Albisteak

Kutsadura elektromagnetikoa mintzagai Iruñean
EEKNE elkarteak uhin elektromagnetikoei buruzko hitzaldiak antolatu ditu larunbaterako

2012/11/20

9 iruzkin
bisita

ASANACEM-EEKNE kutsadura elektromagnetikoaren kontrako elkarteak telefono mugikorrek, wifiak, antenek, eta abarrek igortzen dituzten uhin elektromagnetikoek gure osasunean eragiten dituzten kalteak salatzeko jardunaldia antolatu dute Iruñean, hilaren 19an.


Kutsadura elektromagnetikoa mintzagai Iruñean
Telefono mugikorrek uhin elektromagnetikoak igortzen dituzte

Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) eremu elektromagnetikoak balizko minbizi eragileak direla onartu zuen orain dela urtebete baino gehiago eta, horren harira, Europako Kontseiluak 1815 ebazpenean biztanleak eremu elektromagnetikoetatik zaindu behar direla eskatu zuen. Baina Europan gutxi dira gomendioak jarraitu dituzten estatuak eta, areago, Espainian geroz eta telefono-antena gehiago jartzen ari dira, adibidez (larriena, eskoletan eta etxebizitzetan jartzen dituzte). Halaber, gobernuek (estatukoak nahiz erkidegoetakoek) kutsadura elektromagnetikoak osasunean daukan eragina ukatzen jarraitzen dutela salatzen dute eremu elektromagnetikoek kaltetutakoen elkarteek. Gauzak horrela, ia ez dago lekurik eremu elektromagnetikoen eraginetik at, eta gehienetan norberaren borondatearen kontra izaten da lanpostuan, eskolan, leku publikoetan... ere egoten direlako.

Bada, uhin elektromagnetikoek osasunean duten eraginaz jardungo dute larunbatean, hilaren 24ean, goizeko 10.30etatik 13.00etara Iruñeko Plaza de la Cruz B.H.I.-ko areto nagusian. Sarrera doan izango da, eta bertan izen handiko hizlariak egongo dira (besteak beste MªJesus Azanza Biologia eta Magnetobiologian katedraduna eta magnetobiologia ikerketan aditua).

Eremu elektromagnetikoaren kontrako elkarteek argitu nahi izan dute haiek ez daudela ez internet ez eta komunikabide modernoen kontra. Izan ere argi dute, esaterako, interneterako sarbidea posiblea dela WiFi-rik gabe, zuntz optikoa edo kableak konexio seguruagoa eta azkarragoa baliatzen baitute. Gobernuei eskatzen dietena biztanleak informatu eta osasunean eraginik ez duten teknologiak bultza ditzatela da.

Iturria: ASANACEM-EEKNE

Estekak

Jardunaldiaren egitaraua

Comments (9)

  • Josu

    Josu

    21 November 2012 at 16:00 |
    Zuzentasun zientifikoaren ikuspuntutik ez zait artikulu zehatza iruditzen. Egun bi iritzi ageri dira gai honekiko eta, zehaztasunaren izenean, biak jaso behar liratekeela uste dut . Bestetik OMEren "ezetz ezin dela esan" artikuluan "baietza" bihurtzea eta eskoletan telefono-antena gehiago jartzen ari direla esatea ez dut uste zuzena denik.
    Interesgarria izan daiteke elektromagnetismo naturalaz aipamenik egitea bide batez.
    Artikulu honen bidez eta lehenago egindako beste antzeko batek webgune honi sinesgarritasun maila jeistarazten diola iruditzen zait niri.

    reply

  • Garikoitz Perurena

    Garikoitz Perurena

    21 November 2012 at 21:23 |
    Kaixo Josu.

    Lehenik eta behin esan nahi dut iritziak iritzi, nireak ez baizik eta albistean elkarte horren hitzak besterik ez ditut jaso, kazetaritzan zilegi den legez (irakurri bestela "...salatzen dute eremu elektromagnetikoek kaltetutakoen elkarteek" edo "...argitu nahi izan dute..." bezalako esaldiak), izan ere idazki hau albistea izaki testua objektibotasunez idaztea izaten baita betiere nire helburua. Lortu ez badut, barkaidazu, baina zinez hori izan da nire helburua.

