoa garatzen den heinean arrautza bazter batetik sartatzen da, kolore zuriko hanka zilindrikoa irten dadin. Hanka hau, nahiko luzea eta mehea izaten da 6-12 x 0,6-1,5 cm. Goiko aldean berde-oliba koloreko gleba garatzen du, hankatik errez bereizten dena, eta gleba eta hankaren artean estugune bat baitago. Onddo honek, garapenean pairatzen duen azken aldaketa, glebaren kolore aldaketa da. Berdea izatetik, gorria izatera igarotzen baita.

Peridioa

Mutinusak garatzen duen peridioa mamitsua eta elastikoa da. Peridioa apurtzean, koskoaren antzeko egitura mantentzen du.

Gleba

Gleba hasieran kolore berdekoa izaten bada ere, alea heltzen denean kolore gorrikoa bihurtzen da. Ehundurari dagokionez, begi bistaz ikusten den geruza mukitsu batek estaltzen du. Onddoaren zati honek usain kirasduna dauka. Usain honek, zenbait euli eta eltxo erakartzen ditu. Eltxo hauek, esporen barreiapena gauzatzen dute.


Mikromorfologia

Esporak

Aurrez aipatu bezala eltxoen bitartez barreiatzen ditu esporak onddo honek, eta esporen banaketa sistema honi barreiapen hezea deritzo. Tamaina nahiko txikiko espora oboideak garatzen dituen onddo da, 4-5 x 1,5-2,5 µm. Esporak kolore gardena dute.


Ekologia

Habitata

Uda bukaeran eta udazkenean azaltzen den onddoa da, bai koniferoen basoetan bai hostozabalez eraturik daudenetan. Materia organiko ugari duten basoetan azaltzen da, batik bat, deskonposatzen ari den hosto eta egur zatien gainean. Zenbait liburutan espezie arrunt bezala sailkatzen badute ere, mendian ez da askotan topatzen. Eurasian zehar barreiaturik dagoen espeziea da, Espainiatik Iran-arte aurkitu daiteke. Baita Ingalaterra eta Ipar Amerikako mendebaldean. Kanariar uharteak dira espezie honen hegoaldeko banaketa muga. Espezie hau Ukrainiako zerrenda gorrian agertzen da.


Habitat bereko espezie batzuk:
Orri zurbileko lakaria arrunta
Laccaria laccata
Kanpaitxo arbiusaina
Mycena pura
Gibelurdina
Russula virescens
Lakaria ubela
Laccaria amethystina
Ezko gibelgorria
Hygrophorus russula
Ganoderma pfeifferi
Lanperna horia
Amanita citrina
Kukuma
Amanita ovoidea


Jateko balioa

Ez dauka jateko inongo baliorik, bere usain kirasduna dela eta. Zenbait autoreren arabera arrautza forman dagoenean jangarria izan arren, ez da gomendatzen jatea.

Antzeko espezieak
Mutinus elegans

Generokideak diren espezie hauek antz handia daukate. M. elegans ordea, handiagoa da eta mizelio kordoi arrosak ditu. Espezie hau oso arraroa da eta Iberiar penintsulan Galizian bakarrik aurkitu da.


Phallus impudicus

Familia-kideak diren espezie hauek zelanbaiteko antza daukate, biek baitaukate zakil baten antza. Etsai eztenak beste eite bat dauka, zuzenagoa eta handiagoa da. Onddo honen glebak ez du inoiz kolore gorrixkarik izaten, berde edo zuri kolorekoa izaten da. Usain sarkorragoa du.

Etsai eztena ( Phallus impudicus )

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...