Naturaren balioaz
Natur ondasunen balio ekonomikoa mintzagai Globe Internationalen Goi-bileran

Ardura zaitez! bloga | 2014/06/16 (azken aldaketa: 2014/06/16 ) | Egilea: | Bisitak: 914
Gako hitzak: balioa, ingurugiroa, natura, prezioa

Naturaren balioaz
Argazkia: Wikimedia Commons

Ezin esan nezake zenbat balio duen itsaso batek. Edo zein den baso baten prezioa. Halere, badago horrelako kalkuluetan murgilduta dabilen jendea. Baina, ekosistema bat desagertzen denean galtzen diren funtzioak balio ekonomiko batean laburbil daitezke? Eta, kalkulu hauek natura salba dezakete ala ingurugiroa kapitalismoaren doinuaren menpe dantzatzera behartuko al dute?

Globe International mundu osoko legegileak biltzen dituen erakundea da. Haien hitzetan, "ingurugiroaren oreka" lortzea dute helburu eta ekainaren 6tik 8ra bitartean bigarren Goi-bilera ospatu zuten. Bertan natur ondasunei balio ekonomikoa jartzeko txosten bat aurkeztu zen. Txosten horretan ingurugiroa izugarri andeatzen ari dela onartzen da, eta kalte horien dimentsioaz arduratzeko balio ekonomiko bat ezartzea proposatzen dute. Dirudienez, horrek nazioarteko legedian inurugiroa babesteko neurri zehatzagoak bermatuko lituzke.

Asmo onekin idatzitako txostena dirudien arren, beldurra ematen didate natura eta kapitalismoa elkartzen dituzten konponbideak. Argi daukat naturak dituen balio espiritual, estetiko eta kulturalez gain onura ekonomikoak dakarzkiguten milaka funtzio betetzen dituela. Baina ez dut uste onura ekonomiko horietatik abiatuta ekosistemen funtzioei prezio bat jarri ahal zaienik. Horrek, besteak beste, mozkinak sortzen ez dituzten milaka funtzio mesprezatzea ekar dezakeela uste dut.

Globe International erakundearen aburuz, naturari esker dauzkagun irabaziak kuantifikatzeak Gobernuei ingurugiroa babesteko bultzada emango lieke. Ordea, ez al luke horrek prezio baten truke ingurugiroa kaltetzen jarraitzeko atea irekiko? Prest al gaude kalkulatutako prezio baten truke gure ekosistemak nola txikitzen dituzten besoak gurutze begira geratzeko? Zenbat balio du Zilbetiko basoak? Zenbat balio dute gure mendi eta larreek? AHTak ekarriko omen dituen onura ekonomikoek ordainduko al dituzte ingurugiroan eragindako kalteak?

Natura onura ekonomikoa dakarren funtzio multzo huts bat baino gehiago dela uste dut.

Estekak

Cuando a la naturaleza se le pone precio - IPS


Leave a comment

Please login to leave a comment.

Ardura zaitez!

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...