    Bestalde, eta orain bai nire iritzi pertsonala idaztera noa, uste dut OMEren "ezetz ezin dela esan" horrek automatikoki badaezpadako printzipio eta neurri guztiak aktibatu beharko lituzkeela. Alegia, ez dago argi eragiten duten ala ez. Baina, demagun hemendik urte batzuetara eraginak agertzen direla. Orduan egongo al da zer egiterik? Hemendik urte batzuetara eraginik agertzen ez bada, kalte bakarra webgune xume batean idatzitako hitz zokoratuak baino ez dira izango. Kalterik ez balizko minbizi eta gaitzen aldean.

    Eta elektromagnetismo naturalaz ere luze eta zabal idaztea ez legoke batere gaizki. nire iritzi pertsonala da elektromagnetismo artifiziala ez bezala, beti bizi izan garela elektromagnetismo natural horren eraginpean. Baina elektromagnetismo berri-artifizial hau orain denbora gutxikoa da, eta uste dut eraginak (agertzekotan) ikusteke daudela. Edonola, errepikatzen dut, nire iritzi pertsonala da, eta horregatik ez dut albistean isladatu (objektibotasunaren mesedean).

    Edonola, irakurleak baditugula jakiteak pozten nau, bai eta haien (zuen/zure) iritziak irakurtzea, noski. Gainera, webgune honetan parte hartu dezakezuela gogorarazten dizuet (dizut). Asko eskertuko dugu zuen laguntza.

    Azkenik, ez da nire helburua webgune honen sinesgarritasuna kaltetzea. Eta, benetan, hala izan dela uste baduzue barkaidazue. Pozten nau bizitza sinegarritasunaren bila bizi den jendea badagoela jakiteak. Eskerrik asko!

    reply

  • Josu

    Josu

    01 December 2012 at 14:24 |
    Kaixo Garikoitz:
    Berriro irakurri ditut hau zein ekaineko artikulua,
    http://www.euskalnatura.net/harian/albisteak/natura/item/ekainaren-24a-kutsadura-elektromagnetikoaren-kontrako-eguna helbidekoa. Eta bertan zera diozu, Garikoitz: OMEk eremu elektromagnetikoak minbizi eragileak direla onartu zuela eta eskoletan ere geroz eta telefono-antena gehiago jartzen ari direla.
    Baieztapen biak, ez dira zuzenak; sentsazionalistak, nire ustez. Frogarik, daturik, ez da zehazten eta ekainekoa iturri gisa Euskalnatura da, ez da beste inoren hitzik aipatzen.
    Gainera wifia eta telefonia mugikorraren teknologia nahasteko joerak ez du irakurlea ezertan laguntzen, ondo dakigu espektro elektromagnetiko ezberdinetakoak direla eta intentsitate oso ezberdinekoak. Ionizatzaileez eta ez -ionizatzaileez luze hitz egin daiteke gainera. Eremu elektrikoek (kableetatik doazenak) eremu magnetikoak sortzen dituztela aspalditxo frogatu zuen Hans Christian Ørsted, frogatua.
    Oker jaso ez badut, frogatuta dagoen bakarra zera da: "eremu elektromagnetikoek beroa sortzen dutela" (mikrouhin labea horrez baliatzen da). Eta hemen OMEk, badaezpadako printzipio ezarriz, telefono mugikorrak belarriaren kontra jartzeko dugun ohiturari erreparatuz, garunera bero hori igor daitkeeela kontuan hartuz, badaezpada gaztetxoen telefonoen erabilera "kontrolatzea, mugatzea, aholkuak" ematea onetsi zuen, helduak telefonoa garunetik aparte jartzeko zentzudunagoak izango garelakoan pentsatuaz.
    Zorionez, WhatsApp-ak asko aldatu ditu gauzak eta garunetik urruti jarri ditu gure gaztetxoen segapotoak.
    Hezitzaile gisa, teknologia hauekiko menpekotasunak kezkatzen nau niri, teknologiari bai, modu orekatuan esango nuke nik. Asko dugu egiteko. Debekuak ezartzea? Aukera bat da; heziketa bestea. Osasunean hezitzea alegia.
    Baina osasunean hezitzea kontzeptu integrala da; nire ustez, ez du zentzu handirik kotxea nolanahi erabili, haririk gabeko TB, garaje, kotxeko, musika kateko... mandoak etengabe erabili, argindarra barra-barra kontsumitu (guztiak uhin elektromagnetikoen igorle) eta, dorre elektrikoak, telefonia eta wifiari buruzko kritika soilak egitea.
    Uhin elektromagnetikoetatik ihes egin nahi duenak aparailu elektriko guztiei uko egin behar die. Eta bide batez konbustio modu guztiei (ibilgailu, berogailu...) uko egitea aholkatuko nioke.
    Gainontzekoan, Euskalnatura sortu zenetik, parte hartu dudan moduan parte hartzen jarraitzeko asmoa dut Garikoitz.
    Izan ongi!

