Yellowstoneko supersumendi ezkutua
Geologoek ez dute deskribapen apropos bat supersumendi hitza ezagutarazteko, baina ehundaka kilometro kubikoko ateraketa eztandatsua eragin dezakeen erupzio bat definitzeko erabil dezakegu, galdara bolkaniko handi baten sorrera eraginez.

Mendiminez bloga | 2013/01/11 (azken aldaketa: 2013/01/11 ) | Egilea: | Bisitak: 1684
Yellowstoneko supersumendi ezkutua
Yellowstone Parke Nazionaleko Grand Prismatic Spring iturri termala.

Zorionez, bolumen handiko erupzio hauek oso arraroak dira eta garai historikoan zehar ez da bat ere izan. Interes partikularra duen supersumendi bat Yellowstoneko (Wyoming) galdara bolkanikoa sortarazi zuena da. Etengabeko lurrikarek eta aktibitate hidrotermalak (iturri termal eta geiserrak) bulkanismo berritu bat posible dela gogorarazten digute.

Yellowstoneko galdara, izen bereko Parke Nazionalaren mugetatik barnera kokatzen da. Parkea gainera, Estatu Batuetan izendatu zen lehen parkea izan zen. Yellowstoneko Parke Nazionalaren ezaugarri nagusiak bertako paisaia ikusgarri, bizitza basati, lohi irakin, iturri termal eta geiserrak (bereziki Old Faithful ezaguna) dira, baina ostera, bisitari gutxik dakite eskualdearen historia bolkanikoa. Lurrazpian magma masa handi bat dagoela onartzen dute geologoek, eta batzuek gainera, Yellowstoneko galdara aktibo dagoela uste dute.

Yellowstoneko supersumendi ezkutua
Yellowstone Parke Nazionalaren kokapena, eta barnean aurkitzen den galdara bolkanikoa. ©NationalGeographic


Hiru aldi bereizietan, Yellowston inguruko supersumendien erupzioen ostean, lurrazal azpian magma riolitiko pilaketak eman ziren (lurrazal kontinentala urtzean eratuak). Erupzio bakoitzak pumita (piroklasto besikularra) eta errauts bolkanikodun estaldura bat utzi zuten, gainazalaren kolapsoa eta galdara handi baten sorrera eraginez aldi bakoitzeko. Hortaz, Yellowstoneko historia bolkanikoa horrela laburbildu daiteke: erupzio supersumenditsuak duela 2,1 milioi urte, 1,3 milioi urte eta 640.000 urte eman zirela. Azkenengo erupzio handi honetan sortu zen gaur egun ezagutzen den Yellowstoneko galdara.

Hiru erupzio superbolkaniko hauen garrantzia zenbaterainokoa izan den irudikatzea nahiko zaila da. Izan ere, aireko errauts eta fluxu piroklastikoek Yellowstoneko zein inguruko eremuak estaltzeaz gain, Estatu Batuetako mendebal eta Mexiko iparraldeko eremuak ere estali baitzituzten. Erupzio-gune barnean sortutako errauts bolkanikodun hodeitza eta bero itzelean ezingo luke ezerk biziraun.

Azkenengo erupzio supersumenditsutik, magma riolitikoa pilatzen joan da galdara azpian, galdararen gainazala jasoz eta domo berpiztu izenarekin ezagutzen diren altxaketak sortuz. Berdinketa zehatzak erakusten du galdararen gainazala igotzen ari dela, 80 zm baino gehiago 1923. urtetik. Eta 150.000-75.000 urte-epean, material piroklastikodun 1.000 km3 baino gehiagoko masa pilatu zen galdara barnean. Horren adibide da Yellowstoneko toba bolkandarra (tufo ere deitua), zeinetan izen bereko ibaiak arroil mehar eta ederra eratu duen denboraren poderioz. 

Geologo askok uste dute eremuaren azpian mantuko luma bero bat dagoela (luma mantelikoa), hau da, mantutik goraka ateratzen den masa magmatiko zilindriko bat. Magma hau gainazalera hurbiltzen denean erupzio bolkanikoak ematen dira, eta magma gainera riolitikoa denez, ateraketa hauek bereziki eztandatsuak dira. Yellowstoneko puntu beroa, horrela deitzen baita, Lurrean aurkitzen diren puntu apurretako bat da.

Yellowstoneko supersumendi ezkutua
Galdara bolkaniko ezberdinen agerpena luma mantelikoaren mugimenduaren arabera. ©NationalGeographic


Yellowstoneko supersumendi ezkutua
Plaka iparamerikarra handitu hala, aurretiaz subdukzio gunean sortutako luma mantelikoak toki berean jarraitzen badu ere, gainazala mugitu egin da. ©NationalGeographic


Yellowstoneko supersumendi ezkutua
Yellowstoneko galdara bolkanikoak izan dezakeen forma hipotetikoa. ©NationalGeographic


Yellowstoneko supersumendi ezkutua
Azken 2 milioi urteetan emandako 3 erupzio supersumenditsuetan ateratako errauts-hodeien hedapena eta magnitudea. ©NationalGeographic


Yellowstoneko supersumendi ezkutua
Old Faithful geiserra, aktibitate termalaren erakusle.


Yellowstoneko supersumendi ezkutua
Mammoth Hot Springs iturri termalak, ura bero irtetzearen erantzuna magmaren gertutasuna delarik.


Yellowstoneko supersumendi ezkutua
Yellowstone ibaia, aipatutako toba bolkandarraren higatzaile nagusi.




Comments (2)

  • Antton Alberdi

    Antton Alberdi

    11 January 2013 at 16:08 |
    Ederra artikulua Eñaut, irudi eta infografia ikusgarriarekin. Ez nuen Grand Prismatic Spring delakoa ezagutzen, ikaragarria.

    reply

  • Maialen Sistiaga

    Maialen Sistiaga

    24 January 2013 at 13:58 |
    Oso polita! Orain lasaiago noa!

    reply

Leave a comment

Please login to leave a comment.

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...