Erreportajeak

2014ko urria
Eredu energetikoa eta fracking-a

Gure gizarteak, erronka larria du bere aurrean: baliabideen urritasunari eman beharreko erantzuna, eta zehazkiago, baliabide energetikoen urritasunari. Gure gizarteak menpekotasun itzela du agortzear dauden erregai fosilekiko. Baina horien urritasuna nahikoa ez balitz, erregai fosilen kontsumoak eragiten duen klima aldaketa batzen zaio erronkari. Izan ere, herrialde garatuetako eredu energetikoak erronka larriak ditu, epe laburrean konpondu behar direnak; aldez aurretik aipatutako urritasuna eta klima aldaketaz gain, konpondu beharreko arloak dira atzerriarekiko menpekotasuna, energiaren prezioa, baliabide energetikoen banaketa, edo oligopolioak eta gizartearen kontrol eza.

Eredu energetikoa eta fracking-a
Egilea: Aitor Urresti

Aitor Urresti EHUko energia berriztagarrietako irakasela da eta Eredu Energetiko Berri Baterako aktibista

Baliabide energetikoen urritasuna

Mundu-mailan kontsumitzen den energiaren %85a erregai fosiletatik dator: petrolioa, gas naturala eta ikatza, energiaren sorreran oinarri dira mundu osoan. Herrialde garatuetan erregai fosilen pisua pixka bat txikiagoa da, energia osoaren hiru laurden izateraino, energia nuklearra eta berriztagarrien ekarpena nabariagoa baita.

Lightbox Image

Erregai fosilekiko dugun menpekotasuna ez litzateke berez arazo bat izan beharko, hauek modu iraunkorrean eskuragarri baleude. Baina baliabide fosilak direlarik, birsortzen diren baino abiadura azkarragoan kontsumitzen ditugu. Milioika urte behar dira petrolioa edo gas naturala sortzeko, eta guk 150 urtetan soilik kontsumitu dugu munduan dagoen petrolioaren gehiengoa. BP petrolerak berak aitortzen du gaur eguneko kontsumo-maila mantenduz gero, petrolioak 53 urte iraungo lukeela, gas naturalak 55 urte, eta ikatzak 113 urte.

Baina baliabide fosilak agortzen diren einean, horiek erauzi ditzakegun abiadura moteltzen da. Nazioarteko Energia Agentziak aitortu du ohiko petrolioak 2006an lortu zuela bere produkzio gailurra, eta hortik aurrera erauzte-abiadura moteltzen joango da. Beste baliabideen produkzio-tasak ere epe laburrean gailurrera helduko direla aurreikusten da. Beraz, baliabide hauen eskuragarritasuna gero eta txikiagoa izaten hasiko da.

Argi dago epe labur batean erregai fosilekiko alternatiba iraunkor bat aurkitu beharra dagoela. Energia nuklearra ezin da izan alternatiba hori, nahiz eta hainbatek proposatzen duen, une honetan frogatutako erreserbek 90 urte iraungo bailukete soilik.

Klima aldaketa

Gure klima aldatzen ari da eta planetako tenperatura gora doa modu azkarrean. Klima-aldaketaren eragile nagusia, negutegi-efektuko gasak dira: CO2, ur-baporea, metanoa, NOx edo CFC-ak. Horien gehiengoa gizakiaren eraginez sortzen da, atmosferan duten kontzentrazioa handituz, eta gero eta bero kantitate handiagoa xurgatuz. Modu horretan, atmosferako tenperatura etengabe handitzen doa eta ezezaguna den klima baterantz hurbilduz goaz.

Horren efektuak dagoeneko somatzen hasiak gara. Hainbat herrialdeetako biztanleek bere bizitokia utzi behar izan dute basamortuen hedapenagatik edota bestelako hainbat fenomeno klimatologikogatik. Errefuxiatu klimatikoak dira, eta une honetan munduan 10 edo 20 milioren artean direla kalkulatzen da, baina epe laburrean 100 milioi baino gehiago izan litezke.