    reply

  • Garikoitz Perurena

    Garikoitz Perurena

    04 December 2012 at 17:55 |
    Kaixo berriro ere, Josu.
    Egun hartako albistearen iturria euskalnatura zela jarri nuen nik neuk ikusi ahal izan dudalako Iruñerriko zenbait eskoletan (Burlatako ermitaberri, Antsoaingo Patxi Larrainzar...) antenak jartzeko ekimenak zeudela. Baina, askotan gertatzen den bezala, horrelako albisteak izkutuan izaten dituzte eta zaila da zinez horren ingurukoak topatzea agerkari klasikoetan. Eta eskoletan ez bada, kasu batzuk behintzat badaude eskoletatik 100 metro eskasera antenak jarri dituztenekoak. Eta niretzat, eskolako bertako sabaian ez bada ere, 100 metrotara jartzea eskolan bertan jartzea bezain kaltegarria da. Niretzat. Baina baliteke oso sentsazionalista jokatu izana, ez dut ukatzen.
    Wifiari dagokionez, ez naiz gai honetan aditua, eta horregatik beste adituen iritziaz fido naiz. Alegia, BBC kateak egindako panorama dokumentalean Ingalaterrako eskolako gela batean wifiak eragiten zuen erradiazioa telefono-mugikorren antena batek eragiten zuena baino 3 aldiz handiagoa zelako datuaz. Gezurra dela? Agian bai. Agian ez. Bestalde, Washingtongo Unibertsitateko ikerlari den Henry Laik 3000 ikerketa aztertu eta gero onartzen du ez dagoela emaitza argirik. Orain arte wifiari buruzko ikerketen erdiak eragina badagoela diotelako eta beste erdiak eragina ukatzen dutelako. Halere, kontu honetan oinarri-oinarrizko printzipio bat argi egon behar da: frogatu behar dena ez da uhinen kaltegarritasuna. Frogatu beharrekoa uhinak kaltegabeak direla da (noski, uhinak gurean mugarik gabe hedatzen hasi baino lehenago); eta eremu elektromagnetikoek kalteak sortzen dituztela esaten duen ikerketa bakarra baldin badago, horrek nahikoa beharko luke arreta printzipioa aplikatzeko.
    Azkenik, ez nago ados "uhin elektromagnetikoetatik ihes egin nahi duenak aparailu elektriko guztiei uko egin behar diela" esaten duzunean. Izan ere, nik informazioa besterik ez dut eskatzen, gizarteari informazioa helarazi behar zaio, eta informazio horrekin gero norberak egin dezala nahi duena (nahiz eta egia ere baden baten erabakiak besteoi ere kaltea ekar diezaigukeela). Nik onartzen dut haririk gabeko teknologia izugarrizko aurrerapena izan dela. Baina izugarri hedatzen ari den teknologia dela uste dut, agian eraginak zeintzuk diren argi egon baino lehen. Gainera, Suizan, txinan, Italian, Austrian, Belgikan... erradiazio mugak hemen baino zorrotzagoak dira (hau da, erradiazio potentziak askoz ere txikiagoak dira) eta teknologia horrek berdin berdin erabiltzen jarraitzen dute.
    Edonola, berriro errepikatzen dut, ez naiz gai honetan aditua eta erantzunak ahal dudan modurik egokienean ematen saiatzen naiz, albisteekin ere egiten saiatzen naizen bezala (ez gai honekin soilik, egunero-egunero irakurri eta gure web orrialderako idazterako orduan topatzen ditudan gai guztiekin ere), aurrekoan esan bezala objektibotasuna bermatu nahiean betiere.
    Pozten nau euskalnaturan parte hartzeko asmoa duzula jakiteak.
    Izan untsa!

