Erreportajeak

2014ko martxoa
Liztor asiarra, erleen etsairik oldarkorrena

Liztor asiarra, Vespa velutina, gure artean kezka sortzen ari den ornogabea da, izan ere erleen etsai amorratua bilakatu da azken urte hauetan. Jatorriz India iparraldekoa den arren, Txinako Yunnan probintziatik etorritako egurrezko kontenedore bat izan zen 2004 urtean animalia hau Frantziara iristearen arrazoia. Liztor asiarra ezagun bilakatu da, batik bat, ezti ekoizpenean eragin dituen triskantzengatik. Gainera, ekologiaren ikuspuntutik, erleen populazioen murrizketak (Apis mellifera) landareen polinizazioan eragin dezakeela uste da.

Liztor asiarra, erleen etsairik oldarkorrena
Egilea: Maite Lopez de Arbina eta Libe Solagaistua

Maite (Irun) eta Libe (Durango) biologoak dira eta, egun, Ekosistemen Biodibertsitate, Funtzionamendu eta Gestioa masterra egiten dihardute Euskal Herriko Unibertsitatean.

Liztor asiarraren dozena bat subespezie ezagutzen dira, baina Europara sartu zena Vespa velutina nigrithorax da, Hymenoptera ordeneko eta Vespidae familiako ornogabea. Europan, espezie honen lehenengo deskribapena Frantzian egin zen 2006an, baina bertako erlezainek ez zuten arazoa aditzera eman 2007 urtera arte. Beranduago, 2010 urtearen bukaeran hego Euskal Herrira iritsi zen; Irunen izan zen lehen kasua. Lau urteren buruan ohiz kanpoko hazkuntza-tasa altuarekin zabaldu da eta, Gaztela eta Leon, Kantabria, Asturias, Galizia, Katalunia eta Portugal iparraldera iritsi da dagoeneko.

Gipuzkoan liztor asiarraren presentzia Irun, Oiartzun, Donostia, Usurbil, Urnieta, Lasarte-Oria, Andoain eta Tolosa herrietan handia izan da. Zestoa, Orio eta Zarautzen ere habia batzuk hauteman dira, eta neurri txikiago batean hedatu dira baita Arrasate eta Oñatira ere. Bizkaian, Bilbo ingurutik Eibarreraino zabaldua dago.

Nafarroara 2010 urteko udazken-neguan iritsi eta berehala hedatu zen eta, urte horretan bederatzi habia aurkitu ziren Etxalar, Oieregi, Baztan, Urdazubi eta Luzaide herrietan. 2011 urtean are gehiago hedatu zen, abiada bizian, eta 83 habiaren agerpena egiaztatu zen. Gaur egun, liztorren presentzia Orbara, Olite, Zildotz, Larraiotz, Markalain eta Aratzuri herrietan baieztatu da.

Esan daiteke Frantzian jada errotu dela, Euskal Autonomia Erkidegoan, ordea, 2009 urtean Eusko Jaurlaritzak egindako fauna exotiko inbaditzaileen diagnosian ez zen errotua kontsideratu. Diagnosiak, liztor asiarra espezie exotiko inbaditzaileatzat hartu behar dela zioen, deskribatutako potentzial inbaditzailea dela eta (Desma Estudios Ambientales 2009). Hala ere, azken urte hauetan izan duen hedapen eta finkapena ikusita errotutzat jo dezakegu.

HABITATA

Lightbox Image
 

Klima subtropikal epeletara moldatua dago. Europa hego-mendebaldean aurkitzen dituen baldintzak bere jatorrizko sakabanaketa gunearen oso antzekoak dira, beraz, bere eskakizun ekologikoak direla eta, uste da uda lehor eta beroa deneko guneetara ez dela hedatuko. Honek azaltzen du gurean izan duen egokitzapenaren arrakasta.

