Albisteak

Natura 2000 Sareak bultzada bat behar du
Natura 2000 Sarearen eremu askoren kudeaketa planak onartzeke daude oraindik Espainian, WWFk dioenez

2012/05/23

Iruzkin 1
bisita

World Wildlife Fundek (WWF) salatu duenez, Espainiar estatuan Natura 2000 Sarearen barruan kokaturiko eremuen %9 soilik ditu onartutako kudeaketa planak. Diotenez, plan horien onarpenak onura handiak dakartza, izan ere Europatik diru laguntzak jasotzea, landa-eremuetan lanbideak sustatzea eta jarduera tradizionalak mantentzea suposatuko luke kudeaketa plan horiek onartzeak.

 


Natura 2000 Sareak bultzada bat behar du
Iturria: Ainhoa Diez de Salazar

92/43/EEE Zuzentaraua (edo Habitaten Zuzentaraua, gaur 20 urte betetzen dituena), habitat naturalak eta flora eta fauna artatzeari buruzkoa, Europan biodibertsitatea bermatzea du oinarri, habitat naturalak eta basoko flora eta faunari erreparatuz. Zuzentarau honen tresnarik garrantzitsuena hain ezaguna den  Natura 2000 Sarea da. Sare honen barruan aurkitzen diren eremu bakoitzak kudeaketa plan bat beharrezkoa du, bertan bizi diren espezie eta habitaten epe luzeko biziraupena bermatu nahi bada.

Europar Batasunaren azaleraren %17,5 da Natura 2000 Sarearen parte, Espainiak azalera horren gehiengoa hartzen duelarik (estatuko %27,20 eta 1.752 gune ditu). Hortaz, beharrezko eremu eta lekuak baditugu, baina alperrik dira beharrezko kudeaketa plana onartu ezean. Autonomia Erkideago guztiak kontuan hartuta, eremu guztien %9 soilik onartu ditu kudeaketa planak, WWFk salatu duenez. Nafarroa da kudeaketa plan gehien onartuta dituena.

Kudeaketa planak habitaten mantentze-lanak, hauen berreskuratzea, ustiapen jasangarrirako jarduerak, ikerketa eta jakintza zientifikoak... ditu hizpide, eta eremu bakoitzerako espezifikoak dira, egokitu egin behar direlarik.

Kudeaketa planen onartzea aukera paregabea da landa inguruaren jarduera ekonomikoari bultzada bat emateko, Euskal Herrian hain garrantzitsua izanik sektore hau. Plan egoki batek bestalde, beste mota bateko onurak ekartzen dizkigu, Natura 2000 Sare horren barruan dauden eremuak eskaintzen dizkigun ingurumen onurak hain zuzen ere, hala nola lehorte, uholde eta izurrien aurrean babesa. Ehizarako espezie eta espezie polinizatzaileen kontserbazioa ere bermatzen du, eta nola ez kirol eta aisialdirako guneak eskaintzen dizkigu.

Plan horiek gauzatzeko eta praktikan jartzeko diru iturri bat beharrezkoa da. Horretarako Europar Batzordeak 200-300 bilioi euro bideratzen ditu urtero Europa osora lan hauetarako. Hau horrela izanik, agerian geratzen da Natura 2000 Sarea osatzen duten eremuek beren kudeaketa plana onartzearen beharra, Europatik eremu horien babesa eta kontserbazioa ziurtatu nahi bada.

Comments (1)

  • iker laso

    iker laso

    04 June 2012 at 18:28 |
    Egie galanta!

    reply

Leave a comment

Please login to leave a comment.

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...