Zata arrunta
Caprimulgus europaeus

Enbor-azalarekin ederki kamuflatzen den hegazti txikia da zata arrunta. Oso hegalari abila da eta neguan Afrika hegoaldera migratzen du. Basoen argiuneetan bizi da eta intsektuez elikatzen da.

Caprimulgus europaeus

Phyluma
Chordata
Klasea
Hegaztiak
Ordena
Caprimulgiformes
Familia
Caprimulgidae
Deskribatzailea
Linnaeus, 1758
Estatusa
lc

Deskribapena

Zata arrunta tamaina txikiko (26-28 cm eta 41-101 g) hegaztia da, enbor azalaren antzeko lumaia kriptikoa daukana. Horri esker, egunean zehar inaktibo dagoenean kamuflatzeko aukera dauka. Helduek buru zapala eta zabala daukate, moko txikia eta begi marroi eta handiak, argi intentsitate baxuetan ikusteko baliagarri zaizkienak. Hegoak luzeak (57-64 cm) eta zorrotzak dira, baita buztana ere eta horri esker hegalari abila da (arkive.org). Buztana zeharkako lerro marroi-beltzez osatua dago; amaieran karratua da eta zabaltzerakoan 10 errektrizeko abaniko bat osatzen du (brinzal.org).

Dimorfismo sexuala kolore-patroiaren araberakoa da, arrak koloretsuagoak direlarik. Ar helduek lepo zuria izan ohi dute, baina maiz hau lerro bertikal gris edota laranja-marroixka batez banatua egoten da. Alde dortsala grisa izan ohi da, ongi markatutako lerro beltzekin. Bularraldea lerro beltzekin markatua daukate eta uhin itxurako lerro eskapular ilunak. Ezaugarri bereizgarrienak hegoetako kanpoko hiru primarioen zati distaletako eta buztaneko errektrizeetako orban zuriak dira. Emeak antzekoak dira, baina buztana  ilunagoa daukate eta ez daukate orban zuririk hegoetan. Kumeak emeen oso antzekoak dira, baina askotan argiagoak izaten dira, eskapuletan eta sabelean kontraste gutxiago dituztelarik (eol.org).

Kantua

Kantu mota ezberdin ugari erabiltzen ditu komunikatzeko: lurraldea defendatzeko, emea erakartzeko, txitek janari eske, etab. (eol.org).

Banaketa

Zatak paleartikoan dauka bere banaketa: iparraldean 60º-raino iristen da, hegoaldean Afrikaren iparralderaino, mendebaldean Irlandaraino eta ekialdean Mongolia eta Txinaraino. Europa guztian aurki daiteke, Eskandinavian eta Finlandia eta Errusia iparraldean izan ezik. Udako banaketa Afrikaren iparraldera mugatzen den arren, neguan zehar hegoaldera eta ekialdera migratzen du (animaldiversity.ummz.umich.edu).

Iberiar penintsularen iparraldeko erdian agertzen da nagusiki, hegoaldean eskasagoa delarik; hala ere, bere banaketa ez da oso ezaguna hegoaldean.
EAE guztian agertzen da, hiru probintzietan, 700 m-rainoko altitudean (nekanet.net).

Caprimulgus europaeus Caprimulgus europaeus

Habitata

Zata arrunta habitat eta altitude ezberdin askotan aurki daiteke: fruta-arbolak, makalak, urki gazteak, txilardiak, hezeguneak, baso borealak, koniferoak, sastrakadi mediterraneoak, belardiak, etab. Hala ere, altitude baxuetako basoetako argiuneak ditu nahiago, sastrakak, iratzeak eta gune hezeetan hazten diren bestelako landareak dauden lekuak (brinzal.org). Horrela, egunean zehar inaktibo dagoenean egoten den iskanbilatik at gelditzen da hein batean (eol.org).

Neguan Afrikara migratzen duenean, 5000 m-rainoko altitudean aurki daiteke (eol.org).



Habitat bereko espezie gehiago

Troglodytes troglodytes
Crocidura russula
Cuculus canorus
Otus scops
Accipiter nisus
Salamandra salamandra
Coracias garrulus
Motacilla cinerea
Dendrocopos minor
Rana temporaria
Bubo bubo
Jynx torquilla
Strix aluco
Pipistrellus nathusii
Sciurus vulgaris
Glis glis
Martes martes
Lacerta schreiberi
Dendrocopos major
Picus sharpei
Dryocopus martius
Dendrocopos medius
Accipiter gentilis
Erithacus rubecula
Ardea cinerea
Aquila pennata
Aquila fasciata
Aquila chrysaetos
Colias croceus
Neophron percnopterus
Galerida cristata
Pyrrhocorax pyrrhocorax
Plecotus austriacus
Rhinolophus hipposideros
Luscinia megarhynchos
Canis lupus
Suncus etruscus
Lanius senator
Dama dama
Fringilla coelebs
Microtus duodecimcostatus
Rattus rattus
Blanus cinereus
Chalcides bedriagai
Martes foina
Myodes glareolus
Hierophis viridiflavus
Myotis bechsteinii
Myotis nattereri
Plecotus auritus
Myotis myotis
Meles meles
Sus scrofa
Anguis fragilis
Vanessa atalanta
Nyctalus noctula
Turdus philomelos
Barbastella barbastellus
Phoenicurus phoenicurus
Erinaceus europaeus
Alauda arvensis
Scolopax rusticola
Mus musculus
Lepus granatensis
Lepus europaeus
Prunella modularis
Rana dalmatina
Talpa europaea
Talpa occidentalis
Hyla molleri
Garrulus glandarius
Sorex minutus
Crocidura suaveolens
Apodemus sylvaticus
Apodemus flavicollis
Sorex coronatus
Asio otus
Microtus lusitanicus
Microtus gerbei
Pipistrellus kuhlii
Nyctalus lasiopterus
Nyctalus leisleri
Pipistrellus pipistrellus
Rhinolophus ferrumequinum
Cyanistes caeruleus
Buteo buteo
Tyto alba
Miniopterus schreibersii
Alytes obstetricans
Oryctolagus cuniculus
Mustela erminea
Cervus elaphus
Vulpes vulpes


