Albisteak

Tibetarren sekretu gorenaren bila
Tibetarrek altuerako bizitzarako duten adaptazioaren genetikan sakondu du ikerketa batek

2014/02/18

Iruzkinik ez
bisita

Himalaiako mendiak eta bertan errotutako alpinismoa ezin dira ulertu bertako biztanleak kontuan hartu gabe. Sherpak eta tibetarrak dira planetako mendi altuenen magaletan bizi diren biztanle alai eta itxuraz beti irribarretsu horiek. Euren bizilekuagatik larre motzean haziak, ezaguna da altuera handian muturreko esfortzuak egiteko duten gaitasuna. Ez alferrik, nazioarteko espedizioek usu izaten dute sherpen eta tibetarren laguntza altuera handian zamaketa-lanak eta bestelako egitekoak aurrera eramateko. Orain, kaleratu berri den ikerketa batek argitu du zertan den sherpen gertuko ahaide tibetarrek altuerako bizitzarako duten adaptazioaren oinarri genetikoa.


Tibetarren sekretu gorenaren bila
Edmund Hillary eta Tenzing Norgay sherpa, Everest aurrenekoz igo ondoren

Tibetarren altuerarako adaptazioak jatorria du duela 30.000 urte Tibeteko goi-lautadan bizi izan ziren populazioetan, egungo sherpen ahaide zirenak. Goi-lautadako biztanle horien ondare genetikoa lur baxuagoetatik iritsi ziren populazio berriagoenekin nahastu zen eta hautespen naturalez hautatua izan zen altuerako bizitzarako. Populazioen artean mutazio onuragarriak elkartrukatzeak eta ondoren mutazio horien hautespen positiboz hedatzeak ingurune berrietara moldatzeko mekanismo berri bat utzi du agerian. “Eskualde baxuetatik iritsitako populazioek altuerako populazioekin nahastean altuerako bizitzarako faboragarriak diren aleloak eskuratu zituzten eta hala, egungo tibetarren populazioa eratu zuten”, adierazi du ikerketaren egile den Anna Di Rienzok (Chicagoko Unibertsitatea, AEB).

Altuerako bizitzak erronka handiak ekartzen dizkio animalien fisiologiari, batez ere, oxigenoaren presio partzial txikiagatik. Oxigenoaren kontzentrazioa itsas mailakoaren berdina izan arren, presio atmosferiko txikiak oxigenoaren presio partziala ere txikia izatea eragiten du eta horrek zaildu egiten du oxigenoaren odolerako bidea biriketako albeoloetan zehar. Tibetarrak, ordea, muturreko egoera horietan hobeki jarduteko moldatuta daude itxuraz. Ingurune baxuetako biztanleek baino hemoglobina gutxiago behar izaten dute euren organismoaren oxigeno-eskaria asetzeko eta hematokrito baxuago horregatik odola ez zaie horren dentsoa egiten.

Nature Communications aldizkarian argitaratu dutenez, Tibetarren 96 genoma mundu osoko beste hainbat genomarekin alderatzean ikerlariek behatu dute tibetarrek badituztela EGLN1 eta EPAS1 geneetarako alelo bereziak. Gene horiek, hain zuzen ere, erlazionatuta daude oxigenoaren homeostasiarekin. Genomen analisiak ere jakinarazi du tibetarren genoma bi genoma zaharren nahasketa dela: sherpengandik jaso zutena bata, eta Txinako Han etniarengandik jasotakoa bestea.

HYOU1 eta HMBSK geneetan ere badituzte alelo bereizgarriak tibetarrek; lehena altuerako oxigeno eskasiaren eraginez aktibatu egiten da eta bigarrenak, aldiz, parte hartzen du hemoglobinaren osagai den hemoaren sintesian. “Oso litekeena da gene horiek altuerarako adaptazio gisa faboratuak izana iraganean”, adierazi du Di Rienzok.


Estekak

Jatorrizko publikazioa

Leave a comment

Please login to leave a comment.

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...