Ingurugiroaren nazioarteko eguna. Iruzur hutsa.

Ardura zaitez! bloga | 2012/06/05 (azken aldaketa: 2012/06/05 ) | Egilea: | Bisitak: 1210
Gako hitzak: ingurugiroa

Ingurugiroaren nazioarteko eguna. Iruzur hutsa.
Ingurugiroarekiko ardura ez da zuhaitzak landatzea.

Ez dakit gaur ingurugiroaren eguna den, gehiago ematen baitu irudi garbiketaren eguna dela. Adi bestela egunkari, irrati, telebista eta dena delakoei. Hor ikusiko dituzue pertsonaia ospetsuak haien aurpegia zuritzen: Modeloak, estatu agintariak... Gaur lasai egin dezatela lo, datorren urterarte ingurugiroarekiko ardura guztiak bete dituzte.

Ikusi al dituzue inoiz enpresa berdeenen zerrendak? Eta ba al dakizue zertan oinarritzen diren enpresa horiek berdeak direla esateko? Haien logotipoaren kolorean? Ez, noski, baina erabiltzen dituzten argudioak hori bezain hutsalak dira. Zerrenda horietako posturik gorenetan kotxe fabrikatzaileak daude. Nola ez ba! Orain kotxe elektrikoen aldeko apostua egiten ari dira eta! Jendeari ahaztu egiten zaio, ordea, kotxe elektriko gehienak elikatzeko energia kotxeen keak baino askoz ere arriskutsuagoak diren zentral nuklearretatik datozela.

Beste enpresa batzuek haien berdetasuna erosten dute. Ezagutzen al duzue "gure emisioak neutralizatzeko zuhaitzak landatzen ditugu" esaten duenik? Ez dakit horren helburua zein den. Baso bat landatzea? Hori baino tentelkeria handiagorik! Enpresa batzuen jardueragatik (gureagatik ere, hein batean) mundu osoko basoak soiltzen ari dira. Eta gero uste dute zuhaitz batzuk landatzea nahikoa dela. Bai zera! Baso bat ez da zuhaitz landaketa bat. Eta zuhaitzak landatzea ez da baso bat lortzeko abiapuntua. Egin behar dena basoak ez murriztea da. Bestalde, baso helduetan CO2 balantzea 0 ingurukoa da. Hau da, ez da guk ekoizten dugun CO2-rik kontsumitzen, baizik eta basoak berak ekoiztutakoa.

Jendeak ongi sentitzeko beharra dauka. Eta ingurugiroarekin osasunarekin gertatzen dena gertatzen da. Zaindu ez eta gaixotasuna datorrenean sendagilearengana goaz gaizki egindakoak konpontzeko errezetaren bila. Bada, ingurugiroarekin (behintzat) errezeta bakarra aldez aurretik zaintzea da. Eta ez etorri Ingurugiroaren nazioarteko egunean arduragabekeriaren kontrako txertoaren bila.



Comments (1)

Leave a comment

Please login to leave a comment.

Ardura zaitez!

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...