Onddoak

Russula sardonia
Pinudi-gibelubela

Koniferoen azpian agertzen den Euskal Herriko russula arruntenetarikoa eta ugarienetarikoa da. Orriak eta mamiak amoniakoarekin erreakzionatzen duten bi russula daude, R. sadonia eta R. cavipes. Amoniakoarekin kontaktuan jartzean kolore gorri edo arrosaxka hartzen dute. Mendian beste zenbait russulekin nahastea erraza denez, ezaugarri guztiak kontuan izan behar dira. 

Argazkia: Aranzadi Zientzia Elkartea
Russula sardonia

Artikuluari buruz
Egilea:
Sorrera: 2011/12/13
Azken eguneraketa: 2013/12/26
Bisita-kopurua: 1161

Motzean
Taxonomia
Dibisioa: Basidiomycota
Klasea: Agaricomycetes
Ordena: Russulales
Familia: Russulaceae
Deskribatzailea: Fr. (1838)
Sinonimoak
Russula chrysodacryon
Russula drimeia
Russula emeticiformis
Ekologia
Mikorrizikoa
Jateko balioa
Baliogabea
Perretxiko-garaia
Perretxikorik ez
Perretxikoak bai

Makromorfologia

Pileoa

4-10 cm-tako txapel mamitsu eta gogorra du. Hasieran forma ganbila du baina denborarekin laundu egiten da. Titiduna izan daiteke gaztetan. Azala distiratsua da eta ez da erraz askatzen txapeletik. Forma tipikoetan txapelaren azalaren kolorea purpura-morexka izaten da baina badira zenbait barietate kolore hau ageri ez dutenak. Russula sardonia var. mellinaren kasuan hori kolorekoa da eta viridis barietatearen kasuan berriz berdea.
 

Estipea

8 x 2 cm-tako hanka du, gogorra eta nahiko fusiformea. Kolore zuri-horixka izaten du, lilaz, bioletaz edota gorri-purpuraz tindatua.

Orriak

Orriak adnatuak edo pixka bat dekurrenteak eta meheak dira. Hasieran oso hertsiak eta limoi kolore argikoak izan arren, heldutan krema-okre kolorea hartzen dute.

Mamia

Mamia zuri edo hori limoi kolorekoa da, gogorra eta itxia. Ez da jangarria, oso garratza baita. Hasieran aipatu bezala, amoniakoarekin erreakzionatzen du, arrosa-gorri kolorea hartuz.


Mikromorfologia

Esporak

7-9 x 6-8 μm-ko tamaina izaten dute esporek eta ia esferikoak dira. Kolore okre-zurbilekoak dira eta erreakzio amiloidedunak. Zistidioak agertzen dira.


Ekologia

Habitata

Koniferoen basoetan ateratzen da.


Habitat bereko espezie batzuk:
Lur izarra
Geastrum fimbriatum
Txakur-zakila
Mutinus caninus
Katilu laranja
Aleuria aurantia
Eutypa flavovirens
Eutypa flavovirens
Lanperna ezkatahoria
Amanita franchetii
Lanperna horia
Amanita citrina
Kukuma
Amanita ovoidea
Errotaria
Clitopilus prunulus


Perretxiko-garaia

Udazkenean sortzen du perretxikoa onddo honek.

Jateko balioa

Ez da jangarria bere zapore garratza dela eta.

Antzeko espezieak
Russula queletii

Russula queletiirekin nahas daiteke. Baina azken honek ez du amoniakoarekin erreakzionatzen, eta orriek kolore horiaren ordez krema kolorea dute. Gainera, R. queletiik sagar usaina izaten du. 


Russula torulosa

Russula torulosak ere pinudi-gibelubelaren antz handia du, baina hanka motza eta lodia da, eta dena erabat morexka da. Gainera, ez du amoniakoarekin erreakzionatzen.


Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...