Elikadura

Zata arrunta intsektiboroa da eta ilunabarrean zein egunsentian hegan dabiltzan intsektuak harrapatzen ditu: sitsak, tximeletak, kakalardoak, txitxiburduntziak, marisorginak… (eol.org). Aho-ertz handia sare moduan erabiltzen du intsektuak harrapatzeko.

Afrikara migratu aurretik, elikagaien bidez eskuratutako gantzak metatu egiten ditu, bidaia errazago egin ahal izateko (brinzal.org).

Ugalketa eta ontogenia

Apirila bukaeran edo maiatzean itzultzen da Afrikatik. Itzuli bezain laster, arrek eme bat erakartzen dute eta lurraldea ezartzen dute kantuaren bidez. Gorteiluan zehar, arrek eme baten inguruan egiten dute hegan, askotan hegoak elkarren kontra joz edota planeatuz (arkive.org). Emea lurrera jaisten denean, arra ere jaitsi egiten da eta bere parean jartzen denean, elkarrekin kulunkatzen dira. Emeak kulunkatzeari uzten dioenean, arra igo eta jaitsi egiten da, hegoak eta buztana zabaltzen ditu eta kopulari ekiten diote. Bikoteak urtebetekoak izaten dira eta errunaldi bakarra edo bi eman ditzakete. Batzuetan bikoteak apurtu egin daitezke eta emeak beste ar baten habia zaindu dezake (eol.org).

Habiak arrek aukeratzen dituzte. Landaredirik ez dagoen gune bat izaten da, makil edota egur lehorren batetik hurbil dagoena normalean (brinzal.org). Errutea maiatza eta iraila bitartean ematen da. Oro har 1-3 arrautza zuri eta eliptiko (7-9,9 g) erruten dituzte (eol.org) eta lehen errunaldia goiz ematen bada, gerta liteke bigarren bat ematea sasoi berean (brinzal.org).

Inkubazioak 17-18 egun irauten ditu; txita jaio berriek luma marroi-gorrixkak izaten dituzte (brinzal.org). Arra eta emea, biak arduratzen dira kumeen zainketaz. Jaiotzetik 16-18 egunera hegaldi laburrak egiteko gai dira eta 16 egun beranduago erabateko askatasuna lortzen dute, baina urte bat pasa arte ez dute heldutasuna eskuratzen (eol.org). Ondoren, Afrikaranzko migrazioari ekiten diote, abuztua eta irailean (arkive.org).

Bizimodua

Egunsentian eta ilunabarrean mugitzen da zata. Egunean zehar deskantsatzen egoten den lekutik mugitzen bada, hurbileko beste zuhaitz baten adarrera baino ez da mugitzen (brinzal.org).

Askotan astintzen ditu hegoak elkarren aurka, bikotekidea agurtzeko, bere burua defendatzeko, etsaiak beldurtzeko eta gorteilurako. Horrela, elementu bisualak eta akustikoak konbinatzen ditu.

Espezie bakartia den arren, migrazio-garaian talde txikiak osatzen ditu (Bea, 2007).

Espezieen arteko elkarrekintzak

Zenbait harrapari natural ditu zata arruntak: Strigiformes generoko hontzak, azeria, sugegorriak, trikua, mika eta belea, besteak beste. Haemoproteus generoko odoleko bizkarroien ostalari ere bada (eol.org).

Kontserbazioa

Europan populazioak erregresioan daude. Honen eragile nagusiak habitataren eraldaketa da, batez ere, nekazaritza-lurrak, gero eta laborantza intentsiboagoa egiten baita, pestizida asko erabiliz. Horrez gain, hesi zinegetikoen aurka jota eta ibilgailuek harrapatuta ere hiltzen dira zenbait (Bea 2007).

Espezie hau kontserbatzeko umatze-habitatak hobetu eta kontserbatu beharko lirateke, eta horretarako ezinbestekoa da nekazaritza-jardueren kontrol bat eramatea, zentzuzkoak izan daitezen (Bea 2007).

Europan gutxi aztertutako espezie moduan dago katalogatua. Egungo egoera zein den jakitea komenigarria litzateke, baita populazioen eboluzioa ere, ematen ari den murrizpena dela eta (nekanet.org).

Esteka interesgarriak


Bibliografia


. . Animal Diversity Web. http://animaldiversity.ummz.umich.edu (2013/02/07)

. . Nekanet. http://www.nekanet.net (2012/11/02)

Bea A. 1999. Arriskuan dauden EAEko ornodunak. Eusko Jaurlaritzako Argitalpen Zerbitzua. Gasteiz
Egilea: | Sorrera: 2013/12/07 | Azken eguneraketa: 2014/08/22 | Bisita-kopurua: 1255 | Argazki nagusia: Aitor Arrizabalaga

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...