Kronika
Aizkorri-Aratz eta Urbasa zeharkaldia
2023/04/11-15

1. eguna: Arantzazu - Ziordia

Goizeko 07.30ean elkartu ginen Santi Mami parean, Bilbon. Hasieran isiltasuna nagusituagatik, berehala berotu zen giroa: gogoa soma zitekeen taldean, denok geunden 5 eguneko bideak eskainiko zigunaren esperoan. Arantzazura heldu eta Liberen sarreratxoaren ostean ekin genion bideari. Lehen kilometroak arin pasatu ziren, giro animotsu eta freskoan. Konturatzerako Urbiara heldu ginen.

EuskalNaturako kide Mikel Etxeberria Okariz, botanikaria, eta Aitor Salaberria Oiartzabal, irakaslea, aritu ziren hizlari. Landareen inguruko azalpenak eta bitxikeriak kontatzeaz gain, Urbia inguruan bi laginketatxo antolatu zuten: bata larrean; bestea, berriz, pagadian. Basoen eta larreen kudeaketaz eta dibertsitateaz mintzatu ziren.

Gogoeta txiki horren ondoren gure bidearekin jarraitu genuen. Urbia atzean utzita pagadia gurutzatu, eta giro eguzkitsua aprobetxatzeko asmotan, Aratz mendiaren magalean bazkaldu genuen. Lehen eguneko ibilbidea La Leze kobazulo (Araba) ikusgarrian amaitu genuen, eta ausartenek Artzanegi errekan bainua hartu ere egin zuten!

Amaraunan (Ziordia, Nafarroa) dutxa suspergarria hartu eta afaria prestatu genuen: solomoak patata purearekin zein entsaladarekin, garagardoen laguntzaz, noski. Afalostea elkar gehixeago ezagutzeko baliatu genuen, baina berandu baino lehen egin genuen ohera.

2. eguna: Ziordia - Urbasa

Sakanako bihotza atzean utzi, eta 08.30etan abiatu ginen maldan gora. 16 kilometroko ibilbidea genuen aurretik, eta helmuga, Urbasa. Aterpetxetik atera, eta Olaztirantz abiatu ginen, bertatik hasten baitzen Urbasara igotzeko senda. Herrian geldialdi txiki bat egin, eta basoan sartu ginen Urbasa mendikatera igotzeko. Lagun asko beldur ginen aldapa itzela omen zelako, baina gogotsu ekin genion malda igotzeari eta bereahala heldu ginen gora, 900 metroko altitudera. Goian, bistez gozatu eta hamaiketakoa egin genuen, maldan gora xahututako energia berreskuratzeko.


Bidearekin jarraitu baino lehen, etapan hainbat buruhauste eta barre-algara ekarriko zituen jokoa hasi genuen: norbaitek "bai" esanez gero, eskuz esku zebilen goma pasako zitzaion. Aterpetxera heltzenean, pultsera zeramanak, erronka txiki bat zuen:  beste bi kideen laguntzaz antzerkia prestatzea. Jolasa azalduta, euria etorri zitzaigun; beraz, xirak jantzi genituen bidea jarraitu baino lehen. Baso liluragarri eta lautada irekiak tartekatu ziren ondorengo kilometroetan. Dena den, euria eta nekea gero eta nabarmenagoak ziren, eta horrekin batera, aterpetxera heltzeko gogoa.

Ostatuan ogitartekoak bazkaldu, dutxatu, tximinia piztu, eta kafe bero-beroak hartu genituen. Eguneko gonbidatua heltzear zen, Castillo Suarez! Poetak "Irautera" eta "Alaska" liburuak aurkeztu zituen eta baita poema batzuk irakurri ere. Begiak diz-diz jarraitu zituzten poemak eta malkoren bat ere isuri zen lerroartean. Olerkien artean naturaren eta literaturaren arteko loturez aritu zen, baita bere sormen prozesua azaltzen ere. Naturaren artearekin maiteminduta amaitu zuten saioa eta iraungo du zeharkalditik harago ere.

