Mokozabala eta RAWaren erabilera I

Objektibotik bloga | 2012/10/15 (azken aldaketa: 2013/06/23 ) | Egilea: Antton Alberdi | Bisitak: 1284
Mokozabala eta RAWaren erabilera I

Gaurko honetan mokozabal bati ateratako argazkiaren harira, RAW formatuan ateratako argazkiekin egin daitezken eraldaketak izango ditut hizpide. Argiaren kontra ateratako argazkietan hondoa iluntzeaz ariko naiz, kontrako argiak sortutako ertz argitsuak intentsifikatzeko asmoarekin. Bi argazki erabiliko ditut adibide gisa, Zarauzko Iñurritzako biotopoan mokozabal bati ateratakoa, eta Deba ibaian basahate bati ateratakoa.

Mokozabala (Platalea leucorodia)

Blogeko azken sarreran erakutsi nizuen espezie hau, eta gaurkoan hainbat kontu gehiago azalduko ditut. Mokozabal eurasiarra pelikanoen talde berean sailkatzen den espeziea da. Munduan, guztira 34 mokozabal espezie egon arren, gure ingurura horietako bakarra inguratzen da, Platalea leucorodia izen zientifikoaz ezagutzen dena.

Euskal Herrian txitatzen ez duen arren ale dezente igarotzen dira, batez ere udazkenean, negua Afrikan igarotzeko bidean Europa erdialdetik bidaian direnean. Urdaibai da espezie hauek migrazio luzean deskantsatzeko gure lurraldean hautatzen duten zonalderik ohikoena, baina Gipuzkoako Iñurritza (Zarautz) eta Txingudiko (Hondarribia-Irun) hezeguneak ere erabiltzen dituzte.

Moko zabal eta zapalarekin hezegune azaletako hondoa mugitzen dute molusku, zizare, anfibio eta arrainen bila. Janari bila dabiltzanean mokoa alde batetik bestera mugitzen dute eta poliki-poliki mugitzen dira uretan barrena. Talde handitan zein bakarrik bizi ohi dira hegazti hauek, baina Euskal Herrian talde txikietan edo banaka ikusi ahal izaten dira.

Espezie honi egindako liburu monografiko bat argitaratu zuen Eusko Jaurlaritzak2007an, Joseba del Villarren, Rafael Garaitaren eta Amador Prietoren lanaren ondorio. Liburuaren PDF bertsioa EuskalNaturako dokumentuen atalean deskarga daiteke.

RAW formatuaren erabilera I

Raw hitzak “gordina” esanahia du ingelesez, eta hori bera da adierazten duena: argazkia eskuratu den informazio guztiarekin gordetzea, konprimatu eta eraldatu gabe. Reflex kamera digital guztiek izan ohi dute argazkiak RAW formatuan ateratzeko aukera, JPG edota TIFF formatu konprimatuez gain. RAW formatuko argazkiek JPG formatukoek baino pisu handiagoa izan ohi dute, informazio gehiago gordetzen dutelako eta informazio hori manipulatzeko gaitasunak bihurtzen du benetan interesgarri formatu hau.

Kamera-ekoizle bakoitzak bere RAW formatu propioa izan ohi du; Nikonek, esaterako, *.NEF formatua darabil, Canonek *.CRW, eta Olympusek *.ORF.

RAW formatuko irudiak hainbat programarekin tratau daitezke, baina adibide honetan Adobe Photoshop CS5 softwarea erabili dut, argazkien eta irudien tratamendurako hedatuen dagoen softwarea, hain zuzen. 

RAWak irakurtzeko plug-ina instalatu

Kamera-ekoizle bakoitzaren formatua ezberdina denez, plug-in bereziak eskuratu behar izaten dira formatu horietako artxiboak irakurtzeko. Photoshopen kasuan Adobe Camera Raw plug-ina instalatu behar da RAW artxiboak irekitzeko. Plug-in hori behin eta berriz aktualizatzen dute merkaturatzen diren kamera berrien formatuak ere ireki ahal izateko.

http://www.adobe.com/products/photoshop/extend.html

RAW artxiboa ireki

Behin plug-ina instalatuta artxiboa Adobe Photoshop-ekin irekitzean honako leiho hau ateratzen da:

Bertan, argazkia ikus daiteke tamaina handian, eta hura eraldatzeko erremintak eskuinaldean agertzen dira.

Hondoa ilundu

Gaurko gure nahia hondoaren kolorea iluntzea da, kontrako argiak mokozabalaren ertzean sortutako argiekin silueta erakargarri bat sortzeko. Silueta hori lortzea erraza izan ohi da, animaliaren ertzeko distira hondokoa baino handiagoa denean. Horretarako argazkia eguzki-argiaren kontra ateratzea izan ohi da errezena.

Hondoa iluntzeko aukera errazena esposizioa jaistea da. Eta beltzak (kolore ilunak) iluntzeak eta kontrastea handitzeak ere argazkia iluntzen laguntzen du.

RAW irudiak tratatzean kolore jakin batzuk bakarrik iluntzea ere posible da. Kasu honetan uraren kolore urdinak ilundu ditut.

Era horretan lortu dugu argazkiari kolore iluna ematea eta mokozabalaren silueta marrazten duten koloreak azpimarratzea. Azpian hasierako (behean) eta amaierako (goian) irudien konparazioa.

Antzeko prozesua eginez lortu da basahate (Anas platyrhynchos) honen argazki hau ere: 

Hala ba, espero dut norbaiti azalpentxo hauek lagungarri suertatu izana. Hurrengoan, gehiago!



Comments (2)

  • Eneko Aspillaga

    Eneko Aspillaga

    05 December 2012 at 13:50 |
    Aupa Antton! Honako sarrera hau ere oso interesgarria iruditzen zait.
    RAW formatuak aukera handiak ematen ditu argazkien ediziorako, baina jakin egin behar da zuku guztia ateratzeko. Beraz, "RAWaren erabilera II" hurrengo atalaren zain irrikitan egongo naiz!

    reply

  • Antton Alberdi

    Antton Alberdi

    05 December 2012 at 14:13 |
    Ea ea denbora eta inspirazio pixka bat ateratzen deten datozen egunetan, urtea amaitu aurretik beste artikulotxo bat idazteko... Ondo izan!

    reply

Leave a comment

Please login to leave a comment.

Objektibotik

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...