Energiaren ekoizpenak eta erabilerak negutegi-efektuko isurpenen erdia suposatzen du, eta beroketan eragin handiena duen sektorea da. Erregai fosilen erreketak CO2 eta NOx kantitate izugarriak isurtzen ditu atmosferara. Premiazkoa da beraz, klima aldaketari aurre egiteko, energia kontsumitzen dugun era aldatzea, bai kontsumo-maila aldatuz, bai baliabide energetikoak aldatuz; erregai fosilak alde batera utziz, garbiak diren energia berriztagarrien alde egiteko.

Bestelako erronkak

Baina egungo eredu energetikoak baditu beste hainbat erronka bere etorkizun hurbilean. Hasteko, erabiltzen diren baliabide gehienak, herrialde gutxi batzuen eskuetan daude. Espainiar estatuaren kasuan hau bereziki nabarmena da. Erregai fosilen barneko produkzioa testimoniala da, eta gure atzerriarekiko menpekotasuna ia osoa. Baina herrialde garatu gehienetan antzeko egoera gertatzen da. Modu horretan, energia mundu garatuko estrategia geopolitikoan lehentasunezko gaia bihurtu da, eta azken garaian izandako hainbat gatazketan argi agertzen da harreman hori. Urrutira joan gabe, Europar Batasunak Ukraniako gatazkan izandako jarrera zalantzatia, Europa gehienak Errusiako gasarekiko duen menpekotasunak sortua da, dudarik gabe.

Bestalde, azken urteetan energiaren prezioak gorakada nabarmena jasan du. Krisialdi finantzieroaren atzetik, krisialdi energetiko bat gertatu da, non petrolioaren prezioak maximoak jo dituen, produktu guztien ekoizpena garestituz. Aurrera begira, eta erregai fosilen eskuragarritasuna murrizten den einean, argi dago erregai fosilen prezioak goraka jarraituko duela. Izatez, aspalditik dakigu petrolio merkearen garaia pasatu dela.

Lightbox Image

Baliabide energetikoen kontsumoa modu oso desberdinean bananduta dago mundu-mailan. Herrialde garatuetako biztanle bakoitzak, munduko biztanleriaren %20a direnak, herrialde azpigaratuetako biztanle bakoitzak baino 4,5 bider gehiago kontsumitzen du. Argi dago herrialde garatuetatik egiten dugun gainkontsumoak herrialde azpigaratuetako hazkundea oztopatzen duela, baliabide energetikoak urriak baitira.

Azkenik, gogoratu behar dugu baliabide energetikoak  enpresa gutxi batzuen eskutan daudela. Mundu-mailan petrolioa eta gas naturala hamarren bat enpresek kontrolatzen dute, eta estatuko sistema energetiko osoa bost enpresen eskutan dago. Argi dago enpresa horiek botere itzela dutela, eta beren interes propioak herrialde guztietan ezartzen dituztela. Modu horretan, herritargoak politika energetikoaren kontrola galdu du eta interes pribatuen eskutan geratu da.

Fracking: ostrukaren estrategia

Gure gizartearen eredu energetikoak dituen erronkak ikusita, hainbat gobernuk eta enpresek ostrukaren estrategia jarraitzea erabaki dute: epe laburreko urritasunari ez ikusia egin, eredu energetikoak sortzen dituen arazo guztiak ahaztu, eta erregai fosilen erabilera ahalik eta gehien zukutzea.

Lightbox Image

Bide horretatik dator fracking-aren proposamena. Azken hamarkadetan modan jarri da petrolio eta gasaren munduan teknika hori. Fracking-a edo haustura hidraulikoa, ez-ohiko hidrokarburoak erauzteko teknika berria da. Arbeletan gasa eta petrolioa agertzen denean, poro txikitan harrapatuta agertzen da, eta ez da erauzteko erraza. Fracking-aren bidez arroka hausten da, ur-kantitate handiak presioa altuetan lur azpian injektatuz. Urarekin bat, harea eta gehigarri kimikoak sartzen dira.