    reply

  • Garikoitz Perurena

    Garikoitz Perurena

    04 December 2012 at 18:01 |
    Apuntetxo bat:
    Ikerketen baliozkotasuna onartzeko OMEk eremu elektromagnetikoen eraginetatik beroak sortutakoak direnak baztertzea eskatzen du ezinbestez*. Beraz, beroa ez eta bestelako eraginak sortzen dituzten ikerketak egon badaude.

    *M.J. Azanza, A. Del Moral. Posibles efectos biológicos de los campos magnéticos estáticos y alternos, de baja (0.1-100 Hz) y alta frecuencia (9.6 GHz y 13.6 GHz) en neuronas y astrocitos humanos, normales y de astrocitoma”. Zaragozako Unibertsitatea.

    reply

  • Josu

    Josu

    04 December 2012 at 21:53 |
    Munduko Osasun Erakundeak erabaki zuena erraz irakur daiteke http://zientzia.net/artikuluak/moek-mugikorrak-minbizi-eragileen-sailkapenean-sar/ helbidean.
    Eta uhin elektromagnetikoan zer diren nahikoa txukun azaltzen du http://asanacem.blogspot.com.es/2009/08/los-campos-electromagneticos.html
    Ondo esan duzun bezala irakurleak atera ditzala bere ondorioak, baina ez ditzala irratiz edo telebistaz zabaldu, hauek irrati seinaleak (uhin elektromagentikoak) erabiltzen baituzte eta.
    Nire aldetik besterik ez.
    Zorte on Garikoitz.

    reply

  • Josu

    Josu

    04 December 2012 at 22:00 |
    Barkatu! Azkeneko apuntetxoa! Aditu taldearen artikuluaren lotura jartzea ahaztu zait!
    http://zientzia.net/artikuluak/norvegiako-aditu-talde-batek-baieztatu-du-mugikorr/

    reply

  • Garikoitz Perurena

    Garikoitz Perurena

    05 December 2012 at 16:00 |
    Aditu horiek esaten duten guztiari kasu egingo al diogu?
    "Noruegak homosexualentzako saunak itxi nahi ditu ihesaren birusaren bidezko kutsadura gelditzeko" ( http://www.elmundo.es/elmundosalud/2008/06/26/hepatitissida/1214478184.html) - Aditu talde berdinak esanda.

    reply

  • Garikoitz Perurena

    Garikoitz Perurena

    05 December 2012 at 16:03 |
    Irratiek funtzionatzeko erabiltzen duten teknologiari dagokionez, hauek telefono mugikorrek erabiltzen dutena baino frekuentzia baxuagoa erabiltzen dute, eta ondorioz irratiek darabilten eremu elektromagnetiko horiek energia gutxiago erradiatzen dute. Baina beste desberdintasun bat ere badago. Irratiak uhin-hartzaileak baino ez dira, ez dute erradiatzen. Eta gure telefono mugikorrek, ordenagailuek… ostera, erradiazioa jasotzeaz gain, erradiatu ere egiten dute. Distantziarekin uhin elektromagnetikoaren materia zeharkatzeko gaitasuna izugarri jeisten da; hau da, erradiazio iturritik gertu energia pakete horiek erradiazio iturritik urrun baino materia zeharkatzeko gaitasun handiagoa dute. Beraz, irratiaren kasuan erradiazio-iturria (irrati-antena) gure irratitik oso urrun dagoenez (eta erradiazio horrek energia gutxiago emititzen duenez) eragina ez da sakelean dugun telefono mugikorrarena edo altzoan dugun ordenagailuarena bezalakoa, azken horiek guregandik oso gertu erradiatzen ari direlako (eta erradiazio horrek energia gehiago emititzen duelako).

    reply

Leave a comment

Please login to leave a comment.

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...