Ibaiak zabortegi bihurtzen ari gara

Ardura zaitez! bloga | 2013/06/15 (azken aldaketa: 2013/06/15 ) | Egilea: | Bisitak: 1360
Gako hitzak: arga, auzolan, uholde, zabor, zabortegi, zakar

Ibaiak zabortegi bihurtzen ari gara

Gaur, ekainaren 15a, Arga ibaia garbitzeko auzolanean elkartu gara hainbat herritar. Gure asmoa, besteak beste, ibaia bere onera itzultzea izan da, azken uholdeek agerian utzitako zaborrak jasotzea. Hori bai, argi geratu zaigu han agertu garenoi ibaia garbi mantentzeko kudeaketa-lanak egitearen ardura duten erakunde publikoen utzikeria izugarria dela. Hori eta ezin dugula degradagarriak ez diren zaborrak ekoizten jarraitu.

Landare produktu ekologikoen kontsumitzaileen elkarteak eta Iruñeko Piraguismo Elkarteak deituta hainbat herritar elkartu gara gaur Arga ibaia garbitzeko asmoz. Eta ez da lan makala izan. Azken uholdeek zabor asko ekarri dute eta txoko ugari dira plastikoz eta beste hainbat hondakinez beteta geratu direnak. Halere, lanean egon garenon iritzi nagusia da ez dugula aurtengoak bakarrik diren zakarrak jaso. Bertan denbora luzez egon diren zaborrekin ere egin baitugu topo. Eta horrek gauza bat salatzen du: ibaia zabortegia bihurtzen ari gara.

Begirada bat botako bagenu atzera eta aurreneko zibilizazioetaraino joango bagina, ibaiek zibilizazio haien garapenerako izan zuten garrantziaz jabetuko ginateke. Egipziarrak, adibidez, basamortu baten ondoan bizi izan ziren, munduko ibairik luzeenak hala bermatuta. Mesopotamian ere halatsu: hitzak berak "bi ibairen artean" esan nahi du, ibaiaren garrantziaren adierazle. Gure inguruan ere hala gertatu da. Gure arbasoek herri eta hiri gehienak ibaien inguruan eraiki zituzten. Zergatik? Bada, ibaiek ura baliatzen zietelako. Edateko, arropa garbitzeko, "dutxa" hartzeko, arrantzatzeko, abereei edaten emateko, baratzerako, garraiorako... eta horregatik ibaia lehen oraingo herriko plazak bezalakoa zen, herriaren topaleku. Ikuspuntu naturzale batetik ere, ibaia ekosistema bat da bere horretan, eta bertan biodibertsitate izugarria dago. Beraz, ibaiak gure ondarea direla esan daiteke, ondare natural zein kulturalak.

Biztanleen gorakadak, ordea, inflexio puntu bat markatu zuen. Izan ere, garai batean egiten zen ibaiaren erabilerak ez zuen uraren kalitatean eragin handiegirik. Baina hirietan geroz eta jende gehiago bizitzen hasi zenean gauzak asko aldatu ziren. Jende gehiago zen ibaietako ura erabiltzen zuena; bai eta ibaiko ura zikintzen zuena ere. Eta denbora luzez ibaiek hiri eta herrietako zikinkeria jaso dute. Horrela, ibai zikin horiek gaixotasun-iturri bihurtu ziren eta lehen zeukaten ondare zentzu hori galdu zuten.

Orain dela gutxi araztegiak agertu dira eta berauetan (teorian) ur zikinak garbitzen dira ibaira askatu baino lehen. Hau aurrerapausu handia izan da eta ibaiak poliki-poliki berreskuratzen ari dira. Hala ere, lan handia dago oraindik egiteke. Zeren eta ibaira iristen den zikinkeria, hori ez da garbitzen. Hori bertan geratzen da noiz deskonposatu edo itsasora noiz iritsiko zain. Eta hau larria da deskonposatzeko ehunka urte behar dituzten materialen kasuan.

Hori dela eta, gaurkoak bezalako ekimenak oso garrantzitsuak dira. Ibaiak erakargarriak zaizkigu. Gure subkontzienteak gure arbasoengana garamatza eta garai batean ibaiak garapenerako izan duen garrantzia gogorarazten digu. Baina ibaiak gure ondare ekologiko bai eta kulturala ere izaten jarraitu dezan begirunea zor diogu. Begirunea zakarrek itotzen dutenean arnas hartzen laguntzeko. Baina baita ibaiarentzat kaltegarriak diren zakarrekin kontuz ibiltzeko ere. Eta bada plastikoak eta degradaezinak diren konposatu sintetikoak debekatzeko garaia. Behintzat urtero urez estaliko diren ingurunetan.



Leave a comment

Please login to leave a comment.

Ardura zaitez!

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...