Teknika hori azken hamar urteetan Estatu Batuetan erabili da eta ingurugiro arazo itzelak sortu ditu: lur azpiko uren eta ibaien kutsadura, gas- eta petrolio-isuriak, lurrikarak, lurraren kutsadura eta, batez ere, lurraren okupazioa eta ur gastu onartezina. Gainera kontutan izan behar dugu teknika hori erabiltzeko zulaketa-kopuru altua egin behar dela. Arabako lautadan badago fracking-a erabiltzeko proposamen bat, eta AEBko datuak estrapolatuz gero, 2000 putzu zulatu beharko lirateke eskualde horretan.

Fracking-ak Estatu Batuetatik Europara egin du salto, eta Euskal Herrian hainbat proiektu proposatu dira teknika hori erabiltzeko. Gobernuek, erregai fosiletan oinarritutako eredu energetikoa are gehiago zukutu nahian, fracking-a bezalako teknika kutsakor eta arriskutusura jo dute; leku gehienetan bertako biztanleriaren nahien kontra.

Eredu energetiko berri baterantz

Gaur egun, erabiltzen dugun eredu energetikoak arazo larriak sortzen ditu gure ingurunean eta gizartean, aldez aurretik aipatu bezala. Zorionez, esan beharra dago badagoela beste aukerarik; beste eredu energetiko baterantz egiteko moduan gaude. Teknikoki behar ditugun tresna gehienak prest daude, eta une honetan ereduen aldaketan hasteko moduan gaude.

Lightbox Image

Eredu energetiko berriak hainbat ezaugarri eduki beharko lituzke gaur eguneko erronkak gainditzeko. Hasteko, kontsumo energetikoa murriztu beharra dago, guztiz jasanezina baita. Energia aurreztu beharra dago, eta efizientzia energetikoa sustatu. Modu horretan, klima-aldaketa motelduko litzateke, ohiko baliabideen biziraupena luzatu, eta herrialde azpigaratuek baliabide gehiago izango lituzkete eskuragarri. Horretaz gain, baliabide energetikoen prezioa beheraka joango litzateke, beren eskaria murrizten den einean.

Bestalde, erabiltzen ditugun energia-iturriak aldatu beharra dago. Energia berriztagarriak eskuragarri daude mundu osoan zehar, garbiak dira, eta autonomak. Horiek ustiatzeko teknologiak garatuta daude eta, gainera, prezio lehiakorrean sortu dezakete energia gaur egun. Heldu da garaia iturri energetikoen trantsizio bat abian jartzeko, eta energia berriztagarrien aldeko apustu sendoa egiteko. Horrela atzerriarekiko menpekotasuna murriztuko litzateke, eta klima aldaketa modu nabarmenean moteldu.

Dena den, eredu energetikoaren egitura bera ere aldatu beharko litzateke. Egun energiaren sorrera gehiena enpresa pribatu gutxi batzuen menpean dago mundu guztian zehar. Baliabide energetikoak modu horretan kontrolatzeak, demokrazia falta itzela suposatzen du, lehen aipatu bezala, enpresa horiek gobernuen politika energetikoa ezartzen baitute. Orain arte erabilitako baliabide energetikoak (erregai fosilak, energia nuklearra) ustaitzeko, planta energetiko handiak behar dira, inbertsio altuak beharrezkoak baitira. Aldiz, energia berriztagarriak eskala txikitan ere ekoitz daitezke. Horri esker, edonork ekoitz lezake kontsumitzen duen energia eta kontsumitzaile bakoitza ekoizle bihur daiteke. Energia berriztagarrietan oinarritutako eredu energetiko batek herritargoari boterea emango lioke politika energetikoan.

Epe labur-ertain batera, gure gizarteak eredu energetiko berri baterantzako bidea egin beharko du; energia aurreztean, efizientzia energetikoan, eta herritarren eskuetan dauden energia berriztagarrietan oinarrituko dena.

Leave a comment

You are commenting as guest.

Irakurrienak

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...