Liztorren artean oldarkorrenetarikoa da, izan ere, besteen aldean oso handi eta indartsua da. Liztor langileen luzera 3 cm artekoa izan daiteke eta erreginarena 3,5-4 cm bitartekoa. Liztor europarraren edo liztortzarraren (Vespa crabro) eta asiarraren arteko aldea kolorean eta tamainan dago. Bertakoaren tamaina 2 cm-koa izan ohi da, asiarrarena baino askoz txikiagoa. Koloreari dagokionez, asiarrak gorputza marroi-beltz belusatua du eta segmentu bakoitzaren amaiera zinta hori batek apaintzen du, laugarrena salbu, osoa laranja kolorekoa baita, hanka-muturra horia da eta antenen arteko buruaren aurreko zatia ere laranja da; lizortzarrak, aldiz, bizkar gaineko segmentuetan hori kolorea nabarmenagoa du, eta kaoba-kolorekoak diren guneak ditu.

HABIA

Lightbox Image
 

Habia zuhaitz altuetan eraikitzen du erreginak, lurretik 20-30 m-ra, normalean makal, haritz edota sasiakazietan. Hau dela eta, udaberri eta udan, zuhaitzak hostoz josita daudenean, habiak ikustea oso zaila izaten da. Ongi aireztatuak dauden guneak dituzte gustoko, hau dela eta ikusi da gizakiak sortutako esltape, barrunbe edo aletegietan habia eraikitzen dutela. Habien morfologia esferikoa edo erronboidea da, marroi argi kolorekoa eta garapen maximoan 50 cm zabal eta 80 cm luzerakoak izan ohi dira. Habiak dituen gelaxkak adina liztor jaio daitezke urtean, eta 1.700 gelaxkarainoko habiak aurkitu dira

ELIKADURA

Harrapari orojalea da, duen dieta lekuan lekuko eta garaiko eskuragarritasunaren menpekoa baita. Hiri-eremuetan, erleek beraien dietaren  %80 osatzen dute, landa-eremuetan ordea, %45-50. Liztor asiarra, erleen harraparia izateagatik ezaguna den arren, beste intsektu batzuk ere bere ohiko dietaren parte dira, esaterako liztortzarrak, kilkerrak, tximeletak, armiarmak eta euliak, eta, bitxia badirudi ere, fruitu heldu eta loreak jaten dituela ikusi da.

BA AL DU HARRAPARIRIK?

Frantzian ikusi da hainbat hegaztik gustuko duela, izan ere, okil eta eskinoso moduko hegaztiak ikusi dira habiak garbitzen eta liztor asiarren larbak jaten.

ARAZOA: ERLEEN HARRAPARIAK DIRA. NOLA GERTATZEN DA?

Lightbox Image
 

Erregina izaten da lehena erlauntzetara harrapakinen bila hurbiltzen, larbentzako elikagaia lortzeko. Ekainetik aurrera langileak izango dira lan hau egingo dutenak. Taldean ehizatzen dute: bikote bat soilik badabil erlauntzaren inguran, kaltea ez da handia izango, aldiz, 10-15 liztor badira, denbora tarte laburrean erlauntza suntsitu dezakete. Ikusi da 30 liztor asiarren erasoak 30.000 erle hil ditzakela hiru ordutan. Erlauntzara nektarra edo polena daramaten erleak izaten dira liztorren harrapakinak, orokorrean. Erleari lepotik eutsi, lurreratu, burua kendu eta tripak jaten dizkiote. Sarrerako zaintzaileak akabatu ondoren erlauntza barrura sartzen dira eta kolonia erasotzen dute, erleak hil, larbak irentsi eta eztia jateko. Ehiztariek, harrapakinaren parte bat lekuan jaten duten arren, bildutako erleen hegalak eta hankak kendu, bizkarra zabaldu eta toraxeko giharrekin pasta antzekoa egiten dute, gero, larbei eta erreginari emateko. Liztor asiarra egun osoan zehar erlauntzaren inguruan ibiltzeak erleak erlauntzara ez hurbiltzea eragiten du, populazioen murrizketa areagotuz.

Lightbox Image
 

Europako liztorrak ere harrapatzen ditu erleak, baina orain arte ez da arazo izan. Liztor asiarraren hazkuntza-tasa altua izan da desorekaren eragile nagusia.

Ornogabe aloktono honen izurritea izugarrizko galera ekonomikoa eragiten ari da erlezainei. Gipuzkoan hogei erlezainek gutxienez lanbidea uztea erabaki dute azken urte hauetan, erlauntza berriak erostea liztor asiarren pentsuan inbertitzea delakoan. Beste hainbestek aurre egin beharko diote sortutako kalteari.