Behin gure gonbidatua agurtuta, jolasean aritu ginen garagardo artean. Bitartean, makarroi lapiko erraldoia prestatu zuen afariko bigarren taldeak. Afalostean, aterpetxeko kapera magikoan elkartu ginen (igandeko mezen antzera), eta bertan, gaubela ederraz gozatu genuen. 

Paula, Iñigok eta Auxkinek eskainitako antzerkiaz gain, Sergiok egiptologiaren inguruko hitzaldi interesgarria eman zuen, eta elkarrekin abestuz, egunari amaiera eman genion. Lotara joateko ordua heldu zen, egun gogorra baikenuen aurretik!

3. eguna: Urbasa - Galdio

Bezperan tximiniak goxatu arren, -1ºC-tan hasi genuen eguna, fresko bezain gogotsu! Hotz hasi, eta berba egitera etorri zen Eñaut Izagirre glaziologoa. Urbasako larreetatik Ubabako begiratokira heldu ginen; bertan, Urederraren sorrera geologikoaren azalpen interesgarria eman zigun Izagirrek. Horrez gain, glaziazioen ondorioz sortutako geomorfologiari buruz ere aritu zitzaigun.

Bakedanoko portutik beheranzko bide malkartsuan behera egin genuen, Urederraren sorlekua ikusteko aukera ederra nahikoa ez, eta sai arreak (Gyps fulvus) izan genituen bidelagun. Konturatzerako Bakedanora heldu, eta bertan fruitu lehorrek asetu gintuzten; halere, tenperatura baxuak zirela-eta, ez genuen denbora luze eman eserita, eta gorputza berotzeko martxa egin genuen.

Zudaire zeharkatu, eta Barindanon basorantz sartu ginen; Monumentu Naturala izaki, Basaurako artea (Quercus ilex) ikustera. Basaurako kobarantz abiatzean, ugatz eder batek (Gypaetus barbatus) eten zituen Eñauten azalpenak. Aurrerago, Castilloren haritz-iratzeak (Polypodium sp.) topatzeko zortea izan genue. Leizera iristean, saguzaharren ugaltze-garaia izanik, ezin izan genuen barruraino sartu.

Leizetik Galdioranzko bidea hartu genuen basotik, eta ‘udaberriko adonisa’ (Adonis vernalis) ikusi ahal izan genuen. Zazpi Haritzak aterpera heldu, bazkaldu eta Eñautekin, eguna amaitzeko, errepasorako dinamika bitxi bat egin genuen. Arratsaldean lasai ibili ginen: dutxak, boleibol partidak, saguzarraren eta sitsaren jolasa… Iluntzean, tenperaturak behera egitearekin batera, euria hasi zuenez, aterpean batzuk luzaketak egiten aritu ziren; besteak, ostera, lasai mahai-bueltan.

Afaltzeko, hirugarren taldeak, egunduko afaria prestatu zigun: ilarrak patatekin, saltxitxak eta, postrerako, jogurtak. Afalostean, saguzar bila atera ginen; zoritxarrez, ez zuen arrakastarik izan; hortaz, barrura itzuli eta jolasean jarraitu genuen. Mikelek, Paulak eta Auxkinek Goazenen parodia itzela eskaini ziguten. Amaitzeko, psikologo-psikologon ibili ginen, barre itzelak egin genituen! 00:30ak aldera gehiengoa ohera joan arren, talde txiki batek saguzar bila bigarren espedizioa antolatu zuen, oraingoan ere arrakastarik gabe.

4. eguna: Galdio - Abaigar

Goizeko lehen eguzki printzekin esnatu ginen, iratzargailuak 7:30ak zirela gogorarazi zigunean. Gosaldu, eta bezperako agujetekin abiatu ginen Abaigarrera; aurretik 22 kilometro genituen. Aitor Larrañaga Arrizabalaga EHUko “Stream Ecology” taldeko kidea izan genuen bidelagun.

Galdio zeharkatu, eta Lokiz mendilerroko igoera maldatsua gora egin genuen euripean. Hasierako zuhaitzez inguratutako bidezidorra haitzez inguratutako bide malkartsu bilakatu zen; emeki-emeki egin genuen gora. Goian Larrañagak bailarako ibaien eta ingurune hartan gizakiak izan duen eraginaren inguruko hizketaldi bat eskaini zigun.             Eguraldiak baretzera egin zuen pixkanaka, eta lautadatik Eulz, Arbeitza eta Lizarra ere ikus zitezkeen.

