Albisteak

Zenbat eta handi eta zaharrago, orduan eta azkarrago
Zuhaitz handi eta zaharren hazkuntza azkartu egiten da tamaina handitu ahala

2014/01/27

Iruzkinik ez
bisita

Uste izan da luzaroan zuhaitzen hazkuntza makaldu eta erabat gelditu egiten dela adinean aurrera egin eta tamaina handia dutenean. Egon badago baieztapen hori babesten duten ikerketarik, badituzte hutsune batzuk, ordea, lan horiek. Uste horri aurka eginez, argitaratu berri den lan baten arabera zuhaitzen biomasa-hazkuntzaren abiadura ez da adina eta tamainarekin ez mantsotzen eta ezta gelditzen ere; aitzitik, azkartu egiten da.Horrek nabarmentzen du zuhaitz zahar eta handiek karbonoaren zikloan duten garrantzia berebizikoa.


Zenbat eta handi eta zaharrago, orduan eta azkarrago
Pagadiak dira gure inguruan ditugun baso zaharrenenetako batzuk

Ikerketa nazioarteko 29 erakunderen artean osatu da eta orotara 403 espezietako 673.046 zuhaitz neurtu dituzte datuak biltzeko. Nature aldizkarian plazaratutako emaitzek islatzen dute zuhaitz espezie gehienen biomasaren hazkuntza-tasa handitu egiten dela zuhaitzaren tamaina handitzen den heinean. Hain da nabarmena zuhaitz handien hazkuntza-tasa, zuhaitz ertain batek duen biomasaren parekoa meta dezaketela urtebetean.

Ikerketan parte hartu duen Sabrina Russoren (Nebraska-Lincoln Unibertsitatea, AEB) aburuz, “iraganeko ikerketek iradoki izan digute basoen produkzio totala gutxitu egiten dela basoaren adina aurrera doan heinean, baina horrek ez du esan nahi zuhaitz zaharrenen produkzioa gutxitzen denik”. Zuhaitzen hazkuntza aztertzeko zuhaitzak indibidualki aztertu behar ei dira.

Emaitzek islatzen dute zuhaitz handi eta zaharrek duten garrantzia karbonoaren ziklo globala osatzerako orduan. “Zuhaitz baten enborraren %50 karbonoz osatua da, beraz, azkar hazten den zuhaitz zahar eta handi batek atmosferatik fotosintesiaren bidez karbono dioxido gehiago finkatzeko ahalmena izango luke zuhaitz gazte batek baino”, baieztatu du Russok. Hil direlarik ere ekosistemarentzat funtsezkoa den karbono-gordailua eskaintzen diote zuhaitz zaharrek basoari.


Estekak

Jatorrizko publikazioa

Leave a comment

Please login to leave a comment.

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...