ARRISKUTSUAK AL DIRA GIZAKIARENTZAT?

Gizakia erasotzen duenaren mitoa asko hedatu da, baina gizakiarekiko “ez oldarkorra” dela adierazi da, ez baita oldarkorra zirikatzen ez bada. Aditzera emandako eraso guztien kasuan, ziztatua izan den pertsonak liztorra zirikatu du. Beraz, liztor hau gure ingurura etorri izanak ez du osasun arazo edo pertsonentzako arriskurik suposatzen, oro har.
Liztorrak zirikatzen direneko kasuetan, talde oso handietan gogorki erasotzen dute. Erasoa habiaren inguruan gertatzen bada oso arriskutsua izan daiteke pertsonarentzat, izan ere, 8-12 ziztadak eragindako shock anafiletikoak ospitalizazio beharra eragin dezake.

KUDEAKETA: PREBENTZIOA, KONTROLA ETA ERAUZKETA.

PREBENTZIOA

Hainbat neurri hartu izan dira erlauntzei egiten dizkieten erasoak ekiditeko, besteak beste, sarreraren neurriaren murrizketa, erlauntzaren inguruko landarediaren eraldaketa eta ezti-bilketaren prozeduran egin dituzten hainbat aldaketa.

KONTROLA ETA ERAUZKETA

Gaur egun, hain da zabala liztor asiarraren banaketa, non erauzketarako edozein ahaleginek alferrekoa dirudien. Arazo honen aurrean, hainbat kontrol neurri proposatu dira:

  • Erreginaren harrapaketarako tranpak udaberrian: funtsezkoa da udaberrian zehar erreginak harrapatzea, izan ere, erregina horietariko bakoitzaren ezabaketak inguruan habi bat gutxiago egotea bermatzen du.
  • Liztor langileen harrapaketa uda-udazkenean
  • Habien suntsiketa

Liztor honek sortutako kalte larriak direla medio, Diputatuen kongresuak etsai publikotzat jo du eta liztorrari aurre egiteko estrategia nazionala garatzeko eta martxan jartzeko proposamena onartu du. Egoera honen aurrean, garrantzitsua da jarraipen-protokolo bat ezarrita egotea, liztorra lurralde batera iritsi bezain pronto bere kontrako neurriak hartu ahal izateko.

Erlezainen esanetan, erleak desagertu egingo dira liztorraren kontrako neurriak hartu ezean eta horrek eragin zuzena izango du landareen polinizazioan, eta, ondorioz, biodibertsitatean. Erlezain batzuen ustez beraiek jarritako tranpak, basozainek egindako lana eta suhiltzaileek kendutako habiak ez dira nahikoa arazoari aurre egiteko, neurri hauekin soilik populazioaren %5 deuseztea lortzen baita. Egokiena liztorrak erakartzen dituen feromona bat sortzeko ikerketan lan egitea delakoan daude. Feromona hau udaberrirako prest egotea izango litzatekeela optimoa diote, momentu horretan erreginak bakarrik aurkitzen baitira. HOrri esker, habia asko deusezteko aukera legoke.

ZER EGIN LIZTOR ASIARRAREN HABIA IKUSIZ GERO?

Lightbox Image
 

Donostiako udalak protokolo bat ezarri du:

  1. Gutxienez 5 m-ko distantzia utzi habiarekiko
  2. Ez zirikatu liztorrak
  3. Ez suntsitu kabiak zure kabuz
  4. Udaltzaingoarekin harremanetan jarri eta habiaren kokapen zehatza eman.

Herritarrek aurkitutako habien berri ematea oso garrantzitsua da horiek denboraz suntsitzeko aukera izateko.


Informazio gehiago

Desma Estudios Ambientales 2009. Fauna Exotiko Inbaditzailea Euskal Autonomia Erkidegoan. Ihobe, Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Saileko Sozietate Publikoa. 165 pp. Bilbao. 

Liztor asiarra (www.donostia.org)

Liztor asiarra (www.ingurumena.ejgv.euskadi.net)

Leave a comment

You are commenting as guest.

Irakurrienak

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...