Erdibidean arazotxo bat izan genuen: bidea poliki-poliki itxi egin zen, sastrakaz betetako ingurune batera iritsi arte. Zenbait zalantzen ondoren, zuhaitz artetik jarraitzea erabaki genuen. Apurka-apurka, Aitorren laguntzaz, bidezidor inprobisatutik mendilerroko haitz erraldoien gainera atera ginen. Bista txundigarriak izan genituen, eguneko politenak, zalantzarik gabe. Haizeak gogor jotzen zuen, beraz, argazki batzuk atera eta aurrera jarraitu genuen Sartzaleta mendiaren gailurrera iritsi arte. kilometroan. Bertan Izarok eta Eneritzek erpin geodesikoen inguruko hitzalditxo bat eman ziguten

Nahiz eta gure asmoa Gauzako mendatetik metro batzuk jaitsi eta hormatik gertu jarraitzen duen ibilbidea egitea izan, Sai zurien kumaldia zela eta bidea itxita topatu eta Gauza herrirantz jaistea erabaki genuen. Herrian bazkaldu ostean, Aitorrekin bertako errekaren kontserbazio-egoera eta ekosistemen berreskuratze-proiektuen inguruan hitz egin genuen. Ollogoien gurutzatu eta Murietarako bidea hartu genuen artadi batean zehar, Murietako harrobia pasa eta herrira heldu arte.

Murietan Ega ibaiaren inguruan bildu ginen etapako azken hausnarketak egiteko. Aitorrekin ikusitako paisaia aztertu genuen, ekosistemak kontserbatzeko neurriak zeintzuk izan beharko liratekeen hausnartu genuen eta legedian naturgune babestuak kudeatzeko jasota dauden neurrien eraginkortasunaz ere aritu ginen. Abaigarreko euskal udalekuetako aterpetxera heltzeko falta zitzaigun azken kilometroa egin genuen, bertan Aitorri eskerrak eman eta agur esateko. Abaigarko frontoian palan jolastu; afaldu eta Enekoren, Garaziren eta Auxkinen antzerkiaz gozatu genuen. Hango udalekuetako umeen gisan, goxo-goxo egin genuen lo.

5. eguna: Abaigar - Iratxe

Azken egunean, aurreko egunetan baino beranduago esnatu ginen, ibilbide pixka bat laburragoa egingo genuela pentsatu baikenuen bezperan. 09.30ak aldera ekin genion 13 kilometroko ibilbideari.

Abaigarretik hasi eta lehen geralekua Monjardineko gazteluan egin genuen. Bertara heltzeko ibilbidea ez zen gogorra izan, ez baitzegoen aldapa handirik. Eguraldia gure alde, pixkanaka gaztelura hurbildu ginen. Aurreko lau egunetako kilometroen eta lo faltaren ondoriozko neke aurpegiak nabariak ziren gure artean.

Gaztelura iristean hamaiketakoa egin genuen. Iparraldean Urbasako natur parkea, ekialdean Jurramendi eta hego-mendebaldean Gasteizko mendien paisaiaz gozatzea besterik ez zitzaigun geratzen. Bertan zegoen kanpaia astindu eta Beñaten dronarekin bideo zein argazki ederrak atera genituen.

Ibilbidea amaitzeko Monjardinetik Iratxerako bidea hartu genuen; ez zen oso luzea ezta gogorra ere. Iratxera iritsi eta bost eguneko ibilbideari merezitako amaiera eman genion. Urdaiazpiko eta gazta ogitartekoak ez du sekula horren zapore ona eduki!

Autobusaren zain geunden bitartean bazkalosteko kafea hartzera joan ginen Iratxeko kanpinera. Azken orduak elkarrekin lasai egoteko aprobetxatu genituen, azken egunetan gertatutakoak oroituz. Elkar agurtzeko unea iritsi zen eta nekatuta bezain asebeteta esan genion agur 2023ko zeharkaldiari!

Irteerako argazkiak

Leave a comment

Please login to leave a comment.

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...