Albisteak

Txingudiko hezegunearen babesa murriztu nahi du Eusko Jaurlaritzak
Bidasoa ibaiaren bokalean (Irun-Hondarribia) dagoen hezegunearen garrantzia ekologikoa aski aitortua da nazioartean

2012/10/09

Iruzkinik ez
bisita

Euskal Autonomi Erkidegoko (EAE) zenbait gune, Urdaibai esaterako, EAEko Natura Babesteko Legean biltzen ziren hainbat babes-entitateren baitan (natur parkeak, biotopo babestuak…) babestu ziren. Txingudiko hezeguneak, ordea, babes legal atipiko samarra izan du. Hezegunearen babesa hirigintzan erabiltzen den udalerriz gaindiko Plan Berezi batean zehaztu zen, Irun eta Hondarribiko Udalen, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren artean adostu zena, hain zuzen ere. Orain, Itsas Enara Ornitologia Elkarteak salatu duenez Eusko Jaurlaritzak Txingudiko hezegunean babestutako gunearen mugak aldatu eta babestutako azaleraren erdiari babesa kendu nahi dio.


Txingudiko hezegunearen babesa murriztu nahi du Eusko Jaurlaritzak
Txingudiko hezegunean 100 hektarea inguruk du babes legala

Txingudiko hezeguneak nazioartean errekonozimendu nabarmena du. Bere garrantzia ornitologikoaren isla, Europako Hegaztien Babes Bereziko Gune izendatua izan zen. Hezegune gisa duen garrantziagatik Ramsar Eremu izendapena ere jaso zuen eta Europako Batasunaren Garrantzi Komunitarioko Eremu (GKE) ere bada Europa mailako interesa duen habitata baita. Bere lege-estatusa osatu eta Txingudiko Kontserbazio Bereziko Eremu (KBE) izendatzerakoan, ordea, Eusko Jaurlaritzak aurreko erreferentzia guztiak baztertu, hezegunea babesten zuen Plan Berezia baliogabetu eta eremu babestuaren mugak aldatu ditu. Itsas Enara Ornitologia Elkarteak adierazi duenez, “Eusko Jaurlaritzak Europar Batasunaren zuzenbidea urratu du Habitaten Direktibaren arabera ez baitu KGBren izendapenean EBGLren mugak murrizteko eskumenik”.

Hezegunearen babesa ahul samarra izan da betidanik, ez babes-estatusa zehazten duen Plan Berezia beste guneen babes-estatusaren aldean eskasa delako, baizik eta planaren aplikazioa tokiko administrazioaren (udalen) esku egon delako. Horren harira, aspaldidanik da ezaguna Irun eta Hondarribiko Udalek hezegunearen babesarekiko erakutsi duten jarrera epela. Babesteko lehen tokiak beharko zuketen Bidasoako irletan ez da lurrik desjabetu eta baratzak daude gaur egun eta Plaiaundiko kirol-instalazioak, hezegunearen bihotzean kokatzen direnak, ez ditu handik atera. Are gehiago, Itsas Enara Ornitologia Elkarteak salatu bezala Irungo Udalak “aktiboki jokatu du planaren aurka, pistak bertan behera utzi ez ezik, sendotu egin baititu obra bereziak eginda”. Hondarribiko Udalak, bestalde, hezegunearen inguruan dauden Kosta eta Jaizubia auzoetan eraikuntza-proiektuak sustatu ditu.

Eusko Jaurlaritzaren erabakia ezagutu eta egoeraren larriaz jabetuta, Itsas Enara Ornitologia Elkarteak Eusko Jaurlaritzari eskatu dio Txingudiko hezegunean babestutako eremuaren muga-aldaketak bertan behera uzteko eta behin betiko onar ditzala muga horien baitan aurretiaz garrantzia aitortua izan zaizkien lurrak. Eskaera horri indarra gehitzeko internet bidez egin daitekeen sinadura-bilketa ere hasi du elkarteak.

Informazio gehiago: Euskal Herriko kontserbazio-figurak


Estekak

Txingudiko hezegunearen babeserako Plan Berezia (I. liburukia)
Txingudiko hezegunearen babeserako Plan Berezia (II. liburukia)

Leave a comment

Please login to leave a comment.

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...