Albisteak

Obeditu soilik ala ulertu ere egiten dit?
Gizakien eta zakurren zerebroek berdintsu erantzuten dute askotariko soinuen aurrean

2014/02/26

Iruzkinik ez
bisita

Ongi hezitako zakurrak jabearen esanak betetzen ditu. Non dago, ordea, zakurrek gizakiekiko agertzen duten fideltasunaren eta esanekotasunaren gakoa? Errefortzu positibo hutsez errotutako jokaerak al dira? Errefortzu negatiboari beldurrak akuilatutakoak? Zakurraren jabe harroak zakurrak bere hitzak ulertzen esango du. Baina argitaratu den ikerketa baten arabera baliteke jabearen harrokeria hain soberan ez izatea, izan ere, zakurren eta gizakion zerebroek gisa berean erantzuten diete ahotsei eta emozioei lotutako soinuei.


Obeditu soilik ala ulertu ere egiten dit?
Artzaia eta zakurra, elkarlanean

Hungariako Zientzien Akademiako ikerlari den Attila Andics-ek zuzendutako ikertaldeak 22 gizakiren eta 12 zakurren zerebroak aztertu dituzte erresonantzia magnetiko bidezko irudien bidez. Soinu desberdinen aurrean zerebroaren zein eskualde aktibatzen den ezagutu dute horrela. 200 soinu desberdinen aurrean zerebroek agertzen dituzten patroiak alderatzean gizakien eta zakurren artean antzekotasun harrigarriak behatu dituzte.

Esaterako, giza ahotsaren aurrean polo tenporala da gizakiongan gehien aktibatzen den gunea. Bada, zakurren zerebroan ere gune horixe aktibatzen dela ikusi dute ikerlariek. “Bagenekien gizakion zerebroan bazirela giza soinuen aurrean gehiago aktibatzen ziren guneak. Baina zakurrengan ere halakorik behatzea harrigarria da oso. Primateak alde batera utzita, aurreneko aldiz izan dugu halako erantzunaren berri animalia batengan”, adierazi du Andics-ek. Current Biology aldizkarian argitaratu dutenaren arabera, emozioei lotutako soinuekin ere jokaera berdintsua dute gizakiaren eta zakurraren zerebroak, esaterako, negarren edota algaren kasuan. Biengan ere kortex auditorio primarioa da gehien kitzikatzen den eskualdea emozioei lotutako soinuen aurrean. Baliteke hori izatea zakurrek giza emozioekin enpatizatzeko duten erraztasunaren gakoa.

University College-eko (Ingalaterra) aditu den Sophie Scott-ek emaitzen gainean bere iritzia azaldu du. Bere hitzetan, “primateen zerebroan espero zitekeen gizakiarenaren antzeko jokaerarik. Hala ere, patroi horiek zakurrengan behatzea handia da”. Horren harira, adierazi du zakurrak oso animalia interesgarriak izan daitezkeela gizakiarekiko harreman estua izan baitute mendeetan barrena eta berebiziko eragina izan baitu gizakiak zuzendutako arrazen nahasketak egun ditugun zakurren aniztasunean. “Bada ikerketarik baieztatzen duena zakurrek hitz asko ulertzen dituztela eta intentzioa interpretatzeko gai direla”, dio Scott-ek. Andics-en taldearen hurrengo jomuga soinuez haratago zakurren zerebroak hitzen aurrean duen erantzuna aztertzea izango da.

Iturria: BBC

Estekak

Jatorrizko publikazioa

Leave a comment

Please login to leave